Bertso Eguna: bertsozaleak elkartu eta harrotzen dituen eguna
Ehunka lagun elkartu dira gaur Gernika-Lumoko Bertso Egunean. Garriko bertso eskolari aipamena eginez eta bertso eskolen lana azpimarratuz hasi dute eguna. Gero, 200 lagun inguru elkartu dira Astran, bazkaltzeko. Arratsaldean, bertso saioan elkartuko dira, eta DJ Bullekin agurtuko dute eguna.
Heldu da Bertso Eguna,
iragarrita genduna,
bertsozaleok alkartu
eta harrotzen gaituna.
Iragarrita genduna
eta harrotzen gaituna.
Kopla hori kantatuta eman diote ondoetorria Bertso Egunari Ariatzako Atxelipe txokoan, Garriko bertso eskolak landatutako hazia ernaldu zen Ariatzako eskolaren ondoan. Bertsozaleak elkartzen eta harrotzen dituen eguna da gaurkoa, eta Muxikan hasi den arren, Gernikan ari dira ospatzen orain.
Bertsotarako bilgune izateari dagokionez, aitzindaria da Muxikako Garriko bertso eskola, eta Balendin Enbeitak behinola landatutako arbola orritsu horren inguruan hasi dute eguna:
Eskola klandestinoa,
epoka denganinoa;
Fuenterrabia tabernan
emoten zan lezinoa.
Epoka denganinoa,
emoten zan lezinoa.
Onintza Enbeitak gogoratu duenez, Ariatzako eskolan hasi zen gaur Atxelipe txokoan bildutako askoren bertso ibilbidea. Izan ere, duela 65 urte sortu zuten Pedro Ajuriak eta Balendin Enbeitak Garriko bertso eskola, Euskal Herriko lehen bertso eskola. “65 urte dira gutxi gorabehera, Fuenterrabia tabernan, Pedro Ajuria eta Balendin Enbeita hasi zirela bertsotan erakusten, edo, seguruenik, eurek bertsotan egiteko aitzaki on bat topatzen. 60ko hamarkada haretan, bertsoagaz, euskaragaz eta kulturagaz lotura oso garrantzitsua hasi zen ehuntzen Muxikan. Eta ondoko eskolan āAriatzakoanā, hasi zen ehuntzen hemen gauden askoren bertso ibilbidea. Beraz, guretzat ohore eta plazer handi bat da gaur Bertso Egunari hasiera ematea”, adierazi du Enbeitak.
Hori esan eta Garriko bertso eskolako bigarren hamarkadako bultzatzaile eta sortzaile “garrantzitsua” izan zen Jon Enbeitak bota du bertsoa: Jai berezia hastera goaz, eskolarik zaharrenean. 65 urte dira hasi ginela lanean, leku hoberik ezin hautatu bertsolari egunean.
Eskola oparoa zen Garriko, eta, gogoratu dute, eskolatik atera direla, behintzat, lauzpabost txapeldun. Memoria eginda, Ariatzako bertsoaren historia eta gaur arte zaindutako harrobia gogoan eduki dute Muxikan bildutakoek, baita gaur egun Lilibertso egiten ari den lana ere:
Hara gaurko memoria,
Aritzako historia,
‘Txotxojeuri’tik gaur arte
zaindutako harrobia.
Aritzako historia
zaindutako harrobia.
Eskerrik asko esanez,
Muxikan halan garenez,
Lilibertso eskolara
ei goaz orain, aidanez.
Muxikan halan garenez,
ei goaz orain, aidanez.
Bizkaiko elkartearen inguruan ibiltzen direnek dakiten modura, Moises Enbeitak egindako kopla sorta horiekin eman diote hasiera egunari, eta hark bertso eskolan egindako lana azpimarratu dute. Gero,Ā Garrikon erabiltzen zuten “kopla doinu enblematikoan” aritu dira bertsotan eskolako kide izandakoak.
Belate Olabarria Bizkaiko Bertso Eskolako zuzendariak hartu du hitza gero, eta antolatzaileei eskerrak eman ostean, bertsoaren inguruan gozatzeko deia egin du: “Elkartearen izenean, esker ona antzina egindako lanari: Izan zirelako, garelako eta izango direlako”. Hori esan eta Garriko bertso eskolakoei oroigarria eman die.
Bertso poteoa.
Jai egunari hasiera emanda, Gernikara joan dira bertsozaleak. Udalerrian bertso pote eta kalejiran aritu dira, eta bertso eskoletako kideek hartu dute protagonismoa orduan. Izan ere, bertso eskolei aitortza egin gura izan diete Bertsozale Elkarteko eta Lilibertsoko antolatzaileek aurten, eta horiek daukaten garrantzia azpimarratu dute. Ze, euren ustez, bertsoaren ekosisteman bertso eskolak dira bertsozaletasuna bultzatzeko “pisu handiena” daramatenak: “Bertso eskola barik ez zen bertsolaririk egongo. Ez zen antolatzailerik egongo. Eta ez zen bertsoak mugitzen duen jende masa hori existituko”.
Hori dela eta, geldialdiz geldialdi, bertso eskoletako kideak aritu dira giroa berotzen, jendea alaitzen, eta eguna bertsoz janzten. Ipar Euskal Herrikoek, Gipuzkoakoek zein bizkaitarrek hartu duteĀ mikrofonoa, eta denetariko gaiak landu dituzte han eta hemen.
Armaginen lantegia izan da bazkaldu aurreko azken geltokia, eta Lilibertsokoek izan dute poteoa agurtzeko ardura: Bertso poteo, bertso bazkari, jaialdi eta DJ Bull, zapatuetan guztiok a full, eta domeketan ahul.
Ehunka bertsozale, bertso ikasle zein bertsolari elkartu dira gaurkoan, belaunaldi ezberdinetako kideak, gainera. Koldo Gezuraga Lilibertsoko kide eta antolatzaileetako batek azaldu duenez, eguna “ederto” ari dira ospatzen. “Guretzako oso garrantzitsua izan da eguna Muxikan hastea, guretzako Garriko bertso eskola izan delako gure eskualdean bertsoa sustatu duen lehen eragilea, urte askotako historia daukana. Euskal Herriko lehenengo bertso eskola da, eta gaur arte lanean jarraitzen dute”, adierazi du Gezuragak.
Gaurko egunagaz bertsoari “zabalpena” ematea lortu dutela dio Lilibertsoko kideak: “Guretzako sekulakoa eguna da. Jendea ari da enteratzen Bertso Eguna dela gaurkoa, eta horrek asko betetzen gaitu. Trasmisioa bultzatzeko beste pauso bat ere bada. Gazte asko bertaratu dira, eta hori oso positiboa da. Garrantzitsua da garaiotan, horrelako eremuak izatea horren ohikoa ez den garai honetan, Bertso Eguna bezalako leku seguruak sortzea.
Egitarauak aurrera darrai, izan ere, 17:00etan, bertso saio aparta hasiko da kulturarako fabrika sozialean: Sustrai Colina, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan. Ostean, DJ Bullek girotuko du egonaldia.