Mundakako Udalak bat egin du pentsiodunen eskariekin
Mundakako udal gobernu taldeak onartu du Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari eskatzea gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko partaideek eskakizun hori mozio modura aurkeztu dute osoko bilkuran.
Mundakako udal gobernu taldeak bat egin du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) egindako aldarrikapenagaz, eta pentsiodun guztiek gutxieneko 1.080 euroko diru sarrera eduki dezatela babesten duen mozioa onartu zuen urtarrilaren 24an egindako udaleko azkenengo osoko bilkuran. Gobernu taldea osatzen duten alderdi politiko biek, EH Bilduk eta Herritar Alternatibak, bilkurara aurkeztutako mozioa eta bertan agertzen diren eskakizun nagusi biak onartu zituzten. Eskaerok honakoak dira: batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari 1.080 euroko eta 14 ordainsariko gutxieneko pentsioa bermatuta egon dadila eskatzea; bestetik, instituzio horiei biei jakinaraztea osoko bilkuran hartutako erabakia.
EHPMko kideek, osoko bilkurara eroandako mozioaren nondik norakoak azaldu asmoz, idazki bat aurkeztu zuten. Pentsioen auzia “urgentziazko eta justiziazko premia soziala” dela adierazita, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko “urratsak egitea” eskatu zieten. Erakunde publikoek herritarrei bizi baldintza duinak bermatzeko “behar diren erabakiak hartzeko eginbeharra” daukatela nabarmendu zuten pentsiodunen mugimenduko kideek: “Baldintza horiek, lanetik eratorritako diru sarrerarik ez duten adineko norbanakoen edota pentsiondunen kasuan, gutxieneko diru sarrerak bermatzean oinarritzen dira”.
LGSren araberakoa.
Pentsiodunen mugimenduko ordezkariek azpimarratu zuten, bizi kostuaren igoera “hain nabarmena” izanda, gutxieneko pentsioak ez errebaloritatzeak “ondorio larriak” dakartzala: “Pentsioak soldata geroratuak dira, eta haien zenbatekoa zuzen-zuzenean lotuta dago jasotzen diren soldatekin. Horrenbestez, gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) izan beharko luke erreferentzia; onartezina da 2011. urtean gutxieneko pentsioa LGSren %93,7 izatea eta 2023an, ostera, %72,5. Hori ez dator bat edozein herritarri dagokion etxebitza, osasun, elikadura, mendekotasun eta oinarrizko beharrizanen bermatzeagaz. Ez da kasualitatea Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 167.718 pentsiodunek 1.080 eurotik beherako diru sarrerak edukitzea eta, gainera, herritar horietako gehienak emakumezkoak izatea. Gutxieneko pentsio hori ziurtatuz gero, genero arrakala hori nabarmen murriztuko litzateke”.
Neurriok hartzeak beregain duen “larritasuna” argitu gura izan zuten EHPMkoek, “ezin dugu egun bat gehiago itxaron”, adieraziz: “Ez dago inongo arrazoi ekonomikorik zein politikorik pentsiodunen mugimenduagaz bat ez egiteko”.