Errealitatea pantailaren beste aldetik josiz
Luis de Pedro bildumagilearen josteko makinek jantzi dute orain dela bi aste estreinatu zuten ‘Cristobal Balenciaga’ telesaila. Horietako batzuk BECeko Eskulanen Azokan ikus daitezke domekara bitartean.
Museotik pantaila handira. Gernika-Lumotik nazioartera. Luis de Pedro gernikarraren bilduma oparoaren aletxoa dira Cristobal Balenciaga telesailean ageri diren josteko makinak. “Ilusioz” hartu zuen ardura, eta “harrotasunez” ikusten ditu kapituluak.
Diseinatzaile getariarrari buruzko telesaila 2022an grabatu zuten Euskal Herrian, Madrilen, Parisen, Tolosan eta Bordelen, 90 lokalizaziotan. Eta urtarrilaren 19an estreinatu zuten Disney + plataforman. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga dira zuzendariak.
AEBetako Singer etxeko 1921eko “altxor kuttuna”, etxe bereko 60ko hamarkadakoa, 50eko hamarkadako Sigma… Grabaketarako 62 bat utzi zizkieten: “1915ekoa da grabaketara eroan zuten zaharrena eta 60koa modernoena”.
Egunotan BECen
Fikzio lan horretarako utzitako makina batzuk Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren Eskulanen Azokan edukiko ditu egunotan. Gaur zabaldu dute, eta domekara bitartean ikusgai izango ditu bertan. Bildumagilearen berbetan, “grabaketarako aukeraketaren esentzia” da. Hain zuzen ere, grabaketarako erabilitakoen artean aukeraketa egin, eta hamar edo dozena bat eroan ditu azokara. 30-60ko hamarkada bitarteko josteko makinak dira, “telesailean agertzen direnen artean esanguratsuenak, adierazgarrienak”.
Telesailaren grabaketaren “oroigarriak” gordeta dauzka dendan eta biltegian: Balentziagaren argazkiak, Alberto San Juan aktorearekin ateratako argazkia, telesailaren arduradunek bere makinekin osatutako egutegia… “Alfa lantegian zegoela deitu zidan zuzendariak, eta esan zidan nire bildumari buruz berba egin ziotela. Gero, esan zidaten ni izango nintzela hornitzaile bakarra, eta hona etorri ziren makinak jasotzera. Josteko makinei buruzko informazioa ere eman nien. Makina batzuk Balentziagaren amaren etxerako gura zituzten, eta besteak Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo tailerretarako, eta baita Pariserako ere”, gogoratu du. Hamarkadaz hamarkada nazioartean zehar bidaiatutako makinek fizkioan ere bidaiatu dute, denboran zein espazioan.