Udal gimnasioko makinak berritu ditu Sukarrietako Udalak
Herritarren partaidetzaren garrantzia azpimarratu dute. BH enpresa euskaldunaren makinak jarri dituzte, "gama ertainekoak".
Sukarrietako Udalak udal gimnasioko makinak berritu ditu. Jaime Orueta alkateak azaldu duenaren arabera, gimnasioaren beharrak zehaztu zirenetik eta gaur arte herritarren laguntza izan dute, eta aurrerantzean ere elkarrekin lanean jarraituko dutela iragarri du, “herritarren partadaidetzak duen garrantziagatik”.
BH enpresa euskaldunaren makinekin ordezkatu dituzte aurrekoak. SKB taldearekin –aurreko korporazioan ordezkaritza duen taldea– izandako lankidetza nabarmendu gura izan du udalak, batik bat “korrika egiteko zinta finantzatzeko egindako ekarpenagatik”. Udal gimnasioan jarritako makina berriak enpresa euskaldun batekoak izatearekin “pozik” agertu dira. Izan ere, BH bizikletak egiteagatik ezaguna den enpresa bada ere, “nazioartean ospe handiko marka” dela azpimarratu dute: “Gimnasioko materialaren barruan nazioartean ezaguna den marka da; etxean erabiltzeko zein erabilera intentsiborako gimnasio profesionaletako makinetan”.
Sukarrietako gimnasiorako “gama ertaina” aukeratu dute, “erailtzaile kopuruetan” oinarrituta. Udalak enpresak eskainitako “baldintza lagungarriak eta bizilagunen eskaerara egokitutako produktu-sorta bilatzeko emandako laguntza” eskertu izan ditu.