Jon Ander Urresti: "Ez gaude prestatuta iritzi edo sistema desberdinak jasotzeko"
Bermeotarrak Geuretik Sortuak proiektuaren inguruan landutako ‘Eukalyptus’ antzezlana estreinatuko du gaur [urtarrilak 19], 19:00etan, Aulestiko udal areto nagusian.
Zelan sortu zen Eucalyptus?
Bermeotarra naiz, eta Bizkaia eta batez ere kostaldea beti egon da eukaliptoz beteta. Baso kultura intentsibo baterako bideratutako natura sortu da historikoki. Gero, konturatzen zara ez direla basoak, landaketak baino. Egun batean irakurri nuen berdinak izatea ahulezia bat dela, hau da, dibertsitate falta ahultasun bat dela. Ez gaude prestatuta iritzi edo sistema desberdinak jasotzeko. Hor piztu zitzaidan ideia. Eukaliptoaren inguruan ikertzen hasi nintzen eta Durangoko Azokako Sormen Bekara aurkeztu nuen proiektua. Pixkanaka gaur egunekoan bilakatu da.
Zelangoa izan da sormen prozesua?
Urtebeteko lana izan da, Durangon egin bainuen aurrestreinaldia. Gero, entseguak eta azken xehetasunak lantzen egon gara azken bizpahiru hilabeteetan. Sormen prozesua oso atsegina izan da, batu garen taldean oso ondo elkar ulertu gara, eta ondo lan egin dugu. Jakin izan dugu bakoitzari bere tokia ematen. Udalbiltzako laguntza jaso nuen eta Amoroto, Aulesti eta Munitibarreko herriekin hartu-emanean egon naiz. Biologoekin, Erraz kooperatibagaz edota basoan eta baserrian lan egiten dutenekin harremanetan egon naiz eta oso aberatsa izan da. Hasiera batean, haien ahotsak sartu nahi izan genituen, baina estilo kontu batengatik ezin izan genuen. Oso eskertuta gaude, eta haien hitzak antzezlanean sartu ditugu. Prozesu oso polita izan da, eta asko ikasi dugu, oso pozik gaude.
“Durangoko aurrestreinaldiak ikasteko balio izan zuen, iritzi ezberdinak jaso genituen, eta azken entseguetan, adibidez, moldaketa batzuk egiten aritu gara”
Antzezlanaren estreinaldia da, eta aurreikuspen handiak daude.
Egia da Durangon aurkeztu genuela, baina aurrestreinaldi moduan. Plaza arraroa izan zen, Durangoko Azoka ez delako aurrestreinaldi bat egiteko lekurik erosoena. 150 pertsonarentzako lekua zegoen, 170 sartu ziren eta ia beste 50 kalean geratu ziren. Ikasteko balio izan zuen, iritzi ezberdinak jaso genituen, eta azken entseguetan, adibidez, moldaketa batzuk egiten aritu gara.
Zelan zaude gaurko egunari begira?
Urduri bai, baina gehiago egon nintzen Durangon, zalantza gehiago nituen. Orain, hango erantzun ona ikusita, beste ikuspuntu batekin gaude. Talde guztia egongo gara, desberdina izango da, eta uste dut egindako lanean konfiantza hartu dugula.
Aulestikoa, gainera, ez da edozein plaza.
Bizkaia da eta hori handia da bizkaitarrontzat, bizkaieraz dagoelako idatzita. Bestetik, Aulestin eta inguruan lan handia egin dugu, kokapena, testuak eta beste gauza asko bertan landu genituen. Horrez gain, Aulesti antzerki topaketen erreferente bat da, eta herritarrak hezita daude antzerkian, publiko oso ona eta eskuzabala da. Arte Dramagaz hartu-eman handia izan dut, azken zortzi urteetan bertan egon naiz, modu oso aktiboan. Beraz, niretzat oso berezia da, eta oso pozik nago.