Bermeoko Udalak udal zerbitzuei buruzko erabiltzaileen iritziak jasoko ditu martxora bitartean
Aurreko hiru urteetan egin modura, aurten ere, Bermeoko Udalak udal zerbitzu desberdinei buruz erabiltzaileek dituzten iritziak eta balorazioak batuko ditu. Martxora bitartean jasoko dituzte ekarpenak.
Kulturi, Gizarte Ongizateko, Etxez-etxeko, Zaharren Egoitzako, Kontsumo bulegoaren, Gazteriako Berhaz bulegoko arreta zuzeneko, 010 telefonoaren eta Arreta telematikoaren zerbitzuei buruzko bermeotarren iritziak ezagutu gura dituzte.
Bermeoko Udalarentzat “oso garrantzitsua” izan da azken urteetan egin den lanketa, hobetu beharrekoen ekintza plana garatzeko balio izan diolako. Izan ere, gogoratu dute herritarren asebetetze mailak “eragin zuzena” daukala, zerbitzuak emateko zein urteko helburuak finkatzeko orduan: “Herritarrei ahotsa ematearena, udal zerbitzu kartekin erlazionatuta dago, eta etengabe hobetzen joateko behar-beharrezkoa da”. Hain zuzen ere, interesa daukaten herritarrek Bermeoko Udalaren webgunean, Udalaren Zerbitzu Kartak atalean aurkitu dezakete aurreko urteetako informazioa, datuekin eta hobekuntza planagaz batera.
Galdetegia “arin eta erraz” betetzekoa da. Udal arduradunek ahalik eta parte hartze zabalena lortu gura dute, eta herritarrak inkestak betetzera animatu dituzte: “Bermeoko Udalaren zerbitzuak hobetu ahal izateko, oso garrantzitsua da ahalik eta herritar gehiengana iristea”.
Zerbitzu bakoitzak inkesta betetzeko modu propia dauka.
Kultur zerbitzuei buruzko galdetegien kutxak Gizarte eta Kultura etxean eta Nestor Basterretxea aretoan daude, eta kultur talde guztiei bidaliko diete inkesta, formulario elektroniko bidez.
Zaharren Egoitzako zerbitzuari dagokionez, azken urtean egoitzan sartu diren egoiliarrei eta familiei eskatuko zaie inkesta betetzea, eta beste inork bete gura balu, harreran eskatu dezake inkesta. Halaber, Etxez-etxeko zerbitzuaren inkestak erabiltzaileen artean banatuko dituzte.
Gizarte Ongizateko zerbitzuari buruzko galdetegi-kutxa eraikinean bertan dago, Kontsumo bulegoaren zerbitzuari dagokiona ere bulegoan bertan emango dute, eta Berhaz bulegoko arreta zuzeneko zerbitzuarena ere bere egoitzan. Gazteriako zerbitzuarena, berriz, sare sozialetan zabaldu duten formulario elektronikoaren bidez bete daiteke
010 zerbitzuarenari dagokionez, bertara deitzen duten herritarrei parte hartzeko aukera emango zaie, telefonoz galdetegia eginda, eta Arreta telematikoarena egoitza elektronikoan bete daiteke, Bermeoko Udalaren webgunean jarrita dagoen banerretik sartuta.