Egoera gaitzei buelta emateko ahalmena
EuroCup Women txapelketatik kanpo geratu ostean, Lointek Gernika Bizkaia 98-59ko markagailuagaz gailendu zaio Spar Gran Canariari. Hurrengo partidua domekan [urtarrilak 28] jokatuko dute: Kutxabank Araskiren aurkako euskal derbia.
London Lionsen kontra EuroCup Womeneko final zortzirenetako kanporaketan galdu eta lehiaketa horretatik kanporatuta geratu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak denboraldiko gainontzeko helburuak aurrera ateratzeko ekinari eusten dio. Iragan zapatuan [urtarrilak 20], Spar Gran Canariaren aurka garaipen garrantzitsua poltsikoratu zuten, 98-59ko markagailuagaz, Malosten, Emakumezkoen Endesa Ligako 18. jardunaldiko norgehiagokan. Talde gernika-lumotarrak, gainera, bere alde dauka Movistar Estudiantesek Spar Gironaren aurka galdu izana.
Partiduaren hasieratik, argi eta garbi geratu zen etxekoek Malosten bigarrenez jarraian jokatzea zukutu gura zutela: lehendabiziko minutuetatik, Gernika gehien interesatzen zitzaion joko moldea ezartzen saiatu zen. Kanariarren estiloa zertxobait anarkikoagoa izan arren, Lointekek sendo eutsi zion, taldean ederto moldatuz. Edozelan ere, lehen unetik lanak eduki zituzten Adji Fallen erreboterako gaitasuna blokeatzeko. 6-0eko partziala lortuta, etxeko taldea berotan sartzen hasi zen eta, Gabby Nikitinaiteren saskiratzeagaz, 17-15 aurreratu ziren, lehen laurdenaren amaieran.
Bigarrena hasteagaz batera, Marta Alberdi gernika-lumotarraren hirukoak lehen alde nabarmenak ezarri zituen markagailuan: 24-17. Apurka-apurka baldin bada ere, harrobiko jokalariak geroz eta minutu gehiago dauzka lehiaketan; presentzia horrek agerian uzten du bere kalitatea. Baloiaren zirkulazio egokiagaz, Marie-Michelle Milapiek 30-19koa lortu zuen. Pixkanaka-pixkanaka, Gernika interesatzen zitzaizkion egoeretara heltzen ari zen. Kanariar Uharteetako taldeak, bestalde, Astou Ndourren hutsunea igarri zuen erreboteetan. Laia Floresek 35-20koa ezarri zuen markagailuan. Horrenbestez, Lointekek astia zuen arnasa hartzeko eta partidua ahal bezainbeste kontrolatzeko. Ondorioz, Juan Carlos Ramos kanariarrek entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen, 39-20koagaz. Ezer gutxirako balio izan zion, 44-22koagaz joan baitziren talde biak aldageletara.
Bisitariek jaurtiketekin min egiten saiatuta ere, Lointekek neurketa kontrolpean eduki zuen uneoro
Atsedenalditik bueltan, Spar Gran Canariak aldaketak sakonak behar zituen, neurketari irauliko bazuten. Ez zen batere ogibide samurra, gernika-lumotarren defentsa lerroa harresia zelako. Banakako joko egoerak bikain kontrolatu zituzten etxekoek. Hortaz, bisitariek jaurtiketetan oinarritu zituzten beraien aukera apurrak. Flores eta Stephanie Watts izan ziren horri kontrolpean eusteko arduradunak. Lointekek norgehiagoka kontrolpean zuen, kanariarren saiakerak gorabehera. Hirugarren laurdena 65-37koagaz burutu zuten.
Konfiantza, derbiaren atarian.
Azkenengo laurdenean, agerian geratu zen Gernikako jokalarien nekea. 48 ordu eskasetan partidu bi jokatuta, gogor saiatu behar izan ziren. Neurketako albiste negatiboa Alberdiren lesioa izan zen. Sarrera bat egiterakoan, gernika-lumotarrak orkatila bihurritu zuen; mailarik onenean zegoenean pasatu zitzaion, gainera. Azken minutuetan, Roso Buchek asistentzia bikaina egin zuen, eta Watssek hirukoa saskira bidali. Dena dela, begirada guztiak Alberdirengan ipinian zeuden. 98-59ko markagailuagaz, garaipen landua eta eroso samarra eskuratu zuen Lointekek. Hurrengo partidua datorren domekan [urtarrilak 28] jokatuko dute, 12:00etan. Ez da edonolako hitzordua izango: Kutxabank Araskiren kantxan, Mendizorrotzan, euskal derbian arituko dira.
Lucas Fernandez: “Taldeak egoera gaitzei buelta emateko daukan gaitasuna nabarmendu gura nuke”
Lucas Fernandez entrenatzaileak taldekide guztiak zoriondu ditu, lehiaketa egutegi “oso gogor” baten barruan “erakutsi duten jarrera eta energiagatik”: “Maila handian aritu gara; defentsan, gogor lan egin dugu, eta erasoaldietan nahiz erreboteetan eraginkortasunez jokatu. Oro har, taldeak egoera gaitzei buelta emateko daukan gaitasuna nabarmendu gura nuke. Izan ere, partaide denek beren mailarik onena eman dute”. Aurrerantzean, partiduan ordena eta kopuru “ohikoa” berreskuratuko du taldeak eta, zentzu horretan, indarrak berreskuratzea “zutabe” izango dela adierazi du Fernandezek.