Kaleetako lika garbiketagaz jarraitzen dute Mundakan
Abenduko lehen txandaren ondoren, bigarrenean Jose Mari Egileor kalea, Joseba Deuna kalea eta Belen Zeharkalea atondu dituzte udaleko zerbitzuek.
Mundakako Udalak udalerriko kaleetako nahiz espaloietako lika kentzeko obra lanekin aurrera egin du egunotan. Udaleko Obra, Zerbitzu eta Mantentze saileko lantaldeak kaleetako inguru zikinak eta irristakorrak garbitzeko lanak egin ditu, mundakarren segurtasuna nahiz irisgarritasuna bermatuta egon daitezen. Herriko gune jakin batzuetan egin zituzten lanak 2023ko abenduan, eta orain beste eremu batzuetara zabaldu dituzte, baina aurreratu dute oraindik ez daudela amaituta.
Izan ere, Mantentze saileko zinegotziak, Mikel Bilbaok, iragarri du “herri osora” zabaldu gura dituztela garbiketa beharrok: “Badakigu udalerriko inguru askotan dagoela lanok egiteko beharra, baina gunez gune eta apurka-apurka joango gara garbiketa egiten”. Garbiketen bigarren txandan Joseba Deuna kalea, Jose Mari Egileor kalea eta Belen Zeharkalea atondu dituzte udaleko zerbitzuek.