"Apaltasunetik eraiki dugu diskoa, Dylani eta Payari aitortza eginez"
‘Bob Dylan berrikusia’ hamargarren lan luzea aurkeztu du Audiencek. Euren ibilbideko "lanik desberdinena" da, Dylanen kantuak euskaraz eta euren erara grabatu dituztelako.
Thunder on the mountain edo Mendian trumoia, A Hard Rain’s a-Gonna Fall edo Euri jasa latza dator, Knockin’ on Heaven’s Door edo Zeruko atea joz. Denak dira Bob Dylanen abestiak, ingelesez eta euskaraz. Dylanen, Xabier Payaren eta Audiencen baturak eman du emaitza: Dylanek sortu ditu kantuak, Payak euskaratu, eta Audiencek musikatu. Euskarazko bertsio horiek, hain zuzen ere, Audiencen Bob Dylan berrikusia lanean entzun daitezke.
Audiencek hamargarren lan luzea kaleratu du. Lan berriak Xabier Payak euskaratutako Dylanen kantuak ditu oinarrian, eta artistaren berrikuspena egitea helburu.
Audiencek 25 urte betetzen ditu aurten, baina disko hau ez dugu urteurrenari begira kaleratu. Disko honen oinarria Xabier Payaren Bob Dylan 100 kantu liburuan dago. Gure lokalera ailegatu zen argitalpena iaz, eta ohartu ginen Payaren itzulpenak ez zirela itzulpen sinpleak, metrika, errima eta Dylanen poesia mantentzen zutenak baizik. Letra horiekin jolasten hasi ginen, guk ezagutzen genituen abestiak abestuz. Eta ikusi genuen ondo funtzionatzen zutela. Hala, ia-ia planifikatu barik, eta inongo erreflexio tarterik barik, liburuan guztiz murgilduta geunden. Bederatzi abesti geneuzkan entseatuta, eta estudiora grabatzera joatea erabaki genuen.
Abestiak euskaratuta aurkitu zenituzten, eta bertsioak egitea erabaki, betiere Audiencen estiloari jarraituz, ezta?
Dylanen diskografia oso zabala da: 60ko hamarkadan hasi zen kantuak egiten, eta diskoak kaleratzen jarraitzen du egun. Bere ibilbidean soinu oso ezberdinak dituzten diskoak kaleratu ditu; esaterako, 70eko hamarkadan, berak bakarrik, akustika eta ahotsagaz defendatu zituen kantuak, eta azken etapan Americana deitzen den soinua garatu du, sekulako musikariekin. Guk ibilbide horren guztiaren lagin txiki bat aukeratu dugu, eta gure asmoetako bat izan delako homogeneotasuna edo uniformetasuna ematea lanari, soinu oso ezberdinak edo heterogeneoak eskainiz. Dylani asko gustatzen zaio bere abestiak berrikustea, eta guk, abestiak gureratzerakoan, kontutan hartu ditugu bai originalak, bai Dylanek azken urteetan horiei buruz egindako berrikuspenak. Beraz, bai, berrikuspena leku guztietan dago: Dylanek bere obrari buruz egindakoa, guk egindako Dylanen berrikuspena, eta guk egin dugun Dylanen berrikuspenaren berrikuspena.
Beraz, kantu batzuk egokitzerakoan, originala hartu duzue oinarritzat, eta beste batzuetan Dylanen berrikuspena.
Euri jasa latza dator abestia, esaterako, 1962koa da, gitarra akustikoagaz eta ahotsagaz landutakoa. Baina berak 70. hamarkadan abesti hori berrikusi zuen, eta taldearen laguntzagaz rock kutsua eman zion. Guk berrikuspen hori hartu dugu ardatz.
Dylanen kantuak jaso dituzue oraingoan, baina aurretik ere jo duzue bere Hurricane abestia.
Dylanen jarraitzaile definitu baino gehiago, melomanoak gara. Musika asko gustatzen zaigu. Eta egia da, Audiencen etapa batean, bere Hurricane kantuaren bertsioa jotzen genuela; gogoratzen dut publikoak erantzun oso ona eskaini ziola. Hortik haratago, 2010ean, Azkena Rock Festibalean jo genuen Dylanek jo zuen egun berean, eta haren managerragaz egoteko denbora izan genuen. Garai hartan kaleratutako A shake in calm water diskoa eman genion hari, eta esan zigun Dylani emango ziola. Dylanegaz argazkia ateratzea posiblea zen galdetu genion, baina artista ez da horrelako gauzak egitekoa. Argazkirik ez genuen lortu, baina anekdota hori eduki genuen. Urte batzuk pasatuta, hari omenaldi xumea egiten ari gara.
Zergatik bederatzi kantuok?
Disko bat kaleratzerakoan asko hausnartzen dugu diskoari buruz, baina proiektu hau abiatu genuenean –eta guretzako abantaila izan zitekeen–, ez genekien kantu hauekin disko bat osatuko genuela. Ondorioz, abestien aukeraketa nahiko era naturalean egindakoa da. Ze, orain, atzera egingo bagenu, uste dut abestien aukeraketak buruhausteak emango lizkigukeela. Liburua aztertzerakoan, jotzen genizkien kantuak hautatzen genituen, hiruzpalau akordekoak eta musikalki bukle egiturakoak. Hasierako bost abestiak modu oso naturalean egin genituen, inongo erreflexiorik barik, tartean Zeruko atea joz. Letra ondo egokitzen zela ikusi, eta bata bestearen atzetik aukeratzen genituen. Honek forma har zezazekeela ohartu ginenean, orduan hasi ginen beste hiruzpalau kantuak zeintzuk izango ziren pentsatzen. Dylanen errepertoriotik zer falta zen aztertu genuen, irizpide moduan hartuta artistaren etapa desberdinak jasotzea diskoan. Hala ere, gauza asko egin ditugu asko hausnartu barik.
Grabazioa ere arina izan da.
Egun berean bederatzi abestiak grabatu genituen, eta ez genituen toma asko egin. Uste dut diskoa entzuterakoan nabaritu egiten dela hori. Gure asmoa ez zen sekulako produkzioa egitea, omenaldi xumea egitea baizik.
Egun batean grabatzea Dylanen estiloa ere bada, ezta?
Ingelesez record hitzak erregistro esan gura du, eta grabazio prozesuei buruzko filosofia ezberdinak daude. Dylan beti izan da azkar grabatzekoa, kantuak grabatu eta akats txikiak onartzekoa. Gu ere filosofia berekoak gara. Gaur egungo teknologiagaz nahiko ohikoa izaten da –eta ez gaude horren kontra– instrumentuak banaka grabatzea; gu, aldiz, bost musikariok batera sartu gara grabaketa aretora, eta abesti bakoitzaren bizpahiru toma eginda, magia gehien zeukana aukeratu dugu, grazia gehien egiten ziguna. Batzuetan, horrela grabatzeak zenbait abantaila eskaintzen ditu, naturaltasuna eta freskotasuna, kasu. Horrez gain, musikari denek dinamika bera erakusten dute. Aldiz, horrela grabatuta gerta liteke akats txikiak nabaritzea. Banaka grabatuta erraza da akatsak zuzentzea, baina bostok batera egiterakoan, ez. Baina freskotasuna irabazteko, batzuetan perfekzioa galdu beharra dago. Eta uste dut proiektu honetan mantendu dugun filosofiak emaitza ona ekarri duela.
Dylan bezalako ikono baten kantuak berrikusteak bertigoa ematen du?
Erreakzioak beti jasotzen ditugu, eta badakigu Dylan pertsonaia polemikoa dela; zalegoa dauka, baina kritiko asko ere bai. Badakigu rockaren gure mundu honetan, bertsio disko bat kaleratzea ez dela horren artistikoa, baina 25 urte bete ditugu, eta urteekin konplexua kendu dugu. Proiektu hau gure proiektu pertsonala da, gogoa geneukalako egin duguna. Badakigu disko berezia dela gure ibilbidean, desberdindu egiten dela orain arte egindakotik, baina nik uste dut taldeari parentesi bat eman diola. Batzuetan gure disko propioen sortze prozesuan debateak izaten ditugu, eta horrelako proiektua egiterakoan ez gara horren zorrotzak izan. Lasaitasun puntu bategaz hartu dugu.
Euskal musikazaleei Dylanen kantuak euskaraz entzuteko aukera eman diezue.
Diskoa sinpletasunetik eta apaltasunetik dago eraikita, baina Xabier Payaren lanari aitortza bat egin gura izan diogu, ze, uste dugu liburuak sekulako balioa daukala. Dylanen 100 abesti euskaratzeak, eta hori egin duen moduan egiteak, lan handia eskatzen du. Dylanen poesia, errima eta metrikak errespetatu ditu, eta kantuak abesteko moduan jarri ditu. Alde batetik, Dylanen obra, bere musika, gorde du Payak, eta, bestetik, euskarara itzuli du, horri sekulako balio erantsia eskainiz. Dylanen errepertorio honi norbaitek ahotsa jarri behar zion, material aberatsa delako. Eta nahiz eta guk bederatzi abesti berrikusi ditugun, beste 91 abesti geratzen dira biziberritzeko.
Izan duzue Payaren berri?
Urtarrilaren 4an eskaini genuen gure lehenengo kontzertua Kafe Antzokian, eta beragaz egoteko aukera izan genuen. Bera oso pozik dago gure lanarekin, ze itzulpenen %99 apal batean geratzen direla dio, eta inork ez dituela erabiltzen. Beraz, pozik dago liburuari bizi berri bat eman diogulako. Ez zuen horrelakorik espero, baina merezi du.
Dagoeneko eskaini duzue lehenengo kontzertua. Zelako harrera izan duzue?
Batzuetan, birako lehen kontzertua estresagarria izaten da, urduri egoten gara, baina, oraingoan, oso prestatuta ailegatu garela sentitzen dut. Izango da diskoa kaleratu aurretik Zinemaldia bezalako produkzio handian parte hartu genuelako, edo Abadiñon kontzertua eskaini genuelako, baina ez gara urduri sentitu. Ez ditugu kontzertu asko eskaini, baina geldirik ere ez gara egon. Sasoi betean ailegatu gara, eta jendeak nabaritu du. Entzuleen erantzuna positiboa izan zen lehen kontzertuan, irribarretsu egon ziren, eta moralez beteta heldu ginen etxera. Hala ere, esan beharra daukat gure kontzertuak ez direla Dylani omenaldiak eskaintzeko emanaldiak. Gu ez gara tributu talde bat. Egia da azken diskoa Dylanen abestiez osatuta dagoela, eta disko horretako abesti asko eskainiko ditugula, baina gu Audience gara, eta Audiencen kontzertuak eskainiko ditugu.
Urtarrilaren 27an herrian ariko zarete, Lizeo Antzokian. Berezia al da bertan jotzea?
Ilusio handia egiten digu Lizeoan jotzeak, gure lehenengo kontzertuetako eszenatokietako bat izan zelako. Lehenengo aldiz 2001ean edo joko genuen han, eta oso bereziak izaten dira herrian eskaintzen ditugun kontzertuak. Horren ostean, martxoaren 22an Donostiako Lugaritzen egongo gara, eta beste data batzuk ere badauzkagu, apurka- apurka iragarriko ditugunak.