Aurrera doaz Astelarra eta Kurtzero batzeko ibilbideko lanak
Kurtzero eta Astelarra batzeko oinezkoen ibilbideak Oka errekaren bidea jarraituko du, baita erreka zeharkatu ere. Eta, ondorioz, Astelarran kokatu berri dute Oka ibaia zeharkatuko duen egurrezko zubia.
Mugikortasun eredu jasangarri baten aldeko hautua egin du Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Udalak, eta oinezkoentzako zein bizikletentzako ibilbide sare bat osatzen jarraitzen du, “auzoen arteko konektibitatea hobetzeko asmoz”. Hori dela eta, aurreko agintaldian Kurtzero eta Elizalde batzen dituen bidea egin ostean, Astelarra eta Zabale Kurtzerogaz batzeko lanak egiten ari dira orain. Izan ere, Kurtzero eta Astelarra batzeko oinezkoen bideak Oka erreka igaro behar du, eta hori zeharkatzeko zubia kokatu berri dute. “Apurka-apurka bagoaz gure udalerriko auzoak kontektatzen eta mugikortasun jasangarri baten aldeko norabidean pausoak ematen”.
Astelarra eta Zabale Kurtzerogaz batzeko obra bi fasetan banatu dute, eta lehenengo fase horren baita sartzen da Zubia kokatzeko lana. “Oinezkoen bideak ezin du ibilgailuen joan-etorrirako bidearen ibilbide bera jarraitu, trenbidearen gainetik pasatzen den zubian ez dagoelako aukerarik oinezkoentzako bide bat egokitzeko”, azaldu du Roke Ojanguren udaleko zinegotziak. Hori dela eta, oinezkoentzako bidea erreka albotik egitea erabaki zuten, baita horrek erreka zeharkatzea ere. Hala, lehen fase horretan zubia jarri beharra zegoen, eta lan horiekin aste honetan amaitzea aurreikusi dute udal ordezkariek: “Egurrezko zubi hori osorik ekarri dute fabrikatik, eta bertan kokatzen ari dira orain”.
Hori amaituta, bigarren faseari ekingo diote hurrengo hilabeteetan; hau da, oinezkoen bidea eraikitzeari. Ibilbide hori Astelarratik zubiraino joango da, eta gero, zubi horretatik Kurtzeroko tren geltoki pareraino ere bai. Udal ordezkariak zehaztu duenez, oinezkoen bide hori bide berdea izango da, alegia, ez da asfaltozkoa izango, harrikirrizkoa baizik, eta argiztapena edukiko du. Bigarren fase hori uda aurretik amaituta izatea aurreikusi dute.
Udalerriko herri eta auzoak oinezkoentzako bide bategaz lotzeko proiektua “proiektu handia” da Muxikako Udalarentzat, baita beharrezkoa ere: “Gure hauteskunde programan plan estrategiko modura sartu genuen auzo guztien arteko konexioa hobetzea. Beti errepikatzen dugun ideia da, baina Muxika, Ibarruri eta Gorozikako udalerria oso zabala da, biztanleria oso sakabanatuta dago, eta auzoen arteko konexioak oso txarrak dira. Beraz, kasu askotan, kotxea derrigorrez erabili behar dute bizilagunek”. Egoera hori aldatzeko jarri zuten martxan proiektua; hau da, herritarrei oinez zein bizikletaz udalerrian zehar mugitzeko aukera eskaintzeko eta mugikortasun eredu hori sustatzeko ere bai.
“Garrantzitsutzat” jo zuten auzoak Kurtzerogaz lotzea, gune horretan daudelako udalerriko zerbitzu gehienak. “Bide honi esker Zabale eta Astelarrako herritarrak ahalko dira joan liburutegira, edo farmaziara, edo medikuarengana, edo eskolara, edo tabernara, edo udalera, oinez zein bizikletaz”, azpimarratu du Ojangurenek.
Etorkizuneko helburu modura, Muxikako Udalaren –eta herritarren– “aldarrikapen historikoa” gogoratu du: Muxika eta Gernika-Lumo batzeko oinezkoentzako bidea izatea. “Helburu moduan daukagu, eta bagabiltza hori lortzeko elkarrizketak izaten bai aldundiagaz, bai patronatuagaz”, adierazi du. Ojangurenek dioenez, bide horren bideragarritasuna aztertzen ari dira.