Jai, mozorro, irrintzi eta koloreen herria
Aratusteak nagusi dira eskualdeko udalerrietan. Denetariko egitarauekin ospatzen ari dira inauteriak Busturialdeko herritarrak.
Inauterietan bete-betean sartuta daude Busturialdeko bizilagunak. Han eta hemen, mozorroak armairutik atera dituzte herritarrek, eta kalera atera dira. Denetariko egitasmoz ondo hornitutako egitarauak prestatu dituzte eskualdeko udalerrietan. Kalejirak, diskojaiak, tostada edota txokolate janaldiak, mozorro lehiaketak nahiz desfileak dira nagusi asteburuan, baita datozen egunetan ere.
Bermeotarrek, esate baterako, goi-goitik abiatu dituzte aratusteak. Zapaturako [otsailak 10] prestaturiko ekimenen artean, Lanzko inauterien kalejira nabarmendu zen goizean. Herritarrak Gizarte eta Kultura Etxearen aurrealdean elkartu ziren 12:30ean, Lanzko aratusteetako pertsonaiak ardatz izan zituen kalejira egiteko asmoz.
KIETB erraldoi txikien konpartsak, Bermeoko Txosna Batzordeak eta Alkartasuna Dantza Taldeak elkarlanean prestatu zuten kalejira, zerbait izatekotan, arrakastatsua izan zen. Euriak ibilbidearen lehen txanpan bertaratutako zenbaiten aurpegiak kamustu baldin bazituen ere, ostarteak zabaltzeagaz eta eguzkia ateratzeagaz batera, jaia eta ospakizuna nabarmendu ziren. Harresi zaharra igaro, eta lehenengo geldialdia Sancti Spiritus hirugarren adineko pertsonentzako zentroan egin zuten. Bertan, dantzari taldetxo batek zentroko pazienteen irribarreak atera zituzten, denetariko dantzekin gozaraziz.
Ondoren, jaialdi bete-betean egin zuten Goiko Plazaraino. Ikustekoa izan zen hango giroa: plaza kolore uriola batek hartu zuen. Argi eta garbi geratu zen: Bermeo aratusteetan murgil-murgilduta dago. Kalez kale eta bazterrez bazter aritu ziren dantzan, aldarrika eta alai, Taraskara ailegatu ziren arte. Herritar ugari hurreratu dira han egin zuten dantza saiora ere. Azkenik, Lameran borobildu zuten Lanzko inauteria. Ohiturari jarraituz, Miel Oxin pertsonaiaren inguruan dantza egin zuten, eta azkenean iritsi zen hura erretzeko momentua. Miel Oxinen errautsak amatatu artean, Lameran poteoa, jai giroa eta, batez ere, aldarte koloretsua nagusitu ziren; izan ere, Coro Rociero Maikako kideak ere bertan aritu ziren giroa are gehiago berotzen, beraien karroa eta guzti. Eguerdian, Artza udal pilotalekuan herri bazkaria egin zuten.
Zenbat herri, hainbat plan.
Gainontzeko herrietan ere ez zen jairik falta izan. Mundakan, haurrak mozorrotuta eta herriko txistulari taldeak lagunduta kaleratu ziren zapatuan, danborrada egiteko. Domekan [otsailak 11], ostera, inauterietako egun seinalatuenaz gozatu zuten: Atorren eta Laminen kalejira. Jende pila bat elkartu zen goizetik udalerrian, eta eguerdian ekin zieten Atorrek urteroko-urteroko kalejira musikatuari; Laminak 18:00etan hasi ziren kalerik kale, plazatik aterata. Goiko Kalean elkartu zirenean gertatu zen jaietako une gorena: besteren artean, mundakarrentzat hain kutuna den Herri maiteĀ kopla herrikoia aho batez abestu zuten denek, hunkidurarako eta urtebete iraungo duen momentua gordetzeko.
Gautegiz Arteagan, Diskotxiki festa egin zuten frontoian, 19:30ean hasita, gaztetxoenek gorputza mugi zezaten. Busturian, ostera, inauterietako jaia 19:00etan izan zen, kultur etxean. Gernika-Lumon, Bermeon bezalaxe, usadio eta ohiturei tokitxoa gordeko zieten, Marroen inauteria egin baitzuten Pasealekuan, Elai Alai Dantza Taldeak antolatuta. Gainera, umeak Merkatu Plazan ere bildu ziren: 18:30ean, mozorro jaia egin zuten; 20:00retan, aldiz, txokolate eta tostada jana.
Eatarrak ere jai gogoz ibili dira inauterietan. Eskolondon elkartuta, herriko txokoetan barrena kalejira musikatua egin zuten, 17:30ean hasirik. Ez hori bakarrik: herria jai grinaz blaitu ondoren, Katapuntxispun Festa egin zuten, gazteenen gozamenerako. Indarrak berreskurarazi zizkioten txokolate janaldiagaz burutu zuten jaialdia.