Nestor Basterretxeari aitortza, artista bermeotarraren jaiotzaren mendeurrenean
Nestor Basterretxea XX. mendeko euskal artista esanguratsuenetako baten "ondarearen zabaltasuna eta sakontasuna" balioan jarriko dute aurten, baita bermeotarraren konpromiso soziala eta Euskal Herriko iruditeria kolektiboari egin dion ekarpena ere. Denetariko jarduerak prestatu dituzte urteurrenerako, tartean Bermeon.
100 urte beteko dira aurten Nestor Basterretxea artista bermeotarra jaio zela. 1924ko maiatzaren 6an jaio zen Euskal Herriko artistarik “eragingarrienetakoa, polifazetikoena eta joan den mendeko 50. hamarkadatik aurrera euskal artea berritzen gehien” eragin zuenetariko bat. Margolaritzan eta eskulturan, zineman, ilustrazioan, diseinuan eta euskal kulturaren sustapenean egindako lanaren “zabaltasunak eta sakontasunak” irudi poliedriko eta berezko eskubidez “estimagarria” bihurtzen dute Basterretxea Peio Agirre idazle eta komisarioaren berbetan.
Ondorioz, mendeurrenaren urte honetarako eta 2025erako denetariko ekintzak prestatu dituzte hogei kultur erakunde eta entitate baino gehiagok, eta gaur [urtarrilak 26] aurkeztu dituzte Artium Museoan, Gasteizen. Bertan egongo dira Bermeoko Udaleko ordezkariak –Nadia Nemeh alkatea eta Endika Etxebarria zinegotzia–, eta adierazi dute maiatzerako, urrirako eta azarorako ekintzak prestatzen ari direla; egunak eta ekintzak jakinarazten joango dira.
Gaur gaurkoz, Nestor lagun artean hitzaldia eta Nestor Basterretxearekin hizketan bideo emanaldia prestatu dituzte Arrantzaleen Museoan egiteko, Bego Gangoitik zuzenduta. Eta, lore eskaintza ere egingo diote maiatzaren 4an, bere jaiotzaren urteurrenetik gertu. Urrian eta azaroan, berriz, hainbeste bisita gidatu egingo dituzte Bermeon dauden Basterretxearen obren inguruan.
Zupiria: “Basterretxeak artea bere herriaren beharrei erantzuteko zerbitzu gisa ulertu zuen”
Miren Vadillo Artearen Historian doktoreak esan du Basterretxearen lanak eta bizitzak “Euskal Herriarentzako arrasto handiko bizi eta arte ondarea” osatu zuen, estetikaz haragoko eraginarekin. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, bermeotarraren lana “ez da erabat ulertzen” artearekin eta bere herriarekin zuen konpromisoa kontutan eduki barik: “Basterretxeak bere herriarekiko konpromisoa hartu zuen artearen ikuspegitik, eta artea bere herriaren beharrei erantzuteko zerbitzu gisa ulertu zuen”.
Mikel eta Monica Basterretxeak, artistaren seme-alabek, euren aitaren ibilbidea gogoratu dute, hari berba eginez: “Ordu zoriontsu asko igaro zenituen kalean lagunekin eta anai-arrebekin, baina batez ere, irudimen handia eduki zenuen, lurralde seguruagoetara eramaten zintuena, eta zeinetan edertasuna gauza guztiei gailentzen baitzitzaien zure pertzepzioak aldatuz eta zabalduz”. Euren aitak ikasketa eta heziketa katolikoak izan zituen arren, ateo bihurtu zela esan eta 14 urtegaz erbestera joan behar izan zuela gogoratu dute: “Bihurtu zinen, milaka lagun bezala, eredatu zenuen ingurumenaren nomada”.
Egunerokotasunetik aldenduz, artearen ahalmen “eraldatzailea” izan zuela aitak esan dute, beste mintzaira batzuez jabetu zelako, beste zalantza batzuez, baina batez ere gauza batez: “Ohartu zinen aldatzea ezinbestekoa zela testuinguru propio bat eraikkitzeko”.
Argentina izan zuen aldaketa horren lehen lekuko Nestor Basterretxeak, han hasi baitzen bere burua marrazkilari bezala, artista bezala definitzen. “Han eduki zenuen diaspora, zure jatorriak oroitarazten zizkizuna. Han eduki zenuen zure adiskide Oteiza, zeina harrezkero maitatu zenuen. Han eduki zenuen emaztea, Maria Isabel Irurzun, bizitza osoan lagun izan zenuena eta eskuzabaltasunez eman zizuna zure grina bizi ahal izateko behar zenuena”, gogoratu dute.
Monica Basterretxea: “Jolas egiten zenuen formekin, edozein materialek balio zizun errealitatea eraldatzeko”
Margo bat, marra bat, “hutsala eta bizigabea zirudien guztia” estetika pertsonal baten elementu bihurtzen zuen Basterretxeak. “Begirada sarritan pausatzen zenuen bestearena zen hartan, edo irrika kolektiba batean, eta, hari garrantzia eman, eta zerbait intimo eta baliotsu bihurtzen zenuen. Zure aberriak eduki zenituen, haien alde lehiatu zinen ehunka ideiekin eta moduekin, eta haiek definituz joan zen arte alor anitzek definitutako zure bidea. Barrutik ateratzen zitzaizkizun, edo zure eskuetara iristen ziren proiektu guztietan, ilusioz ekiten zenien agertzen zitzaizkizun erronkei”, aitortu dute senideek. “Jolas egiten zenuen formekin, edozein materialek balio zizun errealitatea eraldatzeko. Arantzazutik abiatu zinen, non lehen pintura muralak elizaren zentsurak ezabatu zizkizun, eta Idurmendietan pausatu zinen, zeinetan azken collageak egin baitzenituen marra ahul eta zalantzatiz, zure azken keinuak haiek izango zirela xumatuz”.
Euskal Herria izan zuen aberri Basterretxeak, eta herritarrek hura gogoratzea gura zutela esan dute seme-alabek: “Ehun urte denbora luzea da zaharturik jaiotzen diren ametsentzat, baina ez honaino lagundu digutenentzat. Irrikatzen zenuen luzaroan irautea, ebokazioak eta oroitzapenak zu gogoratzetik zu ezagutzera eraman gintzaten, eta hori da bidaia komun honen alegina”.
Webgunea.
Hori dela eta, bermeotarrak herriari zein Euskal Herriari egindako ekarpena kontutan izanda, denetariko jarduerak egingo dituzte haren lana balioan jartzeko; besteak beste, erakusketak, ikus-entzunezko programak edota kultura eta argitalpen jarduerak.
Mendeurreneko ekimenak, gainera, Basterretxearen bizitzari edota obrari buruzko informazioa eta baliabideak bilduko dituen webgune bategaz osatuko dituzte. “Webgune horrek Basterretxearen familiak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo – Artium Museoari dohaintzan emandako artxibo baliotsuetara sartzeko aukera eskainiko du”, ziurtatu dute antolatzaileek. Mendeurreneko lehen erakusketagaz batera jarriko da martxan, eta testu eta irudien bidezko ibilbide bat jasoko du. Ziurtatu dutenez, webguneak aukera emango du Basterretxearen sorkuntza-esparru batzuekiko eta besteekiko interes aniztasuna eta izan duen eragina hurbiletik ezagutzeko. “Era berean,artistaren irudiari buruzko mendeurrenaren testuinguruan Telmo Basterretxea ekoizten ari den bideo sorta ere espazio horretan egongo da”, gehitu dute.
Horrez gain, web orrialdean jarriko duten denbora lerro batek artistaren biografiaren “funtsezko mugarriak” adieraziko ditu, eta mapa batek, aldiz, haren obra publikoa non dagoen adieraziko du.
Artistaren denetariko alderdiak lantzeko egitaraua otsailaren 28an hasiko da Bilboko Arte Ederren Museoan, Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketagaz. Artistak 50eko hamarkadatik XXI. meendeko lehen hamarkadara arte esparru horietan egindako lanak ezagutaraziko dituzte bilduma horretan. Apirilean, Irungo Menchu Gal aretoak Basterretxea Irunen (1957-1975) erakusketa aurkeztuko du, artistaren ekoizpen artistiko esperimentalenean oinarrituta. Maiatzaren 10etik aurrera, Artium Museoak Basterretxea artxiboan erakusketagaz bermeotarraren ekoizpen zinematografikoan sakonduko du ikuspegi dokumentaletik; bertan aurkeztuko dute artxibo digitala. Era berean, artistaren Euskal serie kosmogoniko garrantzitsua egongo da Montehermoso kulturgunean, ekainaren 27tik aurrera.
Azaroan, Durangoko Arte eta Historia Museoak Nestor Basterretxea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea erakusketa eskiniko dio, eta Donostiako San Telmo Museoak, aldiz, Bilduma baten loturak: Nestor Basterretxea eta San Telmo Museoa.
Ikus-entzunezkoak.
Bestalde artista bermeotarrak zinemaren alorrean egindako lana eta harekiko etengabeko harremana –bere ikus-entzunezko ekoizpena barne–, luze eta zabal aztertuko du Euskadiko Filmategiak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak antolatutako programetan. Erakunde horiek, hain zuzen, 2025eko udazkenean Basterretxearen zinematrografiari buruzko lan monografiko bat kaleratzea aurreikusi dute: ZINE: ikerketa zinemetografikorako koadernoak sailaren baitan.
Iruñeko Punto de Vista Jaialdiak eta Jorge Oteiza Museoak elkarlanean prestatuko dute Nestor Basterretxea eta irudia izeneko ikus-entzunezko programa, eta martxoaren 16an programatuko da museoan. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, aldiz, artistaren filmografia osoa proiektatuko du udazkeneko zinema zikloan.
Bestalde, Eusko Legebiltzarrak, aurten, Haritz enblematiko bi mendeurren baterako: “Izaro” eta “Gernikako Arbolari omenaldia” izeneko jarduera programa eskainiko du. Horrez gain, Etxepare Institutuak Basterretxearen mendeurrenari lotutako ekimenak garatuko ditu udazkenean.
Gainera, udazkenean, Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoak Makinari begira gu eta makinaren begitik gu izeneko sorkuntza lantegiak sustatuko ditu, baita Operacion H (1963). Industria artea Basterretxearen begiradan proiekzio eta solasaldia ere.
Datorren urtean, Museum Cemento Rezolak erakusketa bat aurkeztuko du artistaren irudiari buruzkoa.