Euskal Karabanarako janari-bilketa hasi du Besaldek
Eskualdeko hezkuntza zentroetan eta Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetan batuko dituzte Saharara bidaltzeko jakiak eta konpresak. Euskal Karabanaren 20. aldia da aurtengoa.
Besalde (Bermeo Sahararen Alde) elkarteak Sahararen aldeko janari-bilketa jarri du martxan, beste urte batez. Aurtengoa Euskal Karabanaren 20. aldia izango da. Piztu itxaropena lelopean egiten ari diren kanpainak herri sahararrari “ahalik eta elikagai gehien” eramatea du helburu, errefuxiatuen kanpamenduetan daukaten elikagai falta asetzeko.
Janari-bilketa Busturialdeko hezkuntza zentroetan egiten dabiltzala adierazi dute Besaldekoak. Ekarpena egin nahi dutenek urtarrilaren 26a arte (barikua) izango dute aukera. Horrez gain, Bermeoko San Frantzisko elizako arkupeetan ere jakiak jasotzen ari dira, aurreko urteetan bezala, 18:30etik 20:00etara. Elkartetik nabarmendu dutenez, Busturialdean arroza, egoskariak, pasta, azukrea, atuna oliotan eta sardinak bilduko dituzte. Janariaz gain, konpresak biltzearen garrantzia nabarmendu dute. Bestalde, ekarpen ekonomikoak ere onartzen dituztela gogorarazi dute elkartetik; honako hau da horretarako kontu korronte zenbakia: ES62 2095 0314 3091 0499 5077.
“Han erakundeek eta herriek bidalitako laguntzarekin baino ez dira bizi”
Besalde elkartetik ahalik eta elikagai gehien biltzearen garrantzia azpimarratu dute, “errefuxiatuak bizi” daitezen: “Saharar herriak 48 urte daramatza Aljeriako basamortu latzean Marokok okupatutako euren benetako herrialdera noiz itzuliko itxaroten (Mendebaldeko Sahara). Basamortu horretan ez da ezer hazten, ez dago urik, ez elektrizitaterik, han erakundeek eta herriek bidalitako laguntzarekin baino ez dira bizi. Horregatik, Sahararen aldeko elkarteek urtero antolatzen dugu karabana, jasotzen diren elikagaiak basamortura bidaltzeko”.
Eskualdeko herritarrek eta udalek aurreko 19 urteetan izandako “harrera eta eskuzabaltasuna” eskertu, eta aurten ere parte hartzera animatu dituzte. Iaz Busturialdean 2.058 kilo jaki bildu ziren, 2022an baino 2.052 kilo gutxiago (4.110 kilo).
Martxoaren hasieran abiatuko da Euskal Karabana basamorturantz. Hala ere, oraindik ez dute egun zehatzik erabaki. Euskadiko Saharar Ordezkaritzak zehaztuko ditu data eta nondik irtengo den.