Emakumeentzako aholkularitza juridikoa eskainiko dute Bermeon
Gaian aditu den Clara Campoamor elkartea arduratuko da zerbitzua eskaintzeaz. Zerbitzua otsailaren 6an [martitzena] hasiko da, eta erabili nahi duten emakumeek aldez aurretik eskatu beharko dute hitzordua.
Bermeoko Udalaren Berdintasun Sailak emakumeentzako aholkularitza juridikoa eskainiko du otsailaren 6tik [martitzena] aurrera. Erasoren bat jaso duten emakumeek erabili ahal izango dute zerbitzua, eta familia kontuei buruz ere aritu ahal izango dira. Clara Campoamor elkarteak eskainiko du zerbitzua, gaian aditu den Ana Sanchez teknikariaren bitartez. Udalak 14.998 euro bideratuko ditu zerbitzu horretara.
Aholkularitza zerbitzua martitzenero eskainiko da, Gizarte Ongizate Sarean (GOS), 09:30etik 13:30era. Saio bakoitzak 30 edo 45 minutu bitarteko iraupena izango du, eta erabiltzaileek euskaraz zein gazteleraz egitea eskatzeko aukera izango dute. Zerbitzua “beharrezkoa” dela nabarmendu du Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun Saileko zinegotziak. Izan ere, emakumeentzako aholkularitza “ez da herri guztietan dagoen zerbitzu bat, baina eskertzekoa da herrian horrelako zerbitzua eduki ahal izatea”. Zentzu horretan, udalean “gabezia” antzematen zutela adierazi du: “Bermeoko Udalak dituen baliabideekin ezinezkoa zen aholkularitza juridikoaren zerbitzua ematea, horregatik erabaki dugu Clara Campoamor elkarteagaz egitea”.
Zerbitzua erabiltzeko hitzordua eskatzeko aukera zabalik dago. Interesa dutenek aldez aurretik zehaztu beharko dute hitzordua berdintasuna@bermeo.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita, 94-617 91 60 telefono zenbakira deituta edo Gizarte Ongizate Sareako sarrerara bertaratuta.