Lur azpia, gainazalera
ADES espeleologia taldeak ‘Esploratu Urdaibaiko lur azpia’ erakusketa jarri du Artekalen, eskualdean aurki daitezkeen karstak azaleratzen dituena. Ezezaguna den mundu bat bistaratzea bilatu dute.
Ezezaguna den mundu bat existitzen da lur azpian, denetariko tamainu eta formetakoa. Leku eder bezain harrigarriz beteta daude mendi zein larre azpiak, eta txoko horien bila aritzen dira espeleologoak. Karst berrien bilaketa horretan gozatu egiten dute, eta ezezaguna den hori ikusaraztea ere bilatzen dute Gernika-Lumoko ADES espeleologia taldeko kideek.
Esploratu Urdaibaiko lur azpia izeneko erakusketa jarri dute Gernika-Lumoko Artekalen, eta argazkien bitartez, lur azpira joateko nahia sortu diete zenbait herritarri. Argazkiak QR kodeekin jarri dituzte, hau da, argazkiei buruzko informazioa ematen duten bideoekin eta testuekin lagunduta. Otsailaren 9ra bitartean gozatu ahalko da erakusketaz.
ADES Espeleologia Elkartea Gernika-Lumon sortu zuten 1978an, eta ordutik, Urdaibai eta Lea-Artibai izan dira euren esplorazio eremu nagusiak; hala ere, Mieran (Kantabria), Aramotzen (Durangaldea) edo Mandoian (Arratia) ere aritu dira lanean. “Eremu hauetan karsta esploratzen, ikertzen eta zaintzen aritzen gara”, adierazi du Oier Gorosabel taldeko kideak.
Oier Gorosabel: «Esan ohi da kobazuloen edo karsten erdia ere ez dugula deskubritu»
Espeleologoak azaldu duenez, euren ikerketa esparruan karsten zientzia guztiak kontuan hartzen dituzte: lurpeko ur bideak karakterizatu, lagin biologikoak jaso, hegaztien babeslekuak ikertu, zoruaren ezaugarri geomorfologikoak aztertu, irudiak argazkietan jaso, lurpeko gasak eta parametro klimatikoak neurtu, uraren ezaugarri hidrokimikoak ikertu, aztarnategi paleonto-arkeologikoak identifikatu, kutsadura fokuak detektatu… Datu horiek guztiak sailkatzeaz gain, diziplina bakoitzeko espezialistekin eta erakundeekin elkarlanean aritzen dira. “Zientzia jardueraz gain, karsten segurtasunaz ere arduratzen gara: horretarako, trebakuntza teknikoak eta lurpeko erreskateak lantzen ditugu”, gehitu du.
Ikerketa lana egiteaz gain, ADESekoak “beti daude prest” zabalkunde lana egiteko: “Gure lan nagusia ikerketzea da, esploratzea, baina lekuren bat babestu behar denean horren alde egiten dugu”. Eta, zeregin horretan, ohartu dira lur azpiari buruzko “sekulako ezjakintasuna” dagoela bai administrazioetan, bai herritarren artean. “Jendeak ez daki zer dagoen hor azpian”, dio. Eta, ezjakintasun hori dagoenean, uste du zailagoa dela babestu beharrekoa babesteko erabakia hartzea.
Horregatik, zabalkundeari “garrantzia berezia ematen” diote taldekoek: ”Gure lana zabaltzeak balio digu begibistan ez dagoen hori bistaratzeko. Eta, hori eginez, errazago topatzen ditugu karstak edo gune bereziak babestuko dituzten udalak edota administrazioak. Dagoena erakutsiz kasu gehiago egiten digute, eta herritarren kontzientziak pizten ditugu””.
Hain zuzen ere, helburu horri jarraituz prestatu dute Gernika-Lumoko erakusketa, hori delako ekintza horiek eskaintzen dieten “abantailarik onena”. Gorosabelek azaldutakoaren arabera, ADES espeleologia taldeak Busturiko Ekoetxean jarri zuen erakusketa iaz, eta handik Elantxobera eraman zuten. Jendeak emandako erantzuna “oso ona“ izan dela iritzita, bide horretatik jarraitzea erabaki zuten. Gernika-Lumorako propio prestatutako erakusketan, Busturialdean aurkitu daitezkeen karstei buruzko informazioa eskaini dute, ezezaguna den mundu bat bistaratuz. “Asmoa da erakusketen bide horretatik segitzea”.
Infinitoa da ADESeko kideek duten materiala, izan ere, urte hauetan denetariko argazkiak, ikerketak eta datuak bildu dituzte. Hori dela eta, kale erakusketan jarri dituzten argazkiak aukeratzea ez da lan erraza izan. Lagin bat aukeratu dute, zer, non eta zelan erakutsi behar zuten hausnartu eta gero. “Logikoki, tokiarekiko ondareari egiten diogu kasu. Hala, Gernikarako udalerri inguruetako herrietan aurkitutako kobazuloak bistaratu ditugu. Eskualdeko jendearengan pentsatu eta horiei gehien gustatu ahal zitzaiena zer zen pentsatu eta gero aukeratu ditugu lekuak. Behin horiek adostuta, herri horietako karstei erreparatu eta lagin txiki bat jarri dugu”.
Oier Gorosabel: «Lan asko dago egiteko, baina ederra da leku berri horien bila aritzea»
Halaber, erakusketagaz hainbat arlo landu dituztela diote, asko baitira esploratzen ari direla lantzen dituzten arloak: biologia, arkeologia, topografia, geografia… “Arlo horietatik zenbait aukeratu ditugu, arlo desberdinak ikusarazteko”.
Busturialdeko eskumaldeko leku asko ageri dira erakusketan: Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Elantxobe, Nabarniz… Eta leku horien aukeraketa ez dela kasualitatea dio. Izan ere, eremu horretako lur eremuak karst gehiago ditu: “Eremu geologikoak agintzen du horretan, ze eskumalde horretan kareharri gehiago dago. Ezkerraldean ere badaude kareharrizko guneak, baina ez dira horrenbeste”.
Hamaika txoko
Ogoñoko koba, Nabarnizko Zazpileizeta, Ondaro eta Iñeritze leizeak, Busturiko Goikoetxe edo Kortezubiko Aurtenetxe dira erakusketan ikusgai jarri dituztenetako batzuk; horietako asko “oso bereziak” dira espeleologia taldeko kideentzat.
Aurtenetxeko kobara, esaterako, 2021ra heldu ziren taldeko kide batzuk, galeria ikusgarri batetik kilometro bat baino gehiago ibili ostean. “Espeleologoek sarrerako hodiaren tamaina eta morfologia ikusita jarraipena izan behar lukeela pentsatu eta ertz guztiak begiratzen hasi ziren. Horrela topatu zuten airea botatzen zuen zulo bat, eta behar asko egin ostean, ikuspegi hobea agertu zitzaien aurrean”. Aurtenetxe koba Kortezubin kokatzen da, eta aspalditik da ezaguna, baina 2021ean 45 metroko garapenagaz katalogatuta zegoen, eta 2023an hiru kilometrotik gora galeria ezagutzen dira.
Aurtenetxeko kobarena kasu berezi bat da ADESekoentzat, “esplorazio konplexua” delako bertakoa. Han dauden elementuak interesgarriak dira, baina bertara ailegatzea “oso zaila” da. “Espeleologo asko ez dira ailegatu oraindik azken galerietara. Hori karsta konplexu eta zaila den adierazgarri da”, dio Gorosabelek. Koba hori ikertzeko paleontologia “lan garrantzitsua” egin behar dela gehitu, eta horregatik dagoela babestuta gogoratu du: ”Egungo paleontologoak ez dira gai horretara ailegatzeko, eremua zaila baita, eta ikerketa geldituta dago. Zeren zain? Pertsona edo ikerlari egokiak ailegatzeko zain. Espeleologo modura ondo moldatzen den pertsona bat behar da eta, era berean, paleontologia ikasketak dituena. Momentua iritsi arte, koba ondo babestu behar dugu”.
Hain zuzen ere, erakusketagaz euren lanera jende gaztea hurbiltzea ere bilatu dute; ezagutzea zein den euren lana, batzuetan horren ikusezina dena. “Premia hori edo lurpea ikertzeko gogo hori baldin badago, garrantzitsua da gure lana ezagutzea. Edonor da ondoetorria gure taldera”.
Gorosabelek dio oraindik “leku asko” daudela deskubritzeko, bai orokorrean, bai eskualdean. “Esan ohi da kobazuloen edo karsten erdia ere ez dugula deskubritu. Ezagutzen duguna baino gehiago falta da bilatzeko. Lan asko dago egiteko, baina ederra da leku horien bila aritzea, XIX. mendeko esploratzaileak bagina bezala. Hori da espeleologoen lanaren alderik politena”. Beraz, ezagutzen den lurpeko mundu horren “tarte txiki bat besterik ez dute aurkitu”, baina leku berrien bila jarraitzeko asmoa dute.