"Gurean zeurea", kultura ondarera herritarrak hubiltzeko hitzorduak
'Gurean zeurea' kultur programazioa prestatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. 150 kultur jarduera baino gehiago, aldi baterako 16 erakusketa berri, zazpi programa berezi eta zazpi argitalpen berri prestatu dituzte aurtengorako. Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak eta Kortezubiko Santimamiñe eta Omako basoak parte hartzen dute.
Bizkaiko foru museo, areto eta interes historikoko lekuak “bizirik” mantentzeko asmoz, Gurean zeurea. Vive lo que somos kultur programazioa prestatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. 150 kultur jarduera baino gehiago, aldi baterako 16 erakusketa berri, zazpi programa berezi eta zazpi argitalpen berri prestatu dituzte aurtengorako. Aldundiak kudeatutako sei museok, bi aretok eta lau enklabek osatuko dute programazioa, tartean Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak eta Kortezubiko Santimamiñe eta Omako basoak.
“Aldundiaren museoak, aretoak eta guneak gure historiaren benetako zaintzariak dira, gizarte modura definitzen gaituen ondarearen zaindariak”, adierazi du Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak. Gaineratu duenez, museo horiek bizirik mantenduz gero, bizkaitarren iragana zaintzeaz gain, “ezagutzak eta ulermenak aberastutako etorkizuna eraikitzeko” pauso berri bat emango dute. Hori dela eta, diputatuak kultura zeharkaldi hau egitera gonbidatu ditu herritarrak, “espazio horiek eskaintzen dituzten esperientziez gozatzera”, eta kultura eguneroko bizitzetan errotuta dagoen gauza modura sentitzera.
Foru guneen programazioak aldi baterako 16 erakusketa berri eskainiko ditu aurten, kulturaren eta ondarearen inguruan antolatutakoak; tartean daude Arrantzaleen Museoak egingo duen Bermeo. Portu Zaharra 1880-2024 erakusketa eta Euskal Herria Museoan egongo diren aldi baterako hiru bildumak: Todo mejora con la alimentacion ecologica-Eko Lurra; Arturi Acebal Idigoras. Entre Euskadi y Argentina; eta Sonia Ruedaren Hitz politak.
Adin guztietako ikusleei zuzendutako programa osatzeko tailerrak, solasaldiak, bisita gidatuak, hitzaldiak, ibilbideak edo antzezpenak antolatu dituzte; hain zuzen ere, 150 jarduera baino gehiago antolatuko dituzte museo, areto eta foru guneetan. Jarduera guztiek ezaugarri komun bat izango dute: Bizkaiko kultura ondarearen hainbat alderdi modu atsegin eta erakargarrian ezagutaraztea.
Jakinarazi dute zenbait data berezi daudela aurtengo kultur programan, Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena, esaterako.
Urteko katalogoak, gainera, urtean zehar garatuko diren programa bereziak jasotzen ditu: Ibilbide historikoak oinez edo tren turistikoz edo Ondarearen Europako Jardunaldiak. Lehenengoak, Bizkaiko ondare ezohikoena eta ezezagunea ezagutzeko aukera eskaintzen du Lea-Artibain zein Busturialdean. Ondarearen jardunaldiek, berriz, ehundik gora jarduera biltzen dituzte, eta horretan parte hartzen dute 40 museok baino gehiagok. Bestalde, Museoen Nazioarteko Egunean Bizkaian dauden museoen aberastasuna ikusarazten da, eta MusEkintza programaren bitartez, aretoak arte eszenikoz betetzen dira.
Ziurtatu dutenez, Omako basoak bisita libreak eta gidatuak eskaintzen jarraituko du urte osoan, baina beharrezkoa izango da aldez aurretik erreserba egitea.