Losaleko langileek "hitzarmen duin" bat eskatu dute
Eguaztenero, geldiuneak egiten ari dira. Langileen %100ek babestu ditu lanuzteak, baina gerenteak ez duela eurekin batzartu gura esan dute sindikatuek.
2022ko urte amaieratik hitzarmenik barik ari dira lanean Losaleko beharginak, eta akordio «duin» bat lortzeko borrokan beste pauso bat eman dute azken asteetan: eguaztenero geldiuneak egiten ari dira, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta.
Sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dutenez, 2022an gerentzia aldaketa egon zen enpresan, eta kudeatzaile berriak ez duela “hitzarmen duin” bat sinatu gura adierazi dute: “Losalen ordezkaritza duten sindikatuek proposamen bateratu bat egin genuen, langileen soldatei zein horien baldintzei, baimenei, lizentziei edota lan orduei buruzkoa. Bestalde, enpresak soldata igoerari buruzko proposamena egin zuen, duina ere ez zena”.
Beraz, sindikatuek salatu dute enpresak “ez duela borondaterik negoziatzeko“, ez eta “hitzarmen duin eta osatu bat” egiteko ere. “Enpresak ez du proposamen oso bat egin, eta egin duen hori ez da nahikoa izan. Hitzarmen duin bat behar dugu, baina ez soldatei lotutako hitzarmen duin bat bakarrik. KPI duin bat bermatzea eskatzen dugu, bai, baina langileen eskubideak ere duinak izan behar dira. Uste dugu ikuspegi oso bat bermatu behar dela akordioan. Eta hori negoziatzeko borondaterik ez dauka enpresak”, gehitu dute.
KPIari dagokionez, langileek azken urteetan %10eko eros ahalmena galdu dutela diote. Ondorioz, KPIa bermatzen duen akordio “osoa” nahi dute. “2022ra arte beti sinatu izan dute KPIa bermatzen zuen akordioa, baina orain, galdu egin dute. Pandemiatik, langileek %10eko eros ahalmena galdu dute. Eta, aurten ere, gutxienekoa izango litzatekeena ere ez diete bermatu. Ondorioz, gerenteak langileak probetzea bultzatzen du, berak enpresa gehiago erosi ahal izateko”.
Egoera horren aurrean, hitzarmen “duina” eskatzen dute langileek. Izan ere, 2020 eta 2021 urteetan, pandemia tarteko, ez zuten KPIaren araberako soldata igoera jaso, eta oraindik “egoerak berdin” jarraitzea salatu dute. ”Pandemiaren urte horietan igoera ez jasotzea ulertu genuen, eta ez genuen kontrakorik adierazi. Baina onartezina da horrela jarraitzea”, adierazi dute lanuztean bildutako langileen delegatuek. “Urte eta erdi daramagu hitzarmena lortzeko borrokan. Losaleko arduradunak, baina, egitura aldaketak besterik ez ditu egin. Ez duela dirurik dio, baina enpresak erosten ari da”, gehitu dute.
Delegatuek adierazi dutenez, langileen %100ek babestu ditu lanuzteak, eta hilabetea amaitu bitartean, “behintzan”, horrela jarraitzeko asmoa dute: “Helburua da lanuzteen bitartez enpresak proposamen oso bat garatzea”. Hala ere, langileek gaur jakin dute enpresa euren “lanpostuak betetzen saiatuko” dela, eurak lanuztea egiten ari diren bitartean: “Ahalegindu egingo dira, baina ez dute lortuko”. Momentuz lanuzteekin jarraituko dute, baina langileen grebarako oinarrizko eskubidea urratuz gero, ze erabaki hartu aztertuko dutela esan dute sindikatuek.