Zain Dezagun Urdaibaik eskabideak aurkeztu dizkio Euskadiko Itsasertzeko Agintaritzari
Zain Dezagun Urdaibai elkartea Euskadiko Itsasertzeko Agintaritzari eta Espainiako Gobernuaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkaritzari zuzendu zaie, idatziz, Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzeko dagoen proiektuarekin zerikusia duten zenbait eskabide eginez, batetik, eta dokumentazioa eskatuz, bestetik.
Barikuan igorri zizkieten idatziak, eta horietan elkarteak galdegin die zertan den 2023ko irailaren 12an abiatutako espedientea–REGAGE23e00061005691– . Era berean, orduan egindako eskabideak gogorarazi dizkiete. “1943an Espainiako Industria Ministerioak Astilleros de Murueta S.A. enpresa eratu berriari egin zion kontzesio edo emakida hartan ezarritako zeregin eta betebeharrak betetzea derrigorrezkoa daukate, hala erakunde publikoek nola enpresa pribatuak. Betebeharrak dira eremu okupatuan dituen instalazioak kentzea, horietan egindako esku-hartzeak desagerrarazteko lanak burutzea eta enpresak kutsatu dituenak garbitzeko eta berreskuratzea, legez horiek burutzea berari dagokiolako. Eta REGAGE23e00061005691 delakoa zertan den jakin nahi dugu. Gure eskubidea da”. Kontzesioan Muruetako Udalerrian domeinu publikoko eremuak erabiltzeko ontziolari emandako kontzesioa 75 urterako izan zen, eta, beraz, iraungitzat jotzea izan zen elkartearen beste eskaria, “aspaldi indargabetua behar zukeelako”.
Azaldu dutenaren arabera, garai hartan eskabide eta erreklamazio horiek erantzuteko legezko epearen barruan erantzunik jaso ez zutelako jo dute berriro administrazio horiengana: “Administrazioaren isiltasuna deritzona ez da legezkoa. Halaxe dio Espainiako Erresumak sinatua duen, eta, beraz, bertan ere loteslea den Aahruseko Hitzarmenak. Herritarrok, nahiz agintari publikoen nahiz haien izenean diharduen beste edozein subjekturen esku dagoen ingurumen-informazioa eskuratzeko eskubidea daukagu. Era berean, ingurumenean zein zuzenean zein zeharka eragiten duten gaiei buruzko erabakiak hartzeko prozeduretan parte hartzeko eskubidea daukagu, baldin eta erabakiok herri-administrazioek egin edo onartu behar dituztenak badira”.