Indarkeriaren aurrean haurrak eta nerabeak babesteko prozesua martxan jartzearen aldeko konpromisoa hartu du udalak
Gernika-Lumoko Udalak udalerriko sare feministak EH Bilduren bitartez aurkeztutako mozioa aurrera eroan du –koalizio abertzalearen aldeko botoekin eta EAJ eta Guztiontzako Herria alderdien abstentzioagaz–, eta konpromisoa hartu du herriko ikastetxe eta kirol klubekin elkarlanean prozesu bat martxan jartzeko.
Mario Lopez Gernika KESBeko kirol teknikaria zena adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik ikertzen ari zirela jakiteak haserrea eragin zuen Gernikan. Argi geratu zen umeenganako indarkeriaren aurka egiteko “beharrezkoak” direla esku hartzeako neurriak zehaztea eta prebentzio neurriak hartzea. Hori dela eta, atzo [urtarrilak 24], Gernika-Lumoko Sare Feministak indarkeriaren aurrean haurrak eta nerabeak babesteko 8/2021 Lege Organikoak zehazten dituen neurrien jarraipena egiteko zehazten duen mozioa aurkeztu zuen osoko bilkuran, EH Bilduren bitartez. Mozioan eskatu zuten lege organikoaren jarraipena egiteko, herriko ikastetxe eta kirol klubekin elkarlanean prozesua martxan jartzea. Eskariaren alde bozkatu zuen EH Bilduk, eta abstenitu egin ziren EAJ eta Guztiontzako Herria, mozioak aurrera eginez.
“Orain dela 20 urte baino gehiago emandako indarkeria matxista jarraitu bati buruz abenduan ateratako berriak Gernika-Lumoko herritarrak eta Gernika KESBeko komunitatea hunkitu zituen. Umeenganako indarkeriak, gaur gaurkoz, esku hartzeak eta neurriak hartzea eskatzen duen afera izaten jarraitzen duela agerian geratu da. Eta udalari –herritarron ordezkari instituzio gisa–, bere esku dagoena egitea dagokio”, adierazi zuten sare feministako kideek.
Mozioaren bitartez, euren babes osoa adierazi zioten erasotuari zein haren ingurukoei. Zentzu horretan, adostu zuten udalaren baliabideak erasotuaren esku jartzea, hala nola, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa. Gainera, “beharrezkoa balitz”, udala jada martxan dagoen salaketara akusazio partikular gisa aurkezteko aukera aztertzearen alde egin zuten.
Horrez gain, umeenganako zein emakumeenganako indarkeria matxista salatu zuten, eta erasotuaren erreparaziorako traba diren “konplizitateekin amaitzeko” euren esku dauden neurriak hartuko dituztela esan zuten. Halaber, mozioan zehaztu zuten horrelako gertakarien aurrean “udalak iniziatiba eta prestutasun gehiago” izateko konpromisoa hartzea.
EH Bilduk mozioaren alde egin zuen, “biktimaren erreparazioan lan egiteko, erasotzaileen inpunitateagaz amaitzeko eta udalerria emakume, ume eta nerabeentzako leku segurua izateko”. Gernika-Lumo seguru bat gura dute: “Guk ere sinesten zaitugu, eta gure babes osoa daukazu. Duela 20 urte baino gehiago eman zen eraso jarraitu honen berri izan genuenean, argi eduki genuen udal modura eta dagokigun erantzukizun politiko eta instituzionaletik, biktimari babesa eman behar geniola eta gure esku dauden baliabide guztiak jarri behar genituela erasotuaren esku. Horregatik, Bozeramaileen batzordea deitzeko eskatu genuen, baina deialdia ez zen egin, eta gure iniziatibagaz, oposizioko talde biok (EH Bildu eta EAJ) udal gobernuari neurri zehatz batzuk hartzeko eskatu genion. Erantzunik ez genuen izan”.
Leire Gonzalez EH Bilduko ordezkariak gogoratu zuen kirolean ematen diren ume eta nerabeenganako biolentzia kasuak “ez direla kasu isolatuak”. Izan ere, nazioarteko ikerketa bat aintzat hartu zuen baieztapena argudiatzeko: “Europako herrialde ezberdinetan egin zen ikerketa batean jasotzen da kirola egiten duten 18 urtetik beherakoen %78k biolentzia formaren bat jasotzen duela, eta bost umetatik batek sexu abusuak jaso dituela; horietatik %90ek ez du inoiz hori salatzen”. Beraz, udalerrikoa ez dela kasu isolatua izan esan, eta errotik erantzun behar zaiola azpimarratu zuen. “Prebentzioan sakondu behar dugu, ze biktima bat artatzeak esan gura du aurretik huts egin dugula”.
EAJk, bere aldetik, biktimarekiko babesa adierazi eta ausarta izan dela esan zuen, “horrelako salaketa bat horrenbeste urte eta gero egiteko ausarta izan behar delako”. Biktimari “babes osoa” helarazi zioten jeltzaleek, eta EH Bildugaz batera aurkeztutako adierazpenagaz bat egiten dutela esan zuten. Hala ere, gai “delikatua” dela azpimarratu eta “zuhurtziaz” jokatu beharra dagoela esan zuten: “Gai oso delikatua da, min asko eragin du, eta konziente izan behar gara horretaz. Gai hau epaitegietan dago, eta uste dugu kontu handia eduki behar dela, adin txikikoak ere tartean daudelako. Gure adierazpena egin genuen, gaia epaitegietan dago, eta ordaindu dezala ordaindu behar duenak”.
Guztiontzako Herria plataformakoek mozioa puntuz puntu bozkatzea eskatu zuten, “udalak iniziatiba eta prestutasun gehiago” izateko konpromisoari erreferentzia egiten zion puntuagaz ados ez zeudelako. Euren ustez, udalak idatzi bat kaleratu eta “prestutasun hori agertu” zuen bere momentuan. Beste puntu guztiekin bat egiten dutela esan zuten: “Biktimari babes osoa eta udalearen zerbitzura dauden baliabide guztiak eskaintzeko prest gaude, bai zerbitzu juridikoa, bai arreta psikologikoa. Zalantzarik barik. Guk sinisten diogu, eta horregatik jartzen ditugu baliabideak bere eskura. Sentsibilizazioa bultzatzearen alde ere bagaude”.
Umeenganako indarkeriari buruz kontzientziatzeko hitzaldia prestatu du Gernika-Lumoko Sare Feministak urtarrilaren 31rako; 18:00etan, Elai Alai aretoan eskainiko du hitzaldia Maitane Urizarrek, eta beragaz batera egongo da Pepe Godoy, gaztetan sexu abusuak sufritu zituena.