Eskualdeak koloredun soinekoa jantzi du, eta egunotan ez du erantziko
Aratuste jaiak ospatzen ari dira Busturialdeko herritarrak. Asteburuan hainbat herritan jai giroan aritu dira, eta ospakizunak ez du etenik izango datozen egunotan ere.
Inauterietan bete-betean sartuta dago Busturialdea. Han eta hemen, herritarrek mozorroak jantzi dituzte asteburuan, eta kalera atera dira. Denetariko egitasmoak eduki dituzte ondo atondutako egitarauek. Mozorroak eduki dituzte ardatz guztiek, baina, edozelan ere, mota guztietako ekimenak antolatu dituzte: aratuste sasoian hain ohikoak diren tostada dastaketak, desfileak, mozorro txapelketak, kalejira musikatuak, diskofestak eta abar luze bat.
Busturialdeko hainbat udalerrik Lanzko inauteriak ospatu zituzten, adibidez, Gautegiz Arteagan eta Busturian. Arteagarrek azken asteotako dantza tailerretan ikasitakoak plazara atera zituzten, Artie Dantza Taldeko kideen laguntzagaz. Busturiarrek ere, gogotik dantza egin zuten; saio hirukoitza egin zuten, hain zuzen ere. Altamiran, San Kristobalen eta Axpen aritu ziren jo eta ke.Bermeon ere, Lanzko inauteriek herriko kale, txoko eta bazterrak kolorez jantzi zituzten, zapatuan. 12:30ean hasita, kalejiran ibilbide ederra egin zuten bermeotarrek. Sancti Spiritus Zaharren Udal Egoitzan, Goiko Plazan eta Taraskan egindako geldialdiek bertaratutako herritarrak dantza batean ipini zituzten.
Lameran amaitu zuten bidea, aldarri eta irrintzi artean; ohiturari jarraituz, Miel Oxin pertsonaia erre egin zuten bertan. Jarraian, Artza udal pilotalekuan elkartu ziren, herri bazkaria egiteko. Coro Rociero Maika taldeko partaideak ere goiz osoan zehar kalerik kale ibili ziren, pasatzen ziren toki oro girotuz.
Jaiak ez du etenik.
Bermeotarrek, gainera, gaur izango dute aratusteetako egun nagusia. Herriko ikasleak eta Erroxapeko Martxako emakumeak inauterietako kalejiretan ariko dira goizez. Gainera, XXI. Tabernen Mozorro Lehiaketa egingo dute: izena emandako herritarrak tabernaz taberna joan beharko dira, mozorrorik onenen sariak nork irabaziko. Eguerdian, horrez gain, Ross Dantza Eskolako kideek emanaldia edukiko dute Lameran.
Eatarrek ere goi-goitik ospatu dituzte aratusteak. Zapatuan, gaztetxoenak izan ziren protagonista: herriko kaleetatik mozorro ibilbide musikatua egin zuten, Eskolondon txokolate janagaz eta Katapuntxispun jaiagaz amaitu arte. Mundakarrek herriko umeen eta txistulari taldearen danborrada egin zuten zapatu arratsaldean.
Domekan, ostera, inauterietako une berezienak bizi zituzten: Atorren eta Laminen etorrera. Herriko pertsonaia famatuek jendetza erakarri zuten Aratuste, aratuste eta Herri maite doinupean.
Gernika-lumotarrek Elai Alai Dantzari Taldeak prestatutako Marroen inauteriaz gozatu zuten zapatu iluntzean, Pasealekuan. Domekan, Gernika-lumoko Berbalagunek urteroko irrintzi lehiaketa egin zuten Foruen Plazan; hamabi kidek parte hartu zuten txapelketan. Antolatzaileak herritarren erantzunagaz “asebeteteta” agertu dira, baita ostean egindako kopauan bizitako giro ederragaz ere. Ospakizunak oraindik ez dira amaitu hainbat herritan: ibarrangelutarrek, kasurako, zapatuan [urtarrilak 17] kaleratuko dituzte mozorroak. Urteroko kalejira egingo dute, eta talde bazkaria ere bai. Gernika-Lumon, besteak beste, Urdaibai Kantagunekoen kalejira egingo dute, eta Arratzun, berriz, Xaibor DJa arduratuko da jaiak girotzeaz. Foruan, txokolate eta tostada janaren aho zapore gozoagaz ospatuko dituzte inauteriak.
Argazkiak: Gernika-Lumoko Berbalagunak, Irritzi Alai Busturia, Elai Alai Dantzari Taldea, Artie Dantza Taldea, Txebi Arriaga.