Gernikako ospitaleko hirugarren solairua Azpiakutuen Unitate gisa egokitzea eskatu dute legebiltzarrean
2016 eta 2020 bitartean Zainketa Aringarrien Planak Galdakaoko Ospitalean Busturialdeko eta Lea-Artibaiko biztanleentzat bideratzen zituen hiruzpalau oheak Gernikako Azpiakutuen Unitatean jartzea eskatu dute.
Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua Azpiakutuen Unitate gisa egokitzeko eskatu zuen atzo (otsailak 7) Oheen Aldeko Plataformak Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduren bitartez. Hain zuzen ere, 2016 eta 2020 bitartean Zainketa Aringarrien Planak Galdakaoko Ospitalean Busturialdeko eta Lea-Artibaiko biztanleentzat bideratzen zituen hiruzpalau oheak Gernikako Azpiakutuen Unitatean jartzea eskatu dute.
Hala, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko biztanleek Bizkaiko gainerako herrietako bizilagunen “irisgarritasun eta ekitate” bera izateko aldarria eroan dute legebiltzarrera: “14 urteko jarraipena egin eta gero, eta orain arte azaldutako datu eta argudioetan oinarrituta, uste dugu nahikoa arrazoi dagoela eskatzeko, behingoz, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko biztanleek Bizkaiko gainerako biztanleen aukera berdintasuna izatea; hau da, betiko ahaztuta dagoen eskualdeak izateari uztea”.
Diotenez, Gernikako Ospitalean ez dituzte nahi “ordaintzen diren oheak, egoitza batean zerbitzua ematen duten modukoak”; horren ordez, ospitaleetako zerbitzuak eskaintzen dituzten oheak gura dituzte. “Ez dugu Eibarko Ospitalekoa bezalako soilaru bat eduki nahi, Aita Mennirekin hitzartuta dagoena eta pribatizazioan oinarritzen dena. Ez”, gehitu dute ospitalean oheak jartzearen aldeko plataformakoek.
Aitortu dute ados daudela ohe soziosanitario publikoen beharrizana dagoen ideiagaz, baina horiek beste zentro batean eta aldundiaren kudeaketaren menpe egotea eskatu dute: “Aldundiak bere zerbitzu propioak hartu eta finantzatu beharko lituzke, eta Osakidetzak, aldiz, bereak. Ohe guztiak beharrezkoak dira, baina erakunde bakoitzak bere gain hartu behar du dagokiona kudeatzeko ardura“.
Izan ere, eskualdeotako paziente kroniko eta aringarriak Gernikako Ospitalean artatu ahal izatea aldarrikatzen dute, eta horrela, senideentzat ez izatea horren zaila pazienteei laguntzea, “Usansolora, Santa Marinara edo Gorlizera joan behar baitira gaur egun”.
Horrez gain, legebiltzarrean euren eskariak aurkezteko aukera hori beste aldarrikapen bat plazaratzeko baliatu zuten: Galdakaoko Ospitaleak bere zerbitzuetan obstetrizia eta pediatria zerbitzua ezartzea, horietarako erreferentziazko ospitalea Gurutzetakoa baita.