Otsailaren 29ra arteko epea dute sortzaileek Laburbiran izena emateko
Laburmetraiak euskaraz egindakoak izan beharko dira, 2023an ekoiztutakoak eta 20 minututik beherakoak.
Euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitoa da Laburbira, eta 21. edizioa abiatu berri dute. Apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean egingo duten arren, otsailaren 29ra arteko epea dute sortzaileek euren lanak aurkezteko, Laburbiraren webgunean. Berrikuntza modura, aurten, ikusleek film labur onena aukeratzeko auker aizango dute.
Laburbiran parte hartuko duten laburmetraiek euskaraz egindakoak izan beharko dute, 2023an ekoiztutakoak eta 20 minututik beherakoak.
Martxoaren lehenengo astean aukeratuko dituzte Laburbira zirkuituaren 21.edizioan herriz herri eskainiko dituzten film laburrak, eta aukeraketarako irizpideak zeintzuk izango diren ere jakinarazi dute. Hori horrela, publiko guztientzako lanak izatea, sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka mantentzea, sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna bermatzea, genero ikuspegia jorratzea, eta bestelako ezaugarriak kontutan izango dituzte; hau da, euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa… ezaugarri horiek guztiak ere aintzat hartuko dituzte.
Zinemagintza hauspotzeko helburua.
Bi helburu nagusi ditu Laburbirak: alde batetik, euskal zinemagintza hauspotzea, zinemagileei euren lanak erakusteko aukera emanez, eta, bestetik, herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea. 20 urte bete ditu, 21.a da aurtengoa, eta “bide arrakastatsua” egin du.
“Euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da. Izan ere, zinema ekoiztea jarduera zail eta garestia da, eta film laburren sorkuntza izan ohi da zuzendariek zinemaren industrian hasteko daukaten modu bakarra”, azaldu dute arduradunek. Zentzu horretan, Laburbirak “berebiziko garrantzia” du autoreei eta euren lanei ikusgarritasuna emateko orduan, eta zirkuitu egonkor eta zabala eskaintzen duen neurreian, “industria osoaren pizgarri” moduan ere eragiten duela diote.