Bermeoko Herri Lasterketan bildutako dirua institutuko Gela Egonkorrera bideratuko dute
Bermeoko Institutuko Gela Egonkorreko ikasleen artean "kirola sustatzeko asmoz", institutuari emango diete domekako Bermeoko XVIII. Herri Lasterketan bildutako dirua.
Bermeoko XVIII. Herri Lasterketa egingo da domekan [urtarrilak 28]. Bermeoko Udalak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatutako lasterketa nagusia 11:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehara 8 kilometro izango ditu. Lasterketaren 18. aldian biltzen den dirua Bermeoko Institutuko Gela Egonkorrera bideratuko dela iragarri du udalak, “gelako ikasleen artean kirola sustatzeko helburuagaz”.
Lasterketa “herrikoia eta soziala” dela, eta ez ez duela inolako “konpetizio helbururik” nabarmendu du Xabier Ortuzar Butron Kirol Saileko zinegotziak: “Kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango da”. Herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasunaren eta kirolaren arteko harremana azaltzea eta kirola herritarrei hurbiltzea ditu helburu Herri Lasterketak, besteak beste. Aurreko urteetan korrikalarien artean izandako erantzun “ezin hobea” ikusita, lasterkei jarraipena ematea da antolatzaileen nahia.
Lameran hasiko dira lasterketak. Guztira lau izango dira, adin tarteka banatuta: umeak, txikiak, gazteak eta nagusiak. Umeek –3-6 urte– 100 metroko ibilbidea egingo dute; txikiek –7-10 urte– 800 metrokoa; gazteek –11-14 urte– 1500 metrokoa eta nagusiek –14 urtetik gora– 8 kilometrokoa. Gazteek nagusien lasterketan parte hartzeko aukera izango dutela iragarri dute, pertsona nagusi baten ardurapean.
Nagusien lasterketa izango da goiztiarrena, 11:00etan hasi eta 12:00ak aldera bukatuko dela aurreikusten du udalak. Korrikalariak errespetatzeko, lasterketak iraun bitartean ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzeko eskaera egin dute.
Izen ematea. Lasterketa egunean bertan 10:30era arte izen emateko aukera egongo bada ere, antolatzaileen lana errazteko aurretiaz izena ematea eskertzen dutela adierazi dute. Horrela, XVIII. Herri Lasterketan parte hartu nahi dutenek, Areneko kiroldegian izena emateko aukera dute, eta umeek, bestalde, ikastetxeetan.
Umeen, txikien zein gazteen lasterketan korrika egiteko asmoa dutenek, euro 1 ordaindu beharko dute. Nagusiek, berriz, 2 euro. Korrikalari bakoitzak bere dortsala jasoko du izen ematearekin batera, eta lasterketa egunean jantzita eraman beharko dute.
Behin lasterketa bukatuta, parte hartzaileek opari poltsa bana jasoko dute. Gogoratu dute aurreko urteetan bezala, aurten ere korrikalariek Areneko kiroldegian edo Artza frontoian dutxatzeko aukera izango dutela.