Itsasoko animaliek bete dituzte Bermeoko kaleak
Aurten lehenengoz, herriko ikastetxeetako ikasle zein irakasleek kalejira bateratua egin dute gaur, aratuste martitzenean. Jai giroa ez da falta izan herrian, eta arratsaldean ere ez du etenik izango.
Itsasoko koloreez eta animaliaz bete dira Bermeoko kaleak gaur [otsailak 13], aratuste martitzenean. Ohikoa den legez, kalera atera dira herriko gazteak, eta tamaina eta kolore guztietako marmokek, olagarroek, marrazoek, txipiroiek, arrain txikiek, piratek edota urpekariek bete dituzte herriko txoko nagusienak.
Aurten, lehenengoz, herriko ikastetxeen kalejira bateratua egin dute, adin tarteka banatuta, eta gai bateratua ere jarri dute: itsasoa. Hala, itsasoaren mundu zabaleko animalia eta pertsonek girotu dute Bermeo. Bermeoko San Frantzisko Herri Eskolako ikasle guztiak marmokaz joan dira, denetariko koloreekin, eta Eleizaldekoek eta Sagrado Corazonekoak, berriz, denetariko itsas animaliaz edo ofizioz.
Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailakoak izan dira kalera atera diren lehenengoak. Bidegorrian hasi dute kalejira, eta Lameran amaitu. Txikienek, Haur Hezkuntzakoek eta LH 1 eta 2. mailakoek, berriz, Goiko plazara arteko bidea osatu dute Xaiborren laguntzagaz, festa giroan dantzan aritu dira bertan. Nagusienak āDBHko ikasleakā, berriz, Artza frontoira joan dira, disko festan elkartzeko.
Erroxapeko Martxako emakumeak ere kaletik ibili dira, euren musikaz kalekoak girotuz. Horiez gain, Ross Dantza Esklakoen dantza erakustaldiak bete du Lamera, eta arratsaldean ere, nekatu arte dantza egiteko aukera izango dute txiki zein nagusiek, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Disko Txiki Dantzan taldeagaz.
#bermeoaratuste24.
Kuadrilen mozorroen argazkiak bildu gura ditu Bermeoko Udalak aurten, eta sare sozialetan horiek partekatzea bilatu du #bermeoaratuste24 traolagaz. Hala, binaka edo taldeka Bermeon ateratako argazkiak Instagramera eta Facebookera igotzerakoan Bermeoko Udala izendatzeko eta traola erabiltzeko eskatu dute.
Zehaztu dutenez, argazkiak ezin izango dira iraingarriak edo diskriminatzaileak izan, ezta arrazakeria, sexismoa edo LGTBI fobia adierazi ere ez. “Argazkia sare sozialetan jartzen duena izango da argazki horietan agertzen diren pertsonen baimena jasotzeko arduraduna, batez ere, adingabeen kasuan.
Parte hartzen duen guztieen artean, delikatesen produktuekin osatutako otzara bat zozkatuko dute astelehenean.Ā