Odol emateek behera egin dute Busturialdean
2022az alderatuta, 291 odol emate gutxiago zenbatu zituzten eskualdean iaz: 1.398 odol emate, hain zuzen ere. Eskualdean, Gernika-Lumon eman dute odola gehien, 955 odol emate. Odolkideek diote iazkoa urte "zaila" izan zela, "odolaren eskasia beste urte batzuetan baino larriagoa izan zelako".
Odol emate kopuruak behera egin du Busturialdean, izan ere, 2022an baino 291 odol emate gutxiago zenbatu zituzten eskualdeko herrietan iaz: 1.398. 2022an 1.689 izan ziren odol emateak eskualdean, baina iaz, behera egin zuen kopuruak. Zehatz esateko, 955 odol emate zenbatu zituzten Gernika-Lumon, 370 Bermeon, 31 Mundakan, eta 42 eskualdeko fabriketan (Maierren eta Losalen).
Nabarmentzeko datua da eskualdeko herri guztietan behera egin zuela iaz odol emate kopuruak, baina duela bi urte baino bost odol emate gehiago zenbatu zituztela eskualdeko fabriketan: 42. 34 odol emate izan ziren Maierren zenbatutakoak eta 8 Losalen erregistratutakoak. Hala ere, 159 odol emate gutxiago egon ziren iaz Gernika-Lumon, 118 gutxiago Bermeon eta 19 gutxiago Mundakan.
Beherantz egin du eskualdeko odol emate kopuruak orokorrean, eta Gernika-Lumoko Odolkideek esan dutenez, %14,3 egin du behera odol emateen kopuruak udalerrian. Dioetenez, datuak gorabeheratsuak izan dira azken urteetan, baina beti ibili izan dira 1.000 odol ematetik 1.450 odol ematerako tarte horretan: “2022ko 1.114 odol ematetik behera kokatu gara, 1.000 odol emateren langatik jaitsiz.. %14,3 egin du behera kopuruak Gernika-Lumon, Bizkaian modura, izan ere, lurraldean %11,58ko beherakada egon da”. Hain zuzen ere, azken urteetako datuei erreparatuta, 2004koak dira udalerriko onenak: 1.438 odol emate zenbatu zituzten urte horretan. Ordutik, urtez urte jaitsiz joan dira kopuruak, inoiz mila odol ematetik behera zenbatuz –965 odol emate egon ziren 2018an, eta 896 2019an–, iazko legez.
Hala ere, 35 odol emaile berri zenbatu zituzten 2023an, hemeretzi andrazko eta hamasei gizonezko. “Odol emaileen berriztea garrantzi handikoa eta ezinbestekoa da odol emateen iraunkortasunerako. Normalean gazteenak izaten dira emaile berriak”, adierazi dute Odolkideek.
Hala ere, emaile kopurua mantentzea “ezinbestekoa” dela azpimarratu dute. Izan ere, 955 odol emate zenbatu zituzten udalerrian iaz, baina horietako asko eskualdeko edo inguruetako herritarren ekarpenak izan ziren. “Garrantzitsua da emaile kopurua mantentzea, ze gaur egun Gernika-Lumoko bizilagunen emateak 650 izanda, OMEk autosufizientzia bermatzeko ematen duen gomendioa betetzen dugu; izan ere, 1.000 biztanleko 37 edo 38 pertsonatan kokatzen du kopuru hori, eta udalerriko bataz bestekoa 1.000 pertsonako 38,56 odol emailera ailegatzen da”, azaldu dute.
Autosufizientziarako beste datu baten arabera, 10.098 dira 18 eta 65 urte bitarteko udalerriko bizilagunak, eta horietatik 650 dira odol emaileak, udalerriko biztanleriaren %6,44; hau da, gomendatutako hiru eta bost pertsonen artekoa baino “askoz gorago” dago udalerriko bataz bestekoa. “Halanda ze, autosufizientzia datu bien arabera ondo betetzen ditugu gernikarrok gomendio horiek”, esan dute Odolkideek.
Busturialdean odola emateko kopurua jaitsi egin zen iaz, eta joera berdina mantendu zen Bizkaian. Izan ere, 34.349 odol emate zenbatu zituzten iaz, eta 38.846 odol emate egon ziren 2022n. Hala, iaz, 1.000 biztanleko 29,89 odol emate egin zirela erakusten du horrek. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, orokorrean, odol emateek behera egin zuten arren, %6,75ekoa izan zen beherakada, 78.064 odol emategaz; hala, 1.000 biztanleko 35,35 odol emate egon ziren.
Eskualdeotan jarritako autobusetan odola emateaz gain, aferesiaren bidez odola emateko aukera ere badago, eta horrela egin dute Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 15 aferesi odol emaileek Usansolon: gernikarrek aferesiaren bidezko hamasei odol emate egin dituzte, morgarrek, munitibartarrek eta muruetatarrek bina, eta hiru, aldiz, muxikarrek. Zehaztu dutenez aferesi bidezko odol emateak odoleko osagai bat edo bat baino gehiago berariaz ematea dakar; hau da, odoleko osagairen baten kopuru handiagoa lortzea ahalbidetzen du, gaixotasun zehatzentzat.
Balorazioa.
Odolkideek 2023a urte “zaila” izan zela ondorioztatu dute, odolaren eskasia beste urte batzuetan baino “larriagoa” izan zela gogoratuz. “Autosufizientzia helburua beteta egon arren, odol mailak estuago egon ziren. Odola emateko betiko era edo konbentzionala Europa osoan aldatzeko bidean dago; izan ere, odolaren erabileran beharrizan asko eta asko onkologia botika eta hemoderibatuak direlako”, azaldu dute, eta diotenez, horren ondorioa da plasmaferesiak “aparteko indarra” hartu izana. Zehaztu dutenez, plasmaferesia ematerakoan “hobeto aprobetxatzen da” odola bera: “Plasmaferesiaren bidezko ematean, odola ateratzen da, banatzaile zelular baten bidez odol zelulak banatzen dira, eta plasma gorde eta gainerako guztia emailerari itzultzen zaio”.
Bestalde, gizartearen zahartzeagaz batera, emaileak ere zahartu egin dira, eta, ondorioz, belaunaldien ordezkatzea derrigorra dela diote. Emaile guztiek erakusten duten jarrera “eskuzabala, solidarioa eta bihotz onekoa” gogoratu eta eskertu dute Odolkideek, “gizartearen osasun sistemaren beharrizana” betetzen dutelako, eta herritarrei odola ematera hurreratzeko gonbidapena egin diete: “Gure gaixoen, gure osasun sistemaren eta gizartearen onerako da. Odola ezinbestekoa da”.