Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerika Eusko Label Winter Seriesko final handian egongo dira, Johan Sorozabal eta Imanol Lopez lehen finalaurrekoan ozta-ozta garaitu ondoren. Hurrengo astelehenean [otsailak 5], Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak Jean Dominique Olharanen eta Julen Del Rioren kontra jokatuko dute bigarren finalerdia.
Atzoko [urtarrilak 29] Eusko Label Winter Seriesko lehen finalaurrekoa ez zen partidu batere egokia izan bihotzekoetara emanak diren pertsonentzat: emozio izugarria, etengabeko ezustekoak, egundoko maila eta harmailetako sua ezkondu zituen. Lehiaketako protagonista nagusienetako bi final handian egongo dira, finalerdian gogotik sufritu ondoren: batetik, etxekoen hautagaia, Unai Lekerika gernika-lumotarra; bestetik, bere profesional ibilbideko azken txapelketa jokatzen ari den Iñaki Osa Goikoetxea zumaiar beteranoa. Finala orduko azken geltokian bikote sendo askoa eduki zuten aurkari, Johan Sorozabal miarriztar gazteak eta Imanol Lopez zumaiarrak osatutakoa. Jai Alai katedrala behin eta berriro zutundu egin zuten lau puntistek, maila itzeleko tantoak eginez, Zalantzen Txokoa agortuz eta denetatik eduki zuen berdinketa hausteagaz.
Lehen setaren lehen txanpak berdintasuna bistaratu zuen, markagailuak bikote marroiaren nagusitasuna islatu arren
Norgehiagokaren lehenengo unetik argi eta garbi geratu zen intentsitatea izango zela mintzagai nagusia; intentsitatea kantxan eta intentsitatea harmailetan. Sorozabalek eta Lopezek osatutako bikote horiak tanto bikain bigaz ipini zuen abian finalerdia. Bikote marroiak, baina, irmotasunez erantzun zion. Errebote bategaz lortu zuen 2-2koa Goikoetxeak; jarraian, Sorozabalek 2-4koa ezarri zuen markagailuan, tanto eder bat alboz borobilduz; Lekerikak, gero, 3-4koa lortu zuen, pilotakada batera ozta-ozta ailegatuz baina albotik egindako horma biko bategaz; ostean, Goikok beste bat egin zuen, 5-4koa ezarriz; segituan, eskumagaz zabaletik astindu zuen pilota gipuzkoarrak, 5-4koa lortuz eta bere bertsiorik onena erakutsiz. Oro har itxura guztietako tantoez gozatzeko aukera paregabea eduki zuten beste jardunaldi batez pilotalekuko harmailak kolkoraino bete zituzten jarraitzaileek. Lehen setaren lehen txanpak berdintasuna bistaratu zuen, markagailuak bikote marroiaren nagusitasuna islatu arren. Sorozabalen eta Lopezen egiteko nagusia partiduaren inertzia aldatzea eta markagailuan atzean ez geratzea izan zen. Aurrealdeko koadroetan, zumaiarrak miarriztarra menpean hartu zuen; Sorozabalek, izan ere, ez zuen partidurik distiratsuena eduki bai sakeei zegokienez, bai erremateak egiterakoan. Lehen setaren amaieran, 15-8koa erakutsi zuen Jai Alaiko markagailuak.
Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarrenaren hasieran, baina, finalaurrekoaren gidoia errotik aldatu zen. Set bitarteko atsedenaldiak ez zien inondik inora onik egin marroiei, eta horiek hori beraien alde baliatu zuten. Ziztu bizian tantoak eginez, 0-5 aurreratu ziren Sorozabal eta Lopez. Finalerdia ez zegoen erabakita; oraindik partidua zegoen aurretik. Lapurtarrak abiadura bizia eman zion pilotari, bere atzelariaren gomendioei jaramon eginez. Lopezek maisuki igarri zituen aurkarien ahuleziak, eta Sorozabalek asmatu zuen Goikoetxearen eta Lekerikaren akatsak azaleratzen. Aipagarria izan zen, bestalde, 2-8koa ezarri zuen jokaldia: boteprontora sartu zen Sorozabal, molde berberagaz erantzun zion Lekerikak, baina atzelari gernika-lumotarrak horma bikoagaz borobildu zuen tantoa. Bi hormako jokaldiak, hain zuzen ere, lagun izan zituen etxeko puntistak: 5-9koa ere era hartara lortu zuen. Edozelan ere, larrutik kostatu zitzaien beren hautagaitza plazaratzea; Sorozabalen ausardiak eta kalitateak ez zizkien gauzak erraz utzi, ezta Lopezen maisutasunak ere. Miarritzeko aurrelariak gogoratzeko moduko errebeskada bategaz lortu zuen 7-14koa. Bikote marroiak 9-14rainoko bidea egin zuen, baina setaren amaieran horiek beste puntutxo bat eman zioten finalaurrekoari, eta 9-15ekoagaz poltsikoratu zuten bigarren seta. Finalerdia berdinketa haustean erabakiko zen, horrenbestez.
Berdinketa hausteko material aldaketagaz, Sorozabalek eta Lopezek Lekerika txokoratzea eta presio guztia bere bizkarrera pasatzea bilatu zuten
Zirt edo zart.
Hirugarren eta azken set hartan, Goikoetxea eta Lekerika 1-0 aurreratu ziren, baina segituan etorri zen banako berdinketa. Lopezek, berriro ere azti jokatuz, materialez aldatzea erabaki zuen orduan. Kale edo bale egin beharra zuten. Helburu argi askoa zuten horiek: Lekerika txokoratzea eta presio guztia bere bizkarrera pasatzea. Aurkarien aurrean kamustetik oso urrun, etxekoa hazi egin zen bere jarraitzaile tropel fidelaren aurrean: eskumagaz dotore jokatuz, pilota gura zuen tokira doi-doi bidali zuen, eta markagailuan 2-1ekoa ezarri. Hurrengo tantoa izan zen, beharbada, finalaurreko osoko distiratsuena eta gogoangarriena: piloteo fase baten ondoren, Lopezek lurretik altxatu zuen txik-txak bat, baina Goikok ondo erantzun zion; Sorozabalek ere kantxako zorua bere egin zuen, baina pilota eroan zuena bere atzelaria izan zen, Lopezek belauniko jarrita errebeskadaz eroan baitzuen pilota. Azkenean, Lekerikak urregorrizko tanto hura eskuratu zuen, Sorozabal gaztea horma bikoagaz ezustean harrapatuz. 3-1ekoagaz, partiduak biktoe marroiaren alde apur bat bideratuta zegoela eman arren, hurrengo tantoan gernika-lumotarrak huts egin zuen, jokaldi mota berbera ezin izan baitzuen bere alde borobildu: 3-2koa markagailuan.
Argazkia: Eraman Jai Alai.
Pilota mantsoagaz, puntistek lanak eduki zituzten hura kantxan indartsu mugiarazteko. Goikok, gainera, akats larria egin zuen, eta berriro berdinketara ailegatu ziren: 3-3. Tentsioa jaun eta jabe zen. Une hartan, Zalantzen Txokoa norgehiagokako ekuazioan sartu zen. Izan ere, Lekerikak errebeskadaz jaurti zuen ezker paretara zabaldu zen pilota; hain zuzen, asko zabaldu zen eta ez zen batere argi geratu botea barruan ala kanpoan egin zuen. Lopezek behin eta berriro adierazi zuen kanpoan ikusi zuela; belarria seinalatu zituen etengabe, kantxaren kanpoaldeko egur hotsari keinu eginez. Epaileek tantoa ontzat jo zuten. Tentsioa nonahi. Marroiek 4-3koagaz ekin zioten azken tarteari, beraz. Dena dela, Lopez ez zegoen finalerako txartelari ihes egiten uzteko prest: zumaiarrak sinistu ezinezko tanto bi eroan zituen, eta jarraian txapa gainean estu-estu doitu zuen pilota. 4-4koagaz, neguko zesta-punta txapelketa hadienaren finalerako sailkapena tanto bakar baten menpe zegoen. Sorozabalek partiduko bosgarren eta azken pasa egin zuen sakean. Bigarrenez atera eta gero, Lekerikak ondo egin zuen errestoa, Lopezek eskumakada batez erantzun zion, eta etxeko pilotariak ezker paretera hurreratuz burutu zuen tantoa. Puntisten arteko besarkada estuekin eta ikusleen zalapartagaz amaitu zen lehendabiziko finalaurrekoa. Partidu bati ezin zaio emozio eta maila handigorik eskatu.
Hurrengo astelehenean [otsailak 5] jakin ahalko da bigarren bikote finalista zein izango den. Bigarren finalerdiak ere neurketa ahaztezina izateko osagai den-denak dauzka, ez baitago faborito argirik eta kantxaratuko diren lau puntistak goi-mailakoak baitira. Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak Jean Dominique Olharan paubetarra eta Julen Del Rio gasteiztarra edukiko dituzte aurrez aurre.