1.600 hankak, oinez; 1.600 eztarrik, aldarri
VI. Etxera Trailek inoizko parte hartzerik handiena eduki du: 1.600 mendizale inguru elkartu dira mendia, kirola eta aldarrikapen soziala ezkontzen dituen jaian. Antolakuntza lantaldeak aurtengo ekitaldiaren balorazio "bikaina" egin du.
Domekan [urtarrilak 29], Gernika-Lumo inguruko mendiak euskal preso politikoen aldeko urteroko kirol manifestazioaren agertoki bilakatu ziren: VI. Etxera Trail mendi jaia egin zuten. Aurtengoak marka denak apurtu ditu: 1.600 mendizale elkartu ziren Pasealekuko irteera eta helmuga eremuan. Aurretiazko izen emateen datuek eta iragarrita zegoen eguraldi onak parte hartzea oso esanguratsua izango zela aurreratzen zuten, baina bertaratutako euskal herritarren kopurua “ez sinestekoa” izan zen, antolatzaileek azaldu dutenez: “Argi eta garbi geratu da herritarrek badutela sentsibitatea Etxera Trailek bistaratzen duen kausarekiko; adin, profil eta jatorri guztietako mendizaleak elkartu dira Gernika-Lumon, baina denek ala denek motibazio edo konpromiso hori daukatela frogatu dute”.
Hiru ibilbide eduki zituzten aukeran mendizaleek: martxa luzea, laburra eta mendi lasterketa. Martxa luzeak hartu zuen partaidetzarik handiena, baina ez zen parte hartzailerik falta izan gainontzekoetan ere. Izan ere, ibilbide laburrak familia eta lagun talde ugari erakarri zituen. Lasterketari dagokionez, lehiaketa “bigarren mailan” utzi bazuten ere, antolatzaileek argitu dute “egundoko maila” egon zela. Asier Azkarate arrasatearra eta Maria Zorroza gernika-lumotarra nagusitu ziren; lehenak 1.12.20ko denbora behar izan zuen 16 kilometroak egiteko, eta bigarrenak, ostera, 1.23.01ekoa. Emakumezkoen podiuma Oihana Azkorbeitiak (1.24.03) eta Oihane Unzaluk (1.25.23) osatu zuten; gizonezkoena, berriz, Ekaitz Lejarzegik (1.12.33) eta Ander Olazabalek (1.13.15).
Ibilbideko markak, kenduta.
Antolakuntzatik adierazi dute egitaraua “bikain” atera zela: “Mendizaleen jarrera aparta izan zen, bai mendian, bai probak amaituta. Ez zen inongo arazorik egon; hain zuzen, istripu bakarra gertatu zen, eta ez zen batere larria izan. Alde horretatik, pozik gaude, proposatutako neurriek fruitua eman zutelako”. Neurri horien artean esanguratsuenetakoa martxa luzearen eta mendi lasterketaren ibilbide hasierako aldaketa izan zen: San Luziatik Tramara eta handik Errigoitira igoteko tartearen hasieran, bide alternatiboa proposatu zuten, martxalari eta korrikalari pilaketarik egon ez zedin; prestatu zutenak funtzionatu egin zuen, ez baitzen toki hartan inongo pilaketarik egon.
“Markak desagertzearen harira, geure haserrea bistaratu gura dugu, eta eskatu horrelakorik berriro ez gertatzea”
Edozelan ere, domeka goizean norbaitek ibilbideetako zenbait marka kendu egin zituela nabarmendu dute: “Goizeko lehen orduan ibilbideak ikuskatu zituztenek dena prestatu legez topatu zuten, baina gero kargutu ziren zenbait marka kenduta zeudela. Zentzu horretan, antolakuntzatik geure haserrea bistaratu gura dugu, eta eskatu horrelakorik berriro ez gertatzea”.
Inondik inora hutsik egin ez zuena eguerdiko pintxo potea izan zen: “Tiket sistemak, beste urte batez, ederto funtzionatu zuen. Hori bai, hainbesterainoko jendetza bildu zenez, hurrengo urtean tabernen kopurua apur bat handitzea bilatuko dugu. Arranon, Zeppelinen, Tximistan, Picasson eta Sasoien egon da aurten pintxo potea; hurrengo urtean taberna gehiago izatea gura genuke, jende pilaketak eta tabernetako beharginen lan gainkarga saihesteko”.
“Azkenengo Etxera Trail izatea espero dugu, horrek presoak etxean ditugula esan gura lukeelako”
Oro har, aurtengo ekitaldia “inoizko arrakastatsuena” izan dela azpimarratu dute antolatzaileek, mendizaleen partaidetzari eta egitarauak edukitako jarraipenari dagokienez. Dena dela, adierazi dute 2024koa, zelan edo halan, “azkenengo Etxera Trail izatea” espero dutela: “Horrek presoak etxean ditugula esan gura lukeelako”.