Bizibide duin baten haria
Josteko makinen bildumagilea da Luis de Pedro, eta orain arte egin duen erakusketarik handiena inauguratuko du barikuan Orduña Hiri Museoan: 'Josteko Makina: Bizibide Duina'. Gainera, bere bildumaren parte bat laster ikusi ahalko da 'Balenciaga' telesailean.

Josteko makinek berba egingo balute, hainbat istorio kontatuko lituzkete. Istorio zein historia asko gordetzen dute horiek, eta hori ondo baino hobeto daki Luis de Pedrok. 1976ko irailaren 2an Gernika-Lumon zabaldu zuten dendan ditu bere bildumako hainbat josteko makina. Hamarkadaz hamarkada ehunka bildu ditu, han eta hemen arakatu ostean.
Gernika-Lumon, Mungian, BECen, Artziniegan, Elgoibarren.. eta, orain, Orduñan. Ilusioz beteta dago, orain arte egindako erakusketarik handiena egingo baitu Orduña Hiria Museoan; Josteko Makina: Bizibide Duina erakusketa datorren barikutik irailaren 24a bitartean izango da. “Bertako zuzendariak deitu zidan, lehenengoz egongo naiz Orduñan”.
Barikuan 19:00etan inauguratuko dute erakusketa, eta, ondoren, barikuetan (17:00-20:00), zapatuetan (11:00-14:00 eta 17:00-20:00) eta domeketan (11:00-14:00) bisitatu ahalko da.
Orain arte egin duen erakusketarik handiena da: 400 inguru josteko makina ipiniko dituzte bertan. “Nik dakidala tamaina horretako erakusketarik ez da egin munduan. Ingalaterrako, Espainiako eta AEBtako bildumarik onenak batuta egin zuten behin, baina ez zen hain handia izan”.
Ez dira denak aldi berean ikusgai izango; lekuak mugatuta, batzuk txandakatu egingo baitituzte: ”Eroan dituzten denak aldi berean jartzeko lekurik ez daukate. Adibidez, Alfan egindako lehenengoak, eta Sigman egindako lehenengoak eta azkenengoak egongo dira”.
“Orduñakoa erakusketa ezberdina da, halakorik ez dut sekula egin”
Euskal Herrian ekoiztutako makinak nabarmendu gura ditu erakusketan; 40-50 inguru ipiniko dituzte, sektoreak hemen izan duen garrantziaren adierazle modura. “Sigmaren jatorrizko kartela ere ipiniko dugu, lantegian egon zena kontserbatzen dut eta”.
Omenaldia
Erakusketa omenaldi bat izatea gura du; batik bat, jostea ogibide izan duten eta daukaten emakumeei egin gura die aitortza, tartean, bere emazteari, eta, bide batez, makinak sortu zituztenak ere omendu gura ditu. “Josteko makinak daukan garrantzia nabarmendu gura dut, uste dudalako ez zaiola daukan garrantzia eta balioa ematen”.
Familia askoren diru-iturri eta sostengu izan direla eta gaur egun ere badirela gogora ekarri du: “Josteko makinek familia asko atera dituzte aurrera, bai gerra garaian, bai gaur egun ere, hemen zein nazioartean. Adibidez, gaur egun Indian kalean josten egoten dira eta horrela ateratzen dute bizimodua, eta, Gernikatik irten barik ere, hemen askok euren etxeetan josten dute, bertako dendentzat konponketak egiten dituzte”.
Josteko makinekin lotutako pasarte asko bizi izan ditu, eta, era berean, istorio asko entzun ditu: “Adibide bat ematearren, behin Artziniegako erakusketa batean gizonezko batek bere amaren makina oparitu zidan, nik ondo zainduko nuela-eta. Kontatu zidan amak jositakoari esker berak ikasketak egin ahal izan zituela. Beste behin, emakume batek esan zidan makina hauek hitz egingo balute, eskerrak emango zizkidatela, hain garbi mantentzearren”.
BEC erakusketa azokan
Orduñako erakusketaz gain, BECen ere egongo da, otsailaren 2tik 5era; Sormen Tendentzien eskulanen azokan parte hartuko du, bere makinak erakusten. Urte askotan parte hartutakoa da, eta gustuko du bertan egotea: “Jende asko ezagutzen dut, eta euren istoriak kontatzen dizkidate, oso ondo sentitzen naiz”.
Bere bilduma munduko garrantzitsuenen artean klasifikatuta dago; josteko makinen garapena argi erakusten dute bere altxorrek. “Munduko lehenengoetatik hasi, eta gaur egunekoetara arte ditut. Hemezortzi bat erakusketa garrantzitsu ipini ditut, eta beti izan dute arrakasta handia, eta konfiantza daukat Orduñakoak ere izango duela”. Makina asko ditu, eta askotarikoak, orduak eta orduak josten pasatutakoenak, eta baita familia burgesetakoenak ere: “Horiek ez zituzten erabiltzen, itxura egiteagatik erosten zituzten, eta bere horretan mantentzen dira. Langileenak, berriz, koloreak janda izaten dituzte, gastatuta”.
“Balenciaga telesailean agertuko diren makina denak nireak dira”
Orain arte, bere herrian bi erakusketa “garrantzitsu” egin ditu, eta, iaz, Mungian ipinitako erakusketan omendu egin zuten. Baina, Orduñakoa orain artekoekin konparatuta, “desberdina”· izango da: “Ez dauka zerikusirik. Asko egin ditut, eta oso onak, baina halakorik sekula ere ez”.
Pantaila handian
Bere bildumaren aletxo bat laster ikusi ahalko da Cristobal Balenziaga diseinatzaile getariarrari buruzko telesailean.
Disney+ plataforman aurten estreinatuko da telesaila, eta Alberto San Juan aktorea da Balenziaga. Bertarako 60 bat josteko makina utzi zizkien, baita horien zenbait maletatxo eta tapa ere: “Bere garaiko makinak dira, eta Orduñako erakusketan ere ikusi ahalko dira. Telesailak ilusioa egin dit, halako aukera izan dudan lehenengo aldia baita. Telesailean agertuko diren denak nireak dira. Itzela izan da, poztasun izugarria eman dit, eta ikusteko desiatzen nago. Gainera, eszena batean nire izenarekin eta daukadan makina batekin egindako egutegia agertzen da”, dio hunkituta.
Esate baterako, Igeldoko Balenziagaren amaren etxean agertuko da 1921eko makina ingeles bat, Singer etxekoa. Izan ere, bere hastapenak amarekin egin zituen, “eta mota horretako makinekin aritu zen lehenengo urteetan”. 60-70. hamarkadetako marka bereko 319 w modeloko makina ere azalduko da pantaila handian, Balenziagaren lantegian: “Hori oso dotorea da”.
Era berean, Maestros de la Costura telebista programarako ere batzuk utzi zituen, Alfa enpresaren bitartez. “Lehiaketa horretako kartel batzuk ere ipiniko ditugu erakusketan”.
Inauguraziorako ilusioz
Esan bezala, erakusketa zortzi hilabetez egongo da, eta bertaratzeko gonbidapena egin du. Inauguraziorako ilusioz beteta dago, eta hainbat gonbidatu berezi izango direla aurreratu du, tartean, Alfako presidentea.
Bestalde, barikuan egon ezin badu ere, Balenziagagaz aritutako Mila Bohoyo jostunak erakusketa bisitatuko duela hitz eman dio, eta “ohorea” dela azpimarratu du: “Maitagarria da. Bere ezkontzako soinekoa eroan gura du erakusketara. Bestalde, Madrilen Alberto San Juan aktoreari josten erakutsi dionak ere ahal duenean erakusketara joatea espero du. Orain dela gutxi etorri zen ni ezagutzera”.
Frantziako 1860ko, 1877ko eta 1889ko harribitxiak, 1900eko Indiakoa, Bartzelonan egin zuten lehenengoa den 1862ko Aurora Escuder makina–Miguel Escuderrek bere emazteari eskainitakoa–, 2002an Norvegiara egindako bidaian topatutako 1875eko Kanadako makina, 1993an Sigman egindako azkenengo modeloa… Bere bilduma harribitxi askok osatzen dute, eta aitortu duenez, euretako batzuk urtez luzez gordeta eduki ditu, eta “orain deskubrituko dira”.