Ikasketa prozesua garatzeko espazio berdeak
Beste era batera ikasiz, ikasketa prozesuak garatzeko espazioak dira Gym Berdeak. Ume zein helduak ingurumena zaindu eta errespetatzeagaz jabetuta batzen dituen proiektua da Ean esku artean daukatena.
Lorezaintza ekologikoan oinarrituta, inguruak edertzeko eta hobetzeko lan egin, eta osasuna sustatzeko gunea da Gym Berdea, eta, Ean proiektuagaz jarraituko dute aurten ere. Atzo egin zuten urteko lehenengo saioa, eta proiektua “apur bat gehiago mimatzea” dute helburu, aukerak aprobetxatuta, “gehiago zukutu” gura dute. Ikasketa prozesua garatzeko espazioa izatea da asmoa. “Adibidez, matematika, marrazketa eta eskulanak landu daitezke ikasgelatik kanpoko proposamen honetan. Ortuak horretarako aukera eman digu”, azaldu du proiektuaren koordinatzailea den Keko Alonso biologo eta Besaiako kideak.
Gym Berdea proiektu bakarra da, baina “herri bakoitzean modu desberdinetan gauzatzen” dute. Esaterako, Ean proiektuaren “erdigunea” Natxituko Haizeder Eskola da. Hilean hiru saio egiten dituzte bertan, eta beste saio ireki bat egiten dute, deialdi zabalagaz, udalerriko beste txokoren batean–lekua txandakatzen joaten dira–. Gym Berdea Eskolan saioak familien topagune dira. “Larrabetzun 6 urtetik aurrerakoekin aritu ginen, eta iaz Ean 2 urtetik aurrerako umeekin hasi ginen. Berritasuna eta erronka izan zen, eta ikusi genuen posible zela”. Hala ere, dioenez, kontutan hartu behar da talde handiak eta adin-tarte zabalagaz osatutakoak izatean, “batzuk atzean gelditu” daitezkeela. Horregatik, kopurua murriztu, eta apurka-apurka “familiak inplikatzea” lortu dute. Saioetan batez beste hiru bat familia biltzen dira. “Ipar Ameriketan bazterkeria egoeran dauden umeen eskoletan erabili izan den estrategia da heldu eta umeen ratio igotzea, gurasoek parte hartuz. Errekurtso hori probatu dugu, eta hobekuntza igarri dugu”. Halaber, eskolaren eta familien harteko harremanak estutzeko, hurbileko harremanak bultzatzeko ere baliagarria dela uste dute.
Espinakak eta letxugak landatu zituzten atzo, Natxituan, eta baratzerako makilatxoak egin zituzten, landatutako barazkien esparruak neurtzeko. “Atzoko saioa oso polita izan zen. Zenbakiak eta idazketa lantzeaz gain, metroa hartu eta markatzen trebatzen dira. Ikasgelan ere egiten dute, baina, horrela, praktikan, zerbaitetarako dela ikusten dute. Ikasketa prozesuak asko hobetzen dituela deritzogu”.
Irailean egungo eraikina bota eta eskola berria eraikitzeko lanekin hastea aurreikusita dagoela zehaztu du Alonsok, eta ortua mantenduko badute ere, berriztatzen ari diren txabola bota egingo dute: “Txabolan naturgela sortzen ari gara, erramintak uzteko, espazio berdeko lana osatzeko”.
Hurrengo saioak. Azkenengo hiru urteetan basoak birsortzeko egindako proiektuak berrikusten hasiko dira. Martxoaren 16rako [zapatua] zehaztu dute saioa: “Urtubiagan orain dela bi urte auzolanean egindako landaketa aztertuko dugu, zeozer birlandatzeko beharra dagoen ikusiko dugu”. 10:30ean paper fabrika zaharra zegoen aparkalekuan elkartuko dira, eta parte hartzen dutenek euren aitzur edota palak eroan beharko dituzte. Joateko asmoa daukatenei aurretik jakinarazteko eskatu diete, lanak antolatzeko. Beraz, 673 14 67 40 telefono zenbakira deitu edo mezua bidalita edo enadenbegiak.ea@gmail.com helbide elektronikora idatzita jakinarazi beharko da (adin tartea ere zehazteko esan dute).
Bestelako saioa ere egingo dute Iñaki Gonzalo Laraudogoiti biologo eta erlezain eatarragaz, martxoaren 2an [zapatua], 10:30etik aurrera. “Apiterapia, erleekin terapia egiten du, eta beragaz landarediari eta faunari buruzko saio bateratua egingo dugu”. Ea errekaren ibaiertzeko landaredia ezagutu, eta Ola inguruko landaketaren berezitasunak ikusiko dituzte.
Proiektuagaz “ilusioz beteta” daude, parte hartzaileentzat onuragarria den jarduera izateaz haratago, ikasleek “hurbiltasunetik ikasten” baitute.”Abstrakziorako gaitasuna daukaten ikasleek ikasketa prozesuagaz bat egiten dute, eta ondo moldatzen dira. Baina, errealitatea ukitzea, usaintzea… behar dutenak, abstrakzio horretara jotzea gehiago kostatzen zaienak askotan atzean geratzen dira, eta ikasteko balio ez dutela sentitzen dute. Eta hori ez da horrela, beste era batera ikasten dute. Gym berdea baliatu gura dugu ikasle horiek atzean ez geratzeko, bat egiteko eta ikasteko gogoa ez erretzeko”.