Angel Txertudi busturiarrak irabazi du Ispasterko 28. kinttope txapelketa
Barikuan [otsailak 9] eta zapatuan [otsailak 10] lehiatu zuten sei parte hartzaileek.
Beste urte batez, Ispasterko Kinttopeko txapelketak ikuskizuna ekarri du herriko probalekura. Asko izan dira inguruko herrietatik Ispasterrera hurbildu diren herritarrak zaldiez gozatzeko. Bi jardunalditan lehiatu zuten, barikuan [otsailak 9] eta zapatuan [otsailak 10].
Lehen egunetik atera zen txapelduna. Angel Txertudi busturiarrak erakustaldia emanda eta nagusitasunez lortu zuen garaipena: 76 untzeko marka ezarri zuen. Urrun geratu ziren aurkariak. Bigarren Azkoitiko Txibilter izan zen 67 untzegaz eta podiuma Jatetxe Nabarnizek osatu zuen 64 untzegaz. Laugarren Aulestiko Ibekohondo izan zen 62 untzegaz, bosgarren Guriezoko Fermin Santamaria 61 untze eta 75 zentimetrogaz eta seigarren Zumaiako Talaia Jatetxea 54 untzegaz.
Bigarren platera. Barikuan [otsailak 16] emango diote Ispasterko bigarren lehiaketari, 38. Zaldi-Mando txapelketa. Lehendabiziko egunean Olea, Torrontegi eraketak eta Juan Uriarte ariko dira. Domekan [otsailak 18] 18:00etan Xanarta, Jose Iturriaga eta Talaia Jatetxeak lehiatuko dute eta astelehenean [otsailak 19] 20:00etan Jatetxe Nabarniz, Garcia alabak eta Fermin Santamariaren txanda izango da.