Pertsonen eta hezeguneen arteko harremana oinarri, Hezeguneen Mundu Egunean
Urteetan, pertsonek eta hezeguneek elkarren artean sortu duten harremanari buruzko eguna ospatuko dute domekan [otsailak 4], Hezeguneen Mundu Egunean, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren. Hegaztiei eraztunak jarri eta ibilaldia egingo dute, baina bertaratu gura duenak aurretiaz izena eman beharko du.
Domekan [otsailak 4] ospatzen da Hezeguneen Mundu Eguna, eta hegaztien migrazio ibilbideko naturguneetan egiten den legez, Urdaibai Bird Centerrek ere bat egingo du hitzorduagaz. Egun hori hezeguneen ezagutza eta kontserbazioa maila lokaletik nazioartekorenera zabaltzeko momentua izaten da, eta, aurten, pertsonek hezeguneekin izan duten harremana ospatuko dute, “elkarrekiko mendekotasuna ederra bezain hauskorra delako”.
Urdaibai Bird Centerrek hainbat ekintza prestatu ditu egun horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzagaz. Hegaztiei eraztun zientifikoak jartzeko saioa (bi txanda: 10:00 eta 11:00) eta ibilaldi gidatu bat (10:30) egingo dituzte, eta parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute, edukiera mugatua izango delako; horretarako, zentrora deitu beharko dute interesatuek, 699 83 92 02 telefonora.
Hegaztien zentrokoek gogoratu dutenez, historian zein egungo kultura askotan, padurak bizi emaile gisa gurtu izan dituzte herritarrek. “Hezeguneek naturarekiko lotura eskaintzen digute, gure ongizatearen eta gure osasun mentalaren mesederako. Hezegune baten egotea zentzumenentzako gozamena da: txorien kantua eta haizearen soinu lasaigarria entzutea gozatzea da. Urtetatik dabilen haize freskagarria arina da, eta azalerako freskagarria. Gure begiak paisaia aldakorraren koloreekin eta txorien ikuspegi zoragarriarekin gozatzen dira”, adierazi dute Urdaibai Bird Centerreko ordezkariek.
Azpimarratu dute hezeguneak ez direla soilik “ezinbestekoak” giza ongizaterako eta osasun mentalerako. Ur gezaren zati handi bat atxiki eta ematen dute, eta kutsatzaileen iragazki gisa jarduten dute. Horrez gain, elikagai mota asko ematen dituztela gogoratu dute: arrainetik arrozera. “Gizakiak inguru natural horien menpe daude elikatzeko. Hala ere, nekazaritza jarduera asko kaltegarriak dira hezeguneentzat, eta gure ur eskaria handitzen doan heinean, etengabeko presioa jasaten dute. Ahal dugun guztia egin behar dugu hezeguneetako habitatak babesteko”
Horrez gain, hezeguneak ezinbestekoak dira klima aldaketa arintzeko: atmosferako CO2 harrapatu eta lurreko beste edozein ekosistemak baino karbono gehiago gordetzen dute. “Hezeguneek lurreko karbonoaren % 30 inguru gordetzen dute, munduko baso guztien bikoitza”, zehaztu dute arduradunek. Diotenez, karbono urdinezko kostaldeko ekosistemek (manglareak, itsas belardiak, padurak) karbonoa harrapatu eta biltegiratzen dute sedimentuetan, “oihan tropikalak baino 55 aldiz azkarrago”. Gehitu dute hezegune akre batek ur goraldiko milioika litro ur bil ditzakeela, eta habitat horiek itsasertzetan bizi diren gizakiak babesten dituztela ekaitz-mareen, urakanen eta tsunamien aurka.
Horiek guzti horiek esanda, Urdaibai Bird Centerreko kideek azpimarratu dute hezeguneak funtsezkoak direla: “Nabarmendu nahi dugu premiazkoa dela biodibertsitatean aberatsak diren eta giza ongizatearen euskarri diren ekosistema horiek zaindu eta lehengoratzea”.