Bizkaibusaren maiztasuna handitzeko beharra azaldu du Bermeoko Udalak
Bermeo eta Bakio lotzen dituen linea berrezarri eta Bermeotik Bilbora doanaren maiztasuna handitzea eskatu dute. Herritarrentzat irisgarria den garraio publiko zerbitzua bultzatu nahi du udalak.
Bizkaibusaren maiztasuna handitzea eskatzeko mozioa aurkezu zuten atzo [urtarrilak 25] Bermeoko udal gobernuko ordezkariek, Osoko Bilkuran. Garraio publikoaren erabilera sustzeko zerbitzuak erabiltzaileen beharrizanetara egokitu beharra azpimarratu zuten. Udal gobernu taldea eta EAJ mozioa elkarrekin aurkezteko akordio batera iritsi ez baziren ere, jeltzaleek baiezkoa eman, eta aho batez onartu zen mozioa. Bermeok herritarrentzat “eraginkorra eta irisgarria” den garraio publiko zerbitzua bermatzeko beharra da mozioaren ardatz nagusia.
Bizkaibus zerbitzuan “hobekuntzak egiteko beharra” ikusten du Bermeoko Udalak, herritarrek daukaten “kezka nagusienetako bat” delako. “Asko dira Bermeotik Bilbora joateko garraio publikoa erabiltzen duten bermeotarrak, ikasten zein lanera joateko, batez ere”, irakurri zuen Nadia Nehmeh Shomaly alkateak. Horregatik, linea hori hobetzeko “aukera eta beharrizana” daudela azpimarratu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak orain arteko izandako elkarlanari esker, “Bermeotik Bilbora joateko zuzeneko zerbitzuak” indartu zirela gogoratu dute, eta, jarrera hori berretsiz, “linea horren zuzeneko zerbitzuen maiztasuna handitzea” eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioa, Mugikortasun eta Turismo Sailari. “Bilbotik Bermeorako zuzeneko zerbitzurik ez dago; ondorioz, jende pila bat geratzen da askotan Mungian”.
Bermeo eta Bakio lotzen zituen linea bertan behera geratzea erabaki zuen aldundiak, “bi herrietako biztanleei garraio publikoa baliatzeko aukerak kenduta”. Horren aurrean, udalak “beharrezkoa” ikusten du zerbitzua berreskuratzea.
Bermeo eta Leioako Euskal Herriko Unibertsitateko campusa lotzen dituen linean ere hobekuntzen beharrizana antzeman dute: “Bertara doazen ikasleak asko dira geurean, eta unibertsitatera iristeko behar duten denbora ordu bat eta laurdenekoa da, Bizkaiko herri askotatik igaro ostean”. Udalak Bizkaibusaren zuzeneko zerbitzua jartzea eskatu dio aldundiari, “ikasleei erraztasunak eman aldera”.