Johan eta Lopez, hirugarren
Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek bi jokoak irabazi dizkiete Jean Olharani eta Julen del Riori, eta 2023-2024 denboraldiko Eusko Label Winter Seriesaren podiumean sartu dira.
Eusko Label Winter Series txapelketa azkenengo astera ailegatu da. Domeka eguerdian [otsailak 18] erabakiko da bikote txapelduna. Goikoetxea-Lekerika edo Erkiaga-Ibarluzea. Horiekin batera, 2023-2024 denboraldiko podiuma osatuko duen bikotea, ostera, atzo [otsailak 12] erabaki zen. Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek lortu zuten hirugarren postua. Biarriztarra eta zumaiarra izan dira txapelketako bikote faboritoetako bat, eta finalean egoteko hautagaitzaren zergatia berretsi zuten atzo ere.
Jean Olharanen eta Julen del Rioren kontra nagusitasunez eskuratu zuten garaipena; bi jokoak irabazi zituzten: 15 eta 8 eta 15 eta 13.
Tanto politak, zalantzazkoak ere bai, eta baita lehia estuko uneak ere. Denetariko osagaiak izan zituen hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partiduak. Johan eta Lopez aurkariak baino hobeto hasi ziren. Aurkariak baino huts egite gutxiago egin, eta gehiago asmatu zuten. Olharani eta del Riori erritmoa hartzea kostatu zitzaien. Hiru puntura hurbiltzea lortu zuten (10-7), baina, ezin izan zioten bide horri jarraitu. Atzeko koadroetan zumaiarra gasteiztarra baino gehiago izan zen, eta Paueko aurrelariak baino emaitza hobeak lortu zituen Biarritzekoak. Partidua ederto bideratu zuen bikote horiak.
Bigarren setean horiak estutzea lortu zuten urdinek, eta zalantzazko jokaldi pare batean epaileek zalantzen txokora jo behar izan zuten tantoak erabakitzeko. 0 eta 3ko abantailagaz aurrera hartu zuten Olharanek eta del Riok. Gero, lau berdinketa izan ziren ia jarraian (3-3, 4-4, 6-6 eta 7-7). Bi bikoteak parean ibili ziren, eta lehenengo jokoan ez bezala, emozioa eragin zuten pilotazaleengan. Baina, 13nako berdinketagaz, hirugarren postua hirugarren setean erabakiko zela zirudienean, horien alde erori zen txanpona.
Estatistikei dagokienez, Biarritzeko aurrelariak hamasei tanto egin eta sei galdu zituen; egindakoen artean sei atzean, moztuta hiru eta sakez egindako bi izan ziren. Pauekoak dozena bat egin (bi paretaz egindakoak zazpi, moztuta Johanen beste eta errestoan egindako bat) eta hiru galdu zituen. Atzelarien artean, Lopezek ez zuen bakar bat ere galdu, eta sei egin zituen (moztuta eta atzean bina eta bi paretaz egindako bat). Del Rio, berriz, bere batez bestekotik urrun ibili zen; bi egin eta bost egin zituen; bere txik-txaka izan zen partiduko tanto ikusgarrienetako bat borobildu zuena.
Lopez bere lekuan eta lehiakor, esperientziak emandako patxadari eutsita eta seguru. Eta Johanek sasoi onean dela eta potentzial eta etorkizun handiko aurrelari gaztea dela erakutsi du txapelketan. Elkar ondo hartuta, bat egiten asmatu dute; bikote serioa osatu dute. Finalean sartu ez izanaren arantza badaukate ere, lan txukuna egin dute neguko txapelketa handian. Elkarrengandik eta elkarrekin “ikasteko” balio izan die, eta bien berbetan, “plazerra” izan da alkarregaz jokatzea. Garaipenagaz agurtzea “garrantzitsua” da, eta Jai Alai frontoiko publiko beroaren babesa atzo ere sumatu zuten.