Bizikleta erabiltzeko bizkaitarren ohiturak aztertzen dituen lehenengo barometroa osatu du aldundiak
Besteak beste, azterlana egitean BizkaiBizi eta BiziPuntu zerbitzuei buruz galdetu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko bizikletaren lehenengo barometroaren emaitzak aurkeztu ditu Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Turismo batzordean. Bizkaiko biztanleen artean bizikleta erabiltzeko ohiturak biltzeko azterlan horretan, Bizkaibiziren lehenengo balantzea ere jaso dute, eta “Bizkaian bizikletaren erabilera gero eta handiagoa dela” nabarmendu dute.
IKERFEL merkatu ikerketan eta marketing estrategietan aditua den enpresak egin zuen azterlana iazko urritik azarora, 1.005 elkarrizketa–14-70 urte bitarteko herritarrak– oinarri hartuta. BizkaiBizi zerbitzua dagoen bederatzi udalerrietan– Barakaldo, Berango, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestao–, berriz, 551 elkarrizketa egin zituzten.
Barometroan ondorioztatu dutenez, lurraldeko etxeen % 69ak gutxienez bizikleta bat dauka–2,6 bizikleta daude etxe bakoitzean–. Inkestan parte hartu dutenen % 13ak ohiko erabiltzailea dela esan du; Hala, bizkaitarren % 50ek bizikleta propioa dauka, eta % 38a garraiobide horren ohiko edo noizbehinkako erabiltzaile da–erabiltzailearen profilak ere aztertu dituzte–.
Bizkaiko etxeetan bizikleta mota ohikoena mendikoa da (etxean bizikleta daukatela diotenen % 71ak, gutxienez, mendiko bizikleta bat dauka), ondoren hirikoa ( % 47, eta horien % 2 elektrikoak dira) eta, azkenik, errepidekoa (% 22). “Bizikleten erabilgarritasuna murriztu egiten da udalerriaren tamaina handitzen den heinean”. Bizikletaren erabilera kirolagaz (% 49) eta osasunagaz (% 44) lotzen dute batik bat, eta beste arrazoi nagusiak mugikortasuna (% 36) eta ingurumena (31) dira. Hain zuzen ere, Bizkaiko biztanleen % 6k adierazi du bizikleta erabiltzen duela lanera edo hezkuntza zentrora joateko.
Lehen barometro horren emaitzen arabera, bizikletak “garrantzi handia” du Bizkaiko gizarte-sarean, eta bizikleta elektrikoak “gero eta leku handiagoa hartzen” ari dira: “Bizkaiko herritarren % 6k adierazten du horrelako bizikleta bat duela”
Bizkaitarren % 52k uste du bere udalerria abegikorra eta segurua dela bizikletan ibiltzeko. Pertzepzio horretan “alde handiak” daude eskualdeka. Ezkerraldekoen (% 31) eta Busturialdekoen (% 44) iritziz, euren eskualdeek “abegitasun eta segurtasun gutxi” daukate: “Enkarterri (% 77), Arratia-Zornotza (% 73) eta Eskuinaldea (% 70) dira abegikorrenak”. Euren udalerria bizikletarentzat abegikorra eta segurua ez dela uste dutenek emandako arrazoien artean, bizikleta bideen falta edo diseinu desegokia (% 73), gehiegizko trafikoa (% 51), egokitu gabeko udalerria (% 41) edo orografia (% 37) nabarmentzen dira. Hala, herritarren % 73k hirian bizikletaz mugitzeko zailtasun nagusien artean honako hauek nabarmentzen dituzte: gehiegizko trafiko motorduna, bidegorri gutxiegi, lapurreten arriskua eta bizikletak aparkatzeko toki gutxiegi egotea.
Politika publikoak. Bestalde, administrazio publikoek bizikletaren erabileraren sustapenean duten zeregina aztertu dute: “% 55ek uste du administrazioak erabilera asko eta nahikoa artean sustatzen ari direla”. Elkarrizketatutakoen ustez, erabilera bultzatzeko bizikletentzako aparkalekuak egokitu behar dira geltokietan eta garraio publikoko geralekuetan (% 88); hiriarteko bidegorri gehiago eraiki behar dira (% 88); eta aparkaleku gehiago zentro publiko eta pribatuetan (% 83), beste ekimen batzuen artean.
“Lehen aldia da hain azterlan zabala egiten dela Bizkaian bizikleta erabiltzeko ohiturak eta garraiobide honi buruz dagoen pertzepzioa aztertzeko. Beraz, aurreko daturik ez dagoenez, ezinezkoa da emaitzak alderatzea eta lurraldean bizikletaren erabilerak duen bilakaera baloratzea. Datu hori, nolanahi ere, hurrengo urteetan ebaluatu ahal izango dugu”, azaldu du Sonia Perez Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak.
Busturialdean BBK Klima Abentura parkeak eta Bermeoko, Busturiko, Mundakako eta Sukarrietako udalek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, udalerri horietan bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema eskaintzeko
Bestalde, bizikletak konpontzeko eta mantentzeko BiziPuntuak biztanleen % 43k eta ohiko erabiltzaileen % 62k ezagutzen dituzte, eta 7,7ko batez besteko balorazioa jaso du.
BizkaiBizi zerbitzua, berriz, martxan dagoen bederatzi udalerrietako biztanleen % 80k ezagutzen du, eta % 58k adierazten du «oso pozik edo nahiko pozik» dagoela zerbitzuarekin; batez besteko balorazioa 6,4koa da. Foru diputatuak adierazi duenez, sistemak «harrera oso ona» izan du herritarren artean: “Kontuan hartu behar da inkesta 2023ko urria eta azaroa bitartean egin zela, BizkaiBizi martxan jarri eta gutxira, eta, hala ere, ezagutza eta onarpen maila oso handia izan zela hasiera-hasieratik”.
Zerbitzua urrian aurkeztu zuten eta 36.000 erabiltzaile izan zituen–268.885 bidaia. “Gaur egun, egunean, batez beste 3.000 bizikleta alokatzen dira, eta, guztira, 650 bizikleta daude”.