Euskal Herriko turismo gidariak Bermeon elkartu dira
20 turismo gidarik Bermeori buruzko informazioa jaso dute, eurek gidatutako bisitetan "behar bezala" azaldu ahal izateko.
Bermeo bisitatzen duten Euskal Herriko turismo gidariak Arrantzaleen Museoan elkartu dira gaur [otsailak 6]. Turisten taldeekin udalerria bisitatzen duten 20 turismo gidari batu dira, bi urterik behin eguten duten bisitaldian.
Gidariek Bermeoko historian sakontzea eskatu dute, “informazio sakonagoa” lortzeko asmoz. Bego Gangoiti udalerriko turismo teknikariaren eskutik jasotzen ari dira informazioa. Herritik egingo dituzten bisitetan, gidariek Bermeori buruzko informazioa jasoko dute, turista taldeetan “behar bezala” nola zabaldu jakiteko. Horrez gain, herriko produktuen berri ere izango dute.
Aurtengoa turismo gidariek Bermeora egin duten hirugarren bisita da. Gangoitik azpimarratu duenez,”bisita hauek garrantzitsuak dira, turismo gidariek herriari buruzko informazio egokia eman dezaten”.
Bermeo Bizkaiko buru. Aipatu bezala, turismo gidariek Arrantzaleen Museoan hasi dute gaurko bisita, eta han Bermeo Erdi Aroan erakusketa ikusteko aukera aprobetxatu dute. Bertan, Bitor Uriarte Anasagasti Udal Liburutegiaren eta Artxiboaren zinegotzi arduraduna eta erakusketaren komisarioaren azalpenak entzun dituzte. Bisitaldian, besteak beste, Bermeo Bizkaiko buru zeneko bilakaera historikoa ezagutu dute. Gainera, aurten Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dela aitzaki harturik, artista bermeotarraren obretan ere sakondu dute.