Jatetxe Nabarniz, 2023ko Bizkaiko Zaldi Proba Txapelketako garaile
Etxean geratu da Bizkaiko Zaldi Proba txapelketako garaikurra: Jatetxe Nabarnizek irabazi du Bizkaiko txapelketa, herritarren aurrean. Txori izan da Bizkaiko Kinttopekoen lehiaketako txapelduna.
Etxekoen aurrean irabazi du Bizkaiko Zaldi Proba Txapelketa Jatetxe Nabarnizek. Domekan [urtarrilak 14], lehiatu zuten finala Nabarnizko frontoian, eta hiru finalisten artean onena izan zen nabarniztarra. Txori gailendu zen Bizkaiko Kinttopekoen lehian.
Etxeko ikusleen berotasuna jasota gailendu zen Jatetxe Nabarniz: 64 untza lortu zituen. Lan gogorra egin behar izan zuen garaipena eskuratzeko, final estua izan baitzen lehiatutakoa. Izan ere, bigarren sailkatu zen Enkarterri Turf Powerrek 63 untza, 1/2 eta 0,30 zentimetroko marka lortu zuen. Hirugarrena izan zen Garcia Alabak ere aurkariengandik gertu ibili zen, 60 untza eta 2,90 zentimetroko marka eginda.
Bizkaiko txapelketa ez da izan Nabarnizek asteburuan hartu duen lehia bakarra. Izan ere, zapatuan [urtarrilak 13] Bizkaiko Kinttopeko finala lehiatu zuten bertan. Final hori ere “oso parekatua” izan zen, azken metroetan erabaki baitzen irabazlea. Txori gailendu zen, 52 untza, 3/4 eta 11 zentimertroko markagaz, eta Belaustegi geratu zen bigarren, 52 untza, 3/4 eta metro bat eta 64 zentimetro lortuta. Garcia Alabaken marka, aldiz, baliogabetu egin zuten epaileek.