Bizkaiko Txapelketa lehiatuko dute Serrats Aldapa Xtrem proban
Matxitxako Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatuta, berritasun nagusi batekin dator aurtengo Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon. XCM 2024 Bizkaiko txapelketa bertan erabakiko da, eta proba uztailaren 6an bada ere, eguenean [otsailak 1] zabaldu zuten izen ematea. Probaren webgunean izena eman behar da.
Iaz modura, bi ibilbide daude aukeran, baina aurtengoan, biak ala biak gogorragoak izango dira; Bike Luzie maratoian (75 km) parte hartzen dutenek 2.700 metroko desnible positiboa gainditu beharko dute, eta Bike Laburre (42 km) distantzia ertaineko ibilbidean, berriz, 1.600 metrokoa. “Distantziak eta desnibelak gutxi gorabeherakoak dira, eta baliteke aldaketa txikiren bat izatea“. Besteak beste, Kantauri Itsasoaren ikuspegi paregabeekin, Urdaibaiko biosfera erreserban barrena osatzeko ibilbide “gogorrak eta zorrotzak” dira.
09:00etan hasiko dute proba luzeena, eta 10:30ean bestea, eta oraingo honetan ere, txapelketa lehiatu gura ez dutenek, proba herrikoian parte hartu ahalko dute. Dortsalak bezperan, 17:00etatik 20:30era, zein egunean bertan (bike luzekoak 07:30-08:30 eta bike laburrekoak 07:30-10:00) hartu ahalko dira, Artza frontoian.
Lehenengo 300 izen emateek edo horiek arinago betetzen ez badira apirilaren 15era bitartekoek tarifa murriztua daukatela jakinarazi dute. Hain zuzen ere, federatuek 35 euro eta 40 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek, berriz, 40 euro eta 45 euro.