Bermeoko Udaltzaingoak billete faltsuak atzeman ditu
Bermeoko Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, aurreko astean, otsailaren 6tik 8ra bitartean, billete faltsuak atzeman zituzten herriko denda batzuetan. Aritz Flores udaltzainburuak argitu duenez, 10, 20 eta 50 euroko billeteak izan ziren. “Kasu batzuetan erosketak egiteko erabili zituzten, eta beste batzuetan, berriz, billeteak aldatzeko eskaera egin zuten dendetan”.
Gertakariak ikertu ostean, egileak identifikatu ahal izan dituzte, eta eginbideak ireki dituzte epaitegira helarazteko. Informazioa “berandu eta beste bide batetik heldu” zaiela azaldu du udaltzainburuak: “Hori dela eta, oraindik ezin izan dugu zehaztu zenbat dendatan saiatu diren billete faltsuak sartzen. Gainera, egileak bertan momentuan identifikatu beharrean, informazioa zuzenean jaso ez dugunez, denbora behar izan dugu horiek identifikatzeko”.
Herritarrei gogorarazi die mota horretako edozein gertakariren aurrean zuzenean Bermeoko Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko, “arinago eta modu eraginkorrago batean jokatu daitekeelako”. Horretarako, 092 edo 94-617 91 11 telefono zenbakietara deitzeko eskatu du.