Bikote arrosa, finalera
Finalaurrekoan Jean Olharan eta Julen del Rio mendean hartuta, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Jon Ibarluzea markina-xemeindarra otsailaren 18ko finalera sailkatu dira. Goikoetxea-Lekerika bikote indartsuaren kontra jokatuko dute neguko txapelketaren final handia.
Goikoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Ibarluzea. Eusko Label Winter Seriesaren aurtengo bikote irabazlea horien arteko lehian erabakiko da datorren astean. Otsailaren 18an [domeka] 12:00etan hasiko da final handia Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Finalerdietara zein bere multzo buru sailkatu ostean, finalean sartzeko helburua bete dute lau pilotariek, eta, orain, txapelketako onenak direla aldarrikatzeko aukera dute. Txapelak sari preziatuak dira, eta garesti egongo dira.
15 eta 11 eta 15 eta 13. Sendo eta seguru. Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarrak eta Jon Ibarluzea atzelari markina-xemeindarrak bi setak irabazita poltsikoratu zuten finalerako txartela, atzo [otsailak 5].
Partiduaren hasiera oso parekatua izan zen, lehenengo tantoetan bost berdinketa izan ziren, tanto bakarreko aldeekin. Bosnako berdinketaren ostean, baina, Lea-Artibaiko bikoteak aurrea hartu zuen. Erkiagarena izan zen 6-5ekoa, pilota txik-txakera bidalita. Txulara bota zuen gero (7-5) eta berdina egin zuen hurrengo tantoan barluzeak (8-5). Publikoa altxarazi zuen atzelari bizkaitarrak, lehen jokoko atsedenaldiaren atarian. Deskantsutik bueltan aldea handitu zuten. 5 eta 0-ko partzialagaz, 10 eta 5 aurreratu ziren markagailuan. Olharanek ezin izan zuen jokoan sartu eta Del Riok ez zuen eskumaz aurrekoetan bezalako minik egin.
Pilota aukeraketan asmatu zuen bikote arrosak. Lehen seta amaituta, Erkiagak gehiago asmatu behar zuela aipatu zuen, tartean, erremateetan hobetzea. Zazpi tanto egin zituen eta bakarra galdu, baina, ez zegoen konforme, ez zegoen eroso. Olharanek, berriz, bost tanto egin zituen lehenenego jokoan (bat ere ez aurrean), eta bi galdu. Atzelariei dagokienez, Ibarluzeak bi egin zituen (bata txula dotorea) eta bat galdu, eta del Riok launa egin eta galdu. Markina-xemeindarra eroso ibili zen lehen setean. Gainera, aukariek Erkiaga jokoz kanpo utzi zuten momentuetan, Ibarluzeak ondo erantzun zuen.
Bigarren jokoan 7 eta 3 aurreratu zen bikote arrosa, eta bederatzinakoa izan zen jokoaren lehenengo berdinketa (12na eta 13na berdindu zuten gero). Tanto onak egin zituen Olharanek (8-6, barruan; 9-7, hormabikoa) eta momentu garrantzitsu horretan, hiru huts egin zituen ispastertarrak. Goiko txapara lehenengo, bederatzinako berdinketa jarriz, kontrakantxara ondoren (9-10) eta hormabiko bat ere, suabe suabe, egurrera (12-12). Bere ukitu bikaina ere erakutsi zuen maisuak, besteak beste, Del Rioren eskumari errebotetik bikain erantzun zioneko tantoa. Jaiki altua eragin zion gasteiztarrari, lekuz kanpo harrapatuz. Tentsioa izan zen azken unera arte. Finalerdiko azken tantoa markina-xemeindarrak egin zuen, bere partidu ederra borobilduz. Bere lehenengo txapelketa honetan besteen pareko dela ikusi da. Bere lekua ondo irabazita daukala erakutsi du atzelari gazteak. Erkiagak esan bezala, sekulako partidua jokatu zuen.
Bi jokoaetan hamabost tanto egin zituen Erkiagak (bataz bestekoa hamazortzikoa du), eta sei galdu. Sei izan ziren moztuta eginak, lau atzean, bi bi paretaz eta bi sake arrastoan. Olharanek 11 egin eta hiru galdu zituen ( lau bi paretaz, lau atzean eta errestoan egindako bi tanto).
Ibarluzeak bost egin eta hiru galdu zituen (396 pilotakada) eta del Riok lau egin zituen (atzean hiru eta bi paretagaz egindako bakarra) eta galdutakoak zazpi izan ziren.
Ispastertarrak kantxan bere maisutasuna erakutsi bazuen ere, egun txarra eduki zuela aitortu zuen, eta bere jokoagaz ez zen gustura geratu. Ibarluzeak, ostera, gustura ibili zela esan zuen; ezker horma topatu eta pilota gutxi galtzea eta gutxi arriskatzea izan zen bere helburua, eta asmatu zuen. Azaldu zuen gustura hasi zela, pilota nahi nuen lekura botatzen ari zela-eta, konfiantza hartu zuela. Hain zuzen ere, konfiantza hori islatu zuen jokoan.
Azken astelehena. Finalaren aurretik, hirugarren eta laugarren postuak jokatzeko partidua lehiatuko dute Johan-Lopez eta Olharan-del Rio bikoteek, datorren astelehenean [otsailak 12].