Inoizko parte-hartzerik handiena edukiko du VI. Etxera Trailek
1.250 lagunek aurretiaz izena eman dute kirola, mendizaletasuna eta aldarrikapen soziala batzen dituen domekako [urtarrilak 28] jairako. Egunean bertan ere izena eman ahalko da.
2023an, koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, indarberrituta eta osasuntsu bueltatu zen euskal preso politikoen etxeratzea aldarrikatzea jomuga duen Etxera Trail mendi jaia. 1.070 lagun elkartu ziren Gernika-Lumoko Pasealekuan, mendizaletasuna, aldarri soziala, natura eta kirola uztartzen dituen egitasmoaz gozatzeko. Bada, aurten, ez da gutxiagorako izango: badirudi bere ibilbideko parte-hartzerik jendetsuena edukiko duela domekako [urtarrilak 28] VI. ekitaldiak. Izan ere, gaur-gaurkoz, 1.250 mendizalek aurretiaz izena eman dute.
Etxera Traileko antolakuntza lantaldeak aurreikuspen “oso baikorra” egin du, Internet bidezko izen emateak utzitako datuez galdetzean: “Iragarpenek diote inoizko jende gehien elkartuko dela aurtengo ekitaldian eta, horrenbestez, badaude motiboak poz-pozik egoteko; izen emateak erakusten du, batetik, euskal herritarrek badutela sentsibilitatea Etxera Trailek bistaratzen duen mezuarekiko eta, bestetik, proposatzen dugun egitaraua erakargarria dela”. Kopuruaz harago, parte-hartzaileak Euskal Herriko txoko guztietakoak izango direla azpimarratzea “oso garrantzitsua” dela adierazi dute antolakuntzatik: “Urtero bezala, hainbat eta hainbat tokitako lagunak hurreratuko dira Gernika-Lumora, bai Hego, bai Ipar Euskal Herritik eta baita bestelako tokietatik ere; hori benetan pozgarria da”.
Internet bidez aurretiaz izena eman duten 1.250 partaideetatik 534 martxa luzera joango dira; 563, lasterketara; 153, ostera, martxa laburrera
Ohiko legez, goizean goiztik ekingo diote egitarau horri, baina “egun osora luzatzeko aukera” emango du. Hiru ibilbide egongo dira: mendi martxa luzea, laburra, eta lasterketa. Lehiaketa sustatzea ez da ekimenaren helburuetako bat izango, baina, edozelan ere, mendizale profil guztiei egokitutako programazioa atondu dute antolatzaileek. Hori horrela, azaldu dute azken urteotako dinamikei jarraitzen dietela aurtengo izen emateek ere. “Hiru ibilbideek jendea erakarri ohi duten arren, normalean, martxa luzea eta lasterketa izaten dira jendetsuenak. Aurten, hori berretsi egingo da, Interneteko aurretiazko izen emateak utzitako datuen arabera”. Hain zuzen ere, izena eman duten 1.250 partaideetatik 534 martxa luzera joango dira; 563, lasterketara; 153, ostera, martxa laburrera.
Hunkidurarako tartea.
Domekan, 09:00etan emango diote hasiera VI. ekitaldirari. Urtero-urtero egiten duten modura, mendi martxa luzeko parte-hartzaileak izango dira abiatzen lehendabizikoak. Lehenengo irteera hori orduko, baina, eguneko “unerik hunkigarrienetako bat” biziko dute: “Euskal presoen gurasoek horien omenezko lore eskaintza eta ohorezko aurreskua jasoko dute; momentu benetan berezia izaten da. Hunkidura une hori amaitu ondoren hasiko dira oinez ibilbide luzea egingo duten martxalariak”. 10:30ean mendi lasterketa hasi baino lehen ere, “beste une eder bat” bizi ahalko dute bertaratzen direnek: “Arrano aurrean paperezko kartzela antzeko bat ipiniko dugu, eta hura apurtuz eta bertatik pasatuz hasiko dira lasterka mendi korrikalariak. Hori ere sinbolismoz betetako istantea izaten da urtero”. Azkenik, martxa laburreko kideak 10:45ean hasiko direla aurreratu dute antolatzaileek.
Martxa luzeak eta lasterketak 16 kilometroko eta 650 metroko desnibeldun ibilbidea edukiko dute; martxa laburrak, aldiz, 6 kilometro eta 300 metroko desnibela izango ditu
Martxa luzeak eta mendi lasterketak ibilbide berbera egingo dute; 16 kilometroko luzera eta 650 metro positiboko desnibel metatua edukiko ditu. Ibilbide laburrari dagokionez, 6 kilometro egin beharko dituzte martxalariek, 300 metro positibo metatuko dauzkan desnibela gaindituz. Lehen bi ibilbideek, antolatzailek argitu dutenaren arabera, Gernika-Lumo inguruko muinoak eta tontortxoak ardatz izango dituzte: Maiaga, Ganaga eta Aixerrota edo Kosnoaga izango dira.
Aukera luzea egingo dutenak Donejakue Bideko zidorretik Errigoitiraino igo beharko dira, eta udalerri horretako Madalen auzoan edukiko dute estreinako anoa postua, seigarren kilometroan kokatua; auzo horretatik helduko diote Maiaga gailurrerako igoerari. Jarraian, Gernikabasotik pasatu, eta Elorrietalandatik Ganaga igoko dute; mendi hori jaitsita Bastegieta auzoko bigarren anoa postura ailegatuko dira; 11. kilometroan topatuko dute. Hortik aurrera, Pasealekuko helmuga harrapatzeko bost kilometro inguru baino ez zaizkie geratuko, tartean Aixerrota mendixkaren tontorretik igarota.
Familiei edota lagun taldeei zuzenduta dagoen martxa laburrekoek, berriz, Gernika-Lumoko mugen barruan egingo dute ibilbidea. Aukera luzekoen bigarren anoa postua izango da euren ibilbideko bakarra, hau da, Bastegietakoa. Behin bertatik pasatuta, martxa laburrekoek ere Aixerrota igoko dute. Dena dela, hiru ibilbideetakoek jan-edana edukiko dute helmuga eremuan.
Helmugaratu osteko jaiaz.
Bestalde, aurreratu dute parte-hartzaile guztiek dutxa eta kontsigna zerbitzua eskuragarri edukiko dutela. Lehenengoa Santanape kiroldegian kokatuta egongo da; bigarrena, Pasealekuan bertan. Horrez gain, sari banaketa ekitaldia 13:15ean izango da. Lasterketako lehen hiru emakumezko eta gizonezkoek garaikurra jasoko dute, eta irabazleek txapela ere bai. Era berean, aurretiaz izena emandakoek motxila bat izango dute opari; egunean bertan animatzen direnek, kaltzerdiak. Ez hori bakarrik: udalerriko komertzioagaz elkarlanean, hainbat zozketa egingo dituztela ere iragarri dute.
Parte-hartzaileek bina txartel jasoko dituzte, sari emate ekitaldiaren ondoren egingo duten pintxo poterako
Behin ibilbide denak amaituta, parte-hartzaile guztiek pintxo poteaz gozatzeko bina txartel jasoko dituzte: “Behin tragoa eskatuta, pintxo bi doan jateko balioko die tiket horiek. Beste urte batez, herriko tabernariei nahiz ostalariei bihotz-bihotzez eskerrik beroenak eman beharrean gaude, elkarlanerako erakutsi duten borondate apartagatik eta eduki duten jarrera eraikitzaileagatik”. Ondorengo tabernetan pintxo potea egiteko baliatu ahalko dituzte aipatutako txartelok: Arranon, Zeppelinen, Tximistan, Picasson eta Sasoien.
Eguneko egitaraua
08:00. Hiru ibilbideetara egunean bertan izena emateko postuaren irekiera.
09:00. Euskal presoen gurasoen omenezko lore eskaintza, ohorezko aurreskua eta mendi martxa luzearen hasiera.
10:30. Mendi lasterketaren hasiera.
10:45. Mendi martxa laburraren hasiera.
13:15. Mendi lasterketako sari banaketa ekitaldia.
Jarraian. Pintxo potearen hasiera.
Antolatzaileek azaldu dute hala martxa luzeak, nola laburrak ez dutela parte-hartze mugarik edukiko; ondorioz, egunean bertan izena emateko aukera egongo da. Lasterketa egin gura dutenentzat, baina, mezu argia dute: 45 dortsal baino ez dituzte banatuko. Izena emateko tartea 08:00etan hasiko da, Pasealekuan bertan. Interneteko izen-emateek baino euro bi gehiago balioko dute egunekoek: lasterketan parte hartzeko, 22 euro ordaindu beharko dituzte; martxa luzerako, 17 euro; laburrerako ,aldiz, 12 euro.