Gernika KESBko bazkideek zuzendaritza batzordea babestu dute ezohiko batzarrean
Bilerara deitutako 420 bazkideetatik 120 bertaratu dira, eta gehiengoak zuzendaritza batzordeari babesa agertu dio. Gerardo Candina Gernika KESBeko ordezkariak jakinarazi du zuzendaritza batzordekoen postuak bazkideen esku utzi dituztela.
Mario Lopez taldeko kirol teknikaria zena adingabe bati sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari zirela jakin ostean, zuzendaritza batzordeak deituta, Gernika KESBek ezohiko batzarra egin zuen atzo [urtarrilak 16] Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan.
Bilerara joan zitezkeen 420 bazkideetatik 120 bertaratu ziren, eta gehiengoak zuzendaritza batzordea berretsi zuen. “Bertaratu diren bazkideek babesa eman digute, eta hori espero genuena baino askoz handiagoa izan da. Oxigeno eta indar apur bat hartu dugu proiektu honekin jarraitzeko”, adierazi zuen atzo Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak.
“Asanblada da kirol klub bateko organo gorena, eta guk gertatutakoari buruzko azalpenak eman nahi izan ditugu, zer egingo dugun azaldu dugu, zer protokolo ezarriko ditugun kontatu dugu, eta ondoren, bazkideei hitza eman diegu. Nahi izan duenak eduki du berba egiteko aukera, iritzia emateko eta galderak egiteko momentua, eta horrela egin dute”, azaldu du.
Candinak jakinarazi zuenez, zuzendaritza batzordekoek bazkideen esku utzi zuten euren postuekin zer egiteko erabakia, eta horiek batzordekoak babestu zituzten. “Zuzendaritza batzorde modura dugun helburu bakarra da proiektu hau erortzen ez uztea. Saiatu gara bazkideei ikusarazten asmo txarrik gabe jokatu genuela. Erabaki batzuk berandu hartu genituela eta akatsak egin genituela onartu dugu, eta parkamena eskatu dugu”, esan zuen Candinak.
Juan Carlos Soto del Castillo abokatuak gogoratu zuen Gernika KESB Lopezen aurkako prozedura judizialean pertsonatu dela, eta horrela izango dutela prozesu judizialaren jardueren berri: “Ez dakigu zein egoeratan dagoen instrukzioa, ez eta sexu erasoaren salaketaz gain besteren bat dagoen. Prozedura judizialean pertsonatuta informazioa eduki ahal izango dugu”.
Klubak Ibon Torrealdai izendatu zuen adingabeen babeserako arduradun, eta hark atzo jakinarazi zuen ordutik oinarrizko talde guztiekin batu direla, protokoloaren neurriak azaltzeko: “Gune segurua ziurtatu gura dugu, indarkeria egoerak bereizten dituena, eta horretarako, talde guztietako kideei nola jokatu jakiteko tresnak eskaini dizkiegu, onartezinak diren kasuak azalduz, eta zeozer nabaritzen dutenean zelan jokatu behar duten esanez”. Sistema horren oinarrian detekzioa dagoela esan zuen, eta komunikaziorako barne kanalez gain, kanpoko kanalak ere eraiki dituztela zehaztu zuen Torrealdaik, “Jaurlaritzako zerbitzuekin komunikatzeko”.
Beste biktimaren bat egon litekeen galdetuta, biek ala biek ziurtatu zuten “ez daukatela halakoaren berririk”.
Atzoko ezohiko batzarretik, bazkide bat arinago atera zen, zuzendaritza batzordearekin desadostasuna agertuta. Haren berbetan, “zuzendaritza batzordekoek bazkideei esan zieten, eurek jarraitu ezean, proiektua bertan behera” geldituko zela. “Jakina da zuzendaritza batzorderik ez badago, eta leku horretan egon gura duen inor aurkezten ez bada, proiektua desegin egingo dela”, erantzun zuen Candinak. Klubeko abokatuak gehitu zuen zuzendaritza batzordekoek “edozein momentutan” aurkez dezaketela euren dimisioa, eta hala egingo balute, hauteskundeak deitu beharko lituzketela: “Eta, zuzendaritza batzorderik aurkeztuko ez balitz, hurrengo ezohiko batzarrean kluba desegin beharko litzateke. Ez dute mehatxurik egin, egoera azaldu dute”.