Basamortuko doinuak, itsasertzeko kresaletik
Musikarekiko pasioak lotu zituen duela zenbait urte Txaber Miravalles eta Jon Ander Santamaria bermeotarrak. Hainbat egitasmotan esperimentazioaren eta sormenaren zidorretatik ibili ostean, topatu dute euren bidegurutzea: Kruddö izena du.
Fantasiaren emaitza. Esperimentazioaren emaria. Adiskidetasunaren ondorioa. Konplizitatearen oinordetza. Hori guztia eta askoz gehiago da Kruddö Txaber Miravalles Gomez eta Jon Ander Santamaria Garai musikari bikote bermeotarrarentzat. 2021eko udan ernaldu zitzaien power duo edota zirt edo zart egiteko musika egitasmoa sortzeko hazia, eta ordutik gora eta gora besterik ez dute egin.
Beste hainbeste ekimenekin pasatzen den legez, kalea izan zuten abiapuntu, Miravallesen hitzetan: “Poteoan genbiltzanean edota hortik zehar topo egiten genuenean, behin eta berriro amets egiten genuen horrelako proiektu bat sortzeagaz. Bada, ametsa egia bihurtu dugu, eta geratzeko asmoagaz gaude”. Sustrai oso sakonak ditu Miravalles gitarra-jotzailearen eta Santamaria bateria-jotzailearen landare musikalak. Lehena urte luzez Niketz taldean ibilitakoa da; bigarrena, Atlantida edota Cäctus moduko egitasmoetan trebetua. Hitzetik ekintzara egin, eta “anbizio handi barik” ipini ziren martxan. “Pasio hutsagatik hasi ginen musika sortzen, eta ikusmira hori ez zaigu herdoildu. Egiten dugunaz gozatzea izan da beti gure jomuga; helburu horri eusten diogu”.
Ez da erraza lantzen duten estiloa definitzea. Basamortuko musika, stonerra, da eurena: iluna, psikodelikoa, soinu harresidu irmoduna, atmosferaz jantzia, zurruna. Edozelan ere, euren erreferenteen zerrenda etiketetatik harago doa: “Denengandik ikastea atsegin dugu; metala, hardcorea, popa zein rocka dauzka geure iruditegi musikalak”. Kyuss moduko stoner talde klasikoen zale sutsuak izan arren, ez diote muzinik egiten Baroness, Entombed, Bala, Down edo 1000 Mods moduko iturrien uretatik edateari. Zerbait izatekotan, “komunikazioaren alegoria” da Kruddö. “Horixe da gure zutabea. Etengabe komunikatzen gara elkarrekin; behin eta berriro bidaltzen dizkio ideiak batak besteari. Nik home studio bat daukat etxean, eta hori ere habitat esanguratsua da sormenerako. Azken batean, entsegu lokalean lehendik landutako ideiak borobildu egiten ditugu gehienbat”.
Nintzen izeneko azken lana sei abestiz osatua dago, eta denetariko doinu eta labirinto musikalak ezkutatzen ditu
Astean birritan entseatzen dute, Bermeoko Kapilla alboko lokaletan. Musika eszena “egon badagoen” arren, hobetzeko kontuak sumatzen ditu taldekideak: “Lokalak hizkuntza eskola gainean daude, horrek dituen ordutegi mugekin; gainera, desgaitasun fisikoren bat dutenentzako pasaeran edota materiala igo eta jaisteko sisteman hobekuntzak egin daitezke. Oro har, herrian musikarekiko atxikimendua dago, baina bertan gabiltzanok oraindik lanak egiteke daudela aldarrikatu gura dugu”. Single sorta bat eta EP bi plazaratu ditu taldeak, “egun musika kontsumitzeko dagoen moldea tarteko”. Iluntasunetik Argira izena dauka 2021eko lehen albumak; iaz kaleratutakoa, ostera, Nintzen izenez bataiatu zuten. Sei abestiz osatuta, denetariko doinu eta labirinto musikalak ezkutatzen ditu azken albumak.
Txaber Miravalles Gomez: “Album berrian, behin izandako izaki eta elementuak ageri dira; iragankortasun horretan datza Nintzen“
Izan zirenak ere, badira.
Gai aldetik, badu zelanbaiteko joera humanistarik: “Mitologia eta kutsu organiko edo antropologikoa igarri daitezke. Hortik datoz abestien izenak (Basajaun, DeadPool, Artax…)”. Baita albumarena ere: “Behin izandako izaki eta elementuak ageri dira; iragankortasun horretan datza Nintzen“. Musika batasun gosez dabil beti. Hori da bide posible bakarra. Beraz, adiskidez inguratuta egin dute albuma. Beren lokalkideetako batek, Urlik taldeko Andoni Santiago bermeotarrak, Kalean Uso Etxean Otso (St. Pauli) kantari bere abesteko modu “amorratu eta berezia” eman dio. Era berean, Iker Ruiz tatuatzaile mundakarra izan da musika azalera eroateko arduraduna.
Iñigo Eskauriazaren begiradapean, Mungiako Submarino Recordsen grabatu dute lana eta Ultramarinos Costa Bravan egin dute masterizazioa. Grabatzeko, gidekin joan ziren estudiora, baina han reamp teknika baliatu zuten, gitarra zukutzeko: “Gitarra soinuen pistak etxean grabatu, eta estudioan anplifikatzailetik pasatu genituen berriro”. Stoner musikaren ñabarduretako bat pasarte eta pieza instrumentalak tartekatzea da, eta kruddötarrek azken albumean hori ere bistaratu dute. Lanari izena ematen dion abestian entzuleari hausnarketarako bidea zabaldu diote, musika nahaspila eder bategaz: “Letrarik gabeko kanta da, eta egitura aldetik nahasia. Hasieratik argi geneukan albumari izena emango ziola”.
Gorabeheren zale fidelak.
Talde askok aldaketetarako eduki ohi duten beldurraren aurrean, aldaketaren edertasunaren militante dira bermeotarrak. Ez da kasualitatea Basajaun-en giro erdi mantsoetatik Artax-en hardcorera dagoen jauzia, Caissa aurrerapen abestitik igarota. Aurreko EPtik azkenengo honetara ere, beste horrenbeste: “Esperimentazioa beti izan eta izango da geure iparrorratzetako bat. Ahots tinbre, bonbo eta, oro har, oinarri nagusiak berberak izanda, taldeek badaukate nortasun propioa; hortaz, aldaketak ez du izurik sortu behar”.
“Kontzertuak autogestioz lotzen ditugu, baina jotzen ditugun zuzenekoetan, oro har, jendea konbentzitzeko gai garela esango nuke”
Euskal Herri mailan, stonerra ez da estilo oparoena. Ereduak, baina, badaude: Rodeo, Ezpalak zein Niña Coyote eta Chico Tornado. Dena dela, Miravallesek Bizkaia eta Gipuzkoa artean “azaltzeko gaitza den arrakala antzeko bat” dagoela dio. Generoaz harago, “konplizitateagatik” beste talde bategaz elkartu gura lukete. “Bermeoko Elizabeltz taldeagaz biraren bat egitea ondo legoke; estilo aldetik ez dugu parekoa egiten, baina musikarekiko antzeko ulerkera daukagu”, azaldu du. Bikotea izanagatik ere, soinu pisutsua dute arma. Horretarako, Miravallesek gitarra eta baxua uztartzen dituen sistema erabiltzen du; etenak ondo kontrolatuta, delay-agaz jokatzen ibiltzen da. “Kide bi izanda, agian oso konplexua dirudi, baina uste baino sinpleagoa da”. Bikote izateak, hain zuzen, ikusleen arreta pizten du. “Kontzertuak autogestioz lotzen ditugu, baina jotzen ditugun zuzenekoetan, oro har, jendea konbentzitzeko gai garela esango nuke”.
2024ra begira, jadanik hamar kontzertu inguru lotuta dituzte
Konbentzitzeko, gozarazteko baina, batez ere, gozatzeko gogoz daude. Hamar kontzertu inguru lotuta dituzte. Makina martxan dago. Bermeon ez dago basamorturik, ez dago estiloari dagokion desertuko sesiorik, baina stonerraren tentakuluak Busturialderaino heltzen dira. Eta sinisten ez duenak Kruddö entzutea besterik ez dauka.