701 korrikalariren bihotz taupadek bat egin dute Bermeon
Bermeoko XVIII. Herri Lasterketan 900 euro bildu dituzte Bermeoko Institutuko Gela Egonkorreko ikasleentzat.
701 korrikalarik parte hartu zuten Bermeoko XVIII. Herri Lasterketan atzo (urtarrilak 28), eta udal ordezkariek nabarmendu dute “egun polita” izan zela. Umeak, gazteak eta nagusiak kontuan hartuta, 336 neska eta 365 mutil aritu ziren arineketan. Azaldu dutenez, 125 korrikalarik hasi zuten lasterketa nagusia, eta 100ek amaitu zuten, eta umeen eta gazteen lasterketetan, ostera, 576 parte hartzaile egon ziren.
Hain zuzen ere, lau adin-tartetan banatuta osatu zuten proba; 3 eta 6 urte bitarteko umeek 100 metroko lasterketa egin zuten, 7 eta 10 urte bitartekoek 800 metrokoa, 11 eta 14 urte bitartekoek 1,5 km-koa eta 14 urtetik gorakoek 8 km-koa.
Lasterketa herrikoian bildutako dirua Bermeoko Institutuko Gela Egonkorrera bideratu dute aurten, bertako umeen artean “kirol ohitura osasuntsuen sustapenerako”. 900 euro batu dituztela jakinarazi dute: “Anonimo batzuek emandako dirua ere kontuan hartu da”.
Bermeoko Udaletik parte hartzaile guztiei eskerrak emateagaz batera, antolakuntza lanetan aritu ziren Taraska Gazte-Zahar taldeari eta San Frantzisko Herri Ikastetxeko gurasoen elkarteko kideei esker ona adierazi diete, baita boluntarioei ere: “Eskerrak eman dizkiegu antolaketa lanetan laguntzeagatik, eta baita herri lasterketa martxa onean joatea posible egin duten boluntario guzti-guztiei ere, asko izan baitira”.
Argazkiak: Bermeoko Udala