Eremu publikotik, 50 urte aniztasuna jaso eta aukera berdintasuna sustatzen
50 urte beteko ditu aurten Allende Salazar Herri Eskolak. Ehunka irakasle, guraso zein langile igaro dira bertatik, eta komunitate zabala osatzen dute. "Kulturan, inklusioan eta kohesioan" oinarritutako gizarte bat eraiki gura dute, eta lan horri ikusgarritasuna emateko egun osoko jaialdia egingo dute maiatzaren 18an.
Bost hamarkada igaro dira –50 urte–, Allende Salazar Herri Eskolak bere ibilbidea hasi zuenetik. Iluntasunak argiari eta esperantzari eman zion erreleboa 1974an, eskubideak berreskuratzeko, euskararen aldeko olatua altxatzeko eta herriko txikienak garai berrietan hezteko ahalegina egiten hasi baitziren hainbat eta hainbat herritar. Urte asko igaro dira ordutik, ehunka irakasle, guraso zein langile, eta horien guztien lanari esker, “eskola hobe bat” eraiki dute gaur egungo ikasleentzat. “Mundu hobea ere bai. Edo hori pentsatu gura dugu”, adierazi dute eskolako arduradunek.
“Harro” egoteko moduko komunitatea osatzen dutela azpimarratu du Aritz Zearra eskolako zuzendariak, eta ikastetxetik igarotako irakasle zein gurasoen lana aitortu du: “Jakin ezazue, zuek herri eskola honi emandakoak ematen digula guri aurrera egiteko indarra”. Allende Salazarrek, iraganetik eta historiatik haratago, badu oraina, badu etorkizun “oparoa”. Hori dela eta, hezkuntzaren erronka berriei “ilusioz” ekiten diete, “berrizten eta hobetzen” ahalegintzen dira, euren burua berrasmatzen.
Aritz Zearra: “Gure kulturan, inklusioan eta kohesioan oinarritutako gizarte bat eraikitzea da gure helburua”
Ikasle bakoitzaren ongizate emozionalean oinarrituta, ikasle bakoitzaren “prozesu esanguratsuena” bideratzea da eskola arduradunen helburua, eta horregatik egiten dute lan Amara berri metodologiagaz: “Ikaslea erdigunean jarri eta bere autonomia, talde lana, beharrizan eta interesak zutabe dituen eredu horregaz egiten dugu lan”.
Komunitate zabala osatzen dute “eskola hobea” egiteko lanean ari direnek: 750 ikasle, 70 irakasle eta hezitzaile, 400 familia baino gehiago, hainbat eta hainbat jantoki hezitzaile eta sukaldari, garbitzaile… dira. Lehengo eta oraingo gernikarrek osatzen dute herri eskola, pertsona anitzek. “Gure eskola komunitatea ez da bizi iraganari lotuta. Gernika-Lumoko eskola publikoa gara. Bere aniztasuna jaso, eta, eremu publikotik, denontzako aukera berdintasuna sustatu gura dugu. Gure kulturan, inklusioan eta kohesioan oinarritutako gizarte bat eraikitzea da gure helburua”, azpimarratu du Zearrak.
Eta, lan horretan, Gernika-Lumo “memoriaren herria” izanik, eta iraganean eta gaur egun egin modura, belaunaldi berriak baloreetan hezteko helburua dute eskolan, betiere hezkuntza ardatz hartuta. “Bidezkoagoa den gizarte baten alde lan eginez, elkartasunean eta bakean oinarrituako gizarte baten alde egiten dugu, auzolanean”, esan du Nahia Idoiaga Guraso Elkarteko presidenteak.
Eskola komunitateak Gernikako bizilagunekiko duen konpromisoa “ukaezina” da, eskola publikoa diren heinean, udalerriko aniztasuna aintzat hartu, elkarbizitza sustatu eta herriko baloreak lantzeko apustua egiten baitute: “Gure eskola denona eta denontzako delako”.
Nahia Idoiaga: “Gure eskola denona eta denontzako da”
Guraso Elkarteak eskolaren egunerokotasunean parte hartzen duela adierazi du Idoiagak, “ikastetxea hobetu eta seme-alaben heziketa prozesua eta ongizatea bermatzeko”. Azpimarratu du eskolako komunitatearekin duten elkarlana “oso estua” dela, eta konplizitate horren ibilbidea “oso oparoa” dela: “Hainbat dira azken urteetan eskola hobetzeko martxan jarritako proiektuak eta egitasmoa. Eta, bide horretan jarraitzeko asmoa berresten dugu”.
Marisa Bilbao eskolako zuzendari ohiak “eskola hobe bat eta gizarte hobe bat” egiten jarraitzeko ahaleginari eusteko eskatu die eskola komunitatea osatzen duten langile zein familiei: “Gure umeek merezi dute”.
Ospakizuna.
Hori dela eta, bost hamarkadan lortutakoa balioan jartzeko urtea izango da aurtengoa. Udaberrian ailegatuko da 50. urteurrena eskolara, eta hainbat izango dira hori ospatzeko prestatuko dituzten ekintza eta jarduerak. Lehenengoa, martxoaren 2an egingo dutela jakinarazi dute, Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariekin bertso bazkaria egingo baitute jantokian.
Hala ere, hitzordu nagusia maiatzaren 18koa izango da. Gernika-Lumoko erdigunean egun osoko jaialdia prestatzen ari dira, eta horri buruzko informazio zein xehetasunak otsailean emango dutela dituztela adierazi dute: “Otsailean jakinaraziko dugu herri guztiarekin gozatu nahi dugun jaialdi honen egitaraua”.