Musika, irudia eta hotsa, aurrerantz eta atzerantz
Palindromoen unibertsoan barrena ibiliko dira Euskal Herria Museoan datozen hilabeteetan, diziplina artistiko ezberdinak palindromoekin uztartuko baitituzte.
Karteletrak, Zerua urez, apo zopa, abere ba… ezkerretik eskumara zein eskumatik ezberrera berdin irakurtzen diren testuak, zaratak eta irudiak dira palindromoak, eta horien unibertsoan barrena ibiliko dira datozen hilabeteetan Euskal Herria Museoan. Markos Gimenoren Karteletrak erakusketak Markos Gimenok idatzitako palindromoak erakusten ditu apirilera arte, eta Gimenok jorratzen zuen jarduera hori beste diziplina artistiko askogaz uztartuko dituzten jarduerak prestatu dituzte.
Dagoeneko eskaini dute lehenengo ikuskizuna: Ele bele. Palindromoa bere alderdi plastiko bisual eta soinudunean erakutsi zuten joan den zapatuan [urtarrilak 27], abere ba. palindromo ilustratuen piztegia liburuko testuak eta hitz jokoak eta irudi proiekzioak tartekatuz. Bagara bikote sortzaileak, Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak osatutakoak, eskainu zuten esperientzia hori, Inaxio Tolosaren musikak lagunduta. Arte eszenikoan palindromoa modu esperimentalean erakutsi zuten, bere simetria grafikoa zein soinuduna erakutsiz.
Otsailaren 17an, berriz, 12:30ean, Joseba Sarrionandia Gimenoren unibertsoan murgilduko da eta erakusketako sormen prozesuez eta bitxikeriez berba egingo du. Lehenengo bisita izango da hori, eta gerokoak beranduago zehaztuko dituztela aurreratu dute.
Tono Fernandezek eta Klemente Correderak hartuko dute Sarrionandiaren lekukoa otsailaren 24an, 11:00etan. Gimenogaz batera Hormargo taldea osatu zuten, eta diziplina artistiko horretan interesa dutenei ekintza didaktiko bat proposatuko diote: graffitiak. Helduei zein gazteei zuzendutako tailerra izango da, eta bertaratzen direnen parte hartzea sustatuko dute.
Musika landuko dute apirilaren 19an: Musergok kontzertua eskainiko du 19:00etan, Gimenoren erakusketako kartel eta palindromoetan inspiratutako piezak eskainiz. Kontzertu berezia izango da, biolontxeloak eta Musergoren ahotsak erakusketaren muinarekin bat egingo duena.
Ekintza horietan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, eta horretarako 94 625 54 51 telefono zenbakira deitu edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi beharko da. Azpimarratu dute jarduera guztiak doakoak direla.