Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean "pluraltasuna" bermatzeko akordioa lortu dute
EH Bilduk, Herritar Alternatibak, Armenduk eta Sukarrieta Kanala Bizirik taldeek Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaritzarako eta Batzorde Iraunkorrerako hautagaitza bateratua aurkeztea adostu dute.
Zaintza sistema publiko baten eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean “pluraltasun politikoa” bermatzearen aldeko akordioa lortu dute EH Bilduk, Herritar Alternatibak, Armenduk eta Sukarrieta Kanala Bizirik taldeek: mankomunitateko lehendakaritzarako eta Batzorde Iraunkorrerako hautagaitza bateratua aurkeztea adostu dute. Etzi (otsailak 8) elkartuko dira 2023-2027 agintaldirako mankomunitatea osatzeko bileran, eta hori osatzen duten 19 udalerrietako ordezkariek bi bozketatan erabakiko dituzte nortzuk diren mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea, alde batetik, eta nortzuk diren Mankomunitate Batzorde Iraunkorreko kideak, bestetik.
Kudeaketa “parte hartzaile, garden eta inklusiboa” izan dute helburu EH Bilduk, Herritar Alternatibak, Armenduk eta Sukarrieta Kanala Bizirik taldeek hautagaitza bateratua aurkezterakoan. Aurreko agintaldietan gertatu ez den modura, “eskualdeko indar politiko guztiek ahotsa” izango duten Batzorde Iraunkor plurala osatzea bilatu dute, eta, adierazi dute, Batzorde Iraunkorreko kideak hautatzeko moduari buruzko estatutuetako artikuluak “aldatzeko asmoa” dutela, “etorkizunean pluraltasun hori bermatzeko”.
Alderdi politiko horiek diotenaren arabera, Mankomuniateko Batzorde Iraunkorreko kideak hautatzeko sistema kontuan hartuta, EAJk bermatuta izango luke lehendakariordetza, eta Guztiontzako Herria ere ordezkatuta egongo litzateke, Gernika-Lumoko Udalak kide bat izendatzen duelako. “Gainera, gure hautagaitza bateratuko bokal postu bat EAJri eskaintzea proposatu dugu, ordezkari bat gehiago izan dezan”, esan dute.
EH Bildu: “Akordio honek eskualdeko udalerri eta ahots guztiak Mankomunitateko gobernu organoetan ordezkatuta egotea bermatzen du”
Hori horrela, EH Bildu eta herritar alternatiben arteko akordioaren arabera, Batzorde Iraunkorra honela osatuta gertauko litzateke: bi ordezkari indar nagusi bakoitzarentzat (EAJ eta EH Bildu) eta ordezakari bana platafoma herritarrentzat, hau da, Guztiontzako Herria, Herritar Alternatiba eta Armendu. “Akordio honek eskualdeko udalerri eta ahots guztiak Mankomunitateko gobernu organoetan ordezkatuta egotea bermatzen duela uste dugu eta aukera honek leiho bat irekitzen du indar politiko guztien arteko adostasun eta lankidetzarako, eskualdeko Gizarte Zerbitzuen indartzea guztion helburua baita”, azaldu dute.
Gaur gaurkoz, beraz, akordioa kontutan izanda, 2023-2027 agintaldirako mankomunitatea osatzeko bozketa aurretik, berdinketa egongo litzateke akordioa lortu duten plataformen eta EAJren artean, bakoitzak 12 ordezkari dituelako, eta Guztiontzako Herria plataformak, aldiz, bakarra. Hala, Gernika-Lumoko Guztiontzako Herria alderdiko kideek erabaki dezakete bozketa.
EH Bildukoek eta herri plataformetakoek argudiatu dute Gizarte Zerbitzuak “ongizatearen oinarri ezinbestekoa” direla, eta eskubide unibertsal gisa ulertu behar direla. Hori dela eta, Busturialdeko EH Bilduk horiek indartzeko konpromisoa daukala azpimarratu dute, betiere bizitzak erdigunean izango dituen “zaintza sistema publiko komunitario” bateranzko norabidean: “Horretarako, kudeaketa parte hartzaile, garden eta inklusiboaren bidez, egungo egoeraren diagnostikoa egin eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuak hobetzeko plan estrategikoa diseinatzea beharrezkoa dela uste dugu, indar politiko guztiekin eta eskualdeko eragile desberdinekin elkarlanean”.
Sukarrieta Kanala Bizirik: “Uste dugu ideia guztiak ordezkatzen dituen ikuspegi anitza oso aberasgarria dela kudeaketa eraginkorragoa izateko”
Sukarrieta Kanala Bizirik alderdiak esan du akordioak “gero eta garrantzi handiagoa” duten udalerrietako talde intependenteen presentzia ziurtatu dezakeela, baita EAJrena ere, udaletan presentzia duten talde politiko guztiek ordezkaritza izatea bilatzen dutelako. “EH Bildukoekin izan genuen bileran, gure eskualdeko gizarte aniztasunarekin bat datorren ordezkaritza bermatuko lukeen estatutu aldaketa bat egitearen komenigarritasunari buruz hitz egin zen”, esan dute. Eta gehitu dute hori zela Sukarrieta Kanala Bizirik taldeak jaso zuen proposamena, eta planteatutako konponbideekin ados zeudelako batu zirela akordiora: “Baldintza horiek betetzen dituen hautagaitza batekin ados gaudela adierazi genien”.
Izan ere, Sukarrietako herri plataformak uste du hainbat udalerriren “interes komunak” biltzen dituzten mankomunitateak “politizatu behar ez” diren arren, “are gutxiago politizatu behar dela Gizarte Zerbitzuekin zerikusia duen guztia”, herritarren bizi kalitatean zuzeneko eragina daukalako horrek. Diotenez, “oso positibotzat” jotzen dute mankomunitateen lana, eta, bereziki, Gizarte Zerbitzuena: “Hain zuzen ere, horregatik uste dugu ideia guztiak ordezkatzen dituen ikuspegi anitza oso aberasgarria eta garrantzitsua dela kudeaketa eraginkorragoa eta gure bizilagunen beharretara gehiago egokitzen dena izateko”.