Bizitasunez bete dituzte San Polikarpo jaiak
San Polikarpo egunez, herritar asko elkartu ziren eguerdian. Meza ostean, txupinazoak iragarri zuen San Polikarpo patroiaren jaien hasiera, eta pintxo, dantza eta trikiti doinuen artean batu ziren herritarrak. Artie Dantza Taldearen emanaldian dotore aritu ziren, eta Urrutia anaien trikiti eta pandero hotsen artean, mokadutxo goxoa dastatu zuten. Iluntzeko pilota partiduek ere “erantzun oso ona” jaso zuten, eta baita Xaiborren disko festak ere. “Asteburua oso ondo joan da, bariku goizean hasita, ekintza guztietan sekulako parte hartzea egon da”, esan du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak.
Zapatu goizean jokatu zituzten I. San Polikarpo Pala Txapelketaren finalak. Gomazko pala txapelketan Ibon Larrinaga eta Karlos Alzola geratu ziren txapeldun, eta pala motzekoan Jon Ibañez eta Jon Urturi.
Larrinagak eta Alzolak 30 eta 20 irabazi zieten Igor Sierrari eta Ander Undari. 12:00ak aldera hasi zuten beste finala lehiatuagoa izan zen; Ibañezek eta Urturik Unai Arrizabalagaren eta Paul Solagurenen kontra jokatu zuten finala, eta 40 eta 39 nagusi ziren.
Arratsaldean, Gora Bihotzak antzerki musikalagaz giro ederra eduki zuten frontoian, “parte hartze handia egon zen”. Halaber, atzoko San Polikarpo Herri Lasterketan umeen parte hartzea nabarmendu zen; 60 bat ume aritu ziren arineketan, eta, amaieran, medaila bana jaso zuten. Nagusienean, berriz, hamabost bat korrikalarik lehiatu zuten lasterketa. Enrique Pobeñak eta Ester Zarandonak irabazi zuten lasterketa. Gizonezkoetan Saituak eta Eñaut Iturriagak osatu zuten podiuma, eta emakumezkoetan Enar Bardon sailkatu zen bigarren eta Ainhoa Bardon hirugarren.
Montorre Herri Eskolako Gurasoen Elkarteak, Gartiape Kirol Klubak eta Gaztelu Zar txokoak elkarlanean antolatu zuten proba, eta alkateak esan bezala, jaiak borobiltzeko “giro ederra” sortu zen: “Giro polita sortu zen. Nagusienean ez zen hainbeste jende egon, Etxera Trail ere egon baitzen Gernikan, eta Bermeon ere herri lasterketa eduki baitzuten. Baina oso ondo egon zen, parke inguruan aritu ziren korrika, eta ikusteko ere oso polita izan zen. Gainera, eguraldiak lagundu zuen, eta jende asko batu ginen Gaztelu Zar txokoan”.