Hezetasun arazoen ondorioz, bertan behera utzi dute Winter Seriesaren 11. jardunaldia
Olharan-Del Rio eta Erik-Bailo bikoteen arteko partidua lehenengo jokoaren 8 eta 7eko emaitzagaz eten eta atzeratu egin dute. Datorren astelehenean (urtarrilak 22) berrekingo diote partiduari, eta, beraz, bi partidu jokatuko dituzte egun horretan, 11. jardunaldiari eta 12. jardunaldiari dagozkionak.
Hezetasunak baldintzatutako jardunaldia izan da Eusko Label Winter Seriesaren 11. jardunaldia. Baldintza horietan jokatzea “ezinezkoa” zela iritzita, arduradunek partidua bertan behera utzi eta atzeratzea erabaki zuten atzo [urtarrilak 15]. Eraman enpresaren ordezkariek atzo esan zuten “partidua lehiatzeko baldintza egokiak eta seguruak” daudenean berrekingo zietela partiduari, eta gaur jakinarazi dute datorren astelehenean (urtarrilak 22) jokatuko dutela. Horien ostean lehiatuko dute 12. jardunaldia, Arbe-Manzi eta Ladutxe-Gorka bikoteek.
Olharan-Del Rio eta Erik-Bailo (David Minvielle lesionatu eta Bailok ordezkatu zuen) bikoteen artekoa izan zen ligaxkako atzoko partidua, eta Olharan eta Del Rio puntu bakarreko aldeagaz (8-7) aurretik zeudenean (lehenengo atsedenaldian) eten zuten lehenengo jokoa. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, partiduaren hasieran Jai Alai frontoiko hormak heze zeuden, eta 2.000 zaleak sartu ahala, “egoerak okerrera” egin zuen: “Zorua labainkor egon zen, pilotarien segurtasuna arriskuan jarriz, eta pilotak bere ohiko efektu naturala ez zuen hartzen”. Zehaztu dutenez, pilotariek eurek eskatu zuten partidua bertan behera uztea. Neurketa erabakigarria da, finalerdietarako txartela jokoan baitute bi bikoteek.
Sarrerei dagokienez, partidurako sarrera erosi zutenei dirua itzuliko dietela adierazi dute (webguneren bidez zein txarteldegian erori dutenei itzuliko zaie).
Bestalde, gaur 15 minututan agortu dira lehenengo finalerdiko sarrerak (urtarrilak 29). Goikoetxeak eta Lekerikak Johan eta Lopezen kontra jokatuko dute.