"Giro ederrean" hasi dute urtea Lilibertsokoek
70 lagun inguru elkartu ziren kulturarako fabrika sozialean, eta antolatzaileak "pozik" daude sortutako giroaz.
Beste urte batez, Lilibertsok antolatzen duen urtarrileko bertso afarian elkartu ziren bertsozaleak joan den barikuan [urtarrilak 12], Astran. “Saio eta giro politaz” gozatu zuten bertaratu zirenek, izan ere, Onintza Enbeitaren eta Andoni Egañaren bertsoek girotu zuten egonaldia.
70 lagun inguru elkartu ziren kulturarako fabrika sozialean, beste urte batzuetan baino “apurbat” gutxiago. Hala ere, antolatzaileak “pozik” daude sortutako giroaz: “Nahiz eta beste urte batzuetan jende gehiagora ohituta egon –90 lagun inguru elkartu ziren iaz–, pozik gaude. Izan ere, guretzako gure artean egoteko hitzordua izaten da urtarrileko bertso afaria. Garrantzia ematen diogu bertso afariaren prestaketa lanak lagunartean egiteari eta elkarregaz denbora igarotzeari. Zaintza lan hori egiten ahalegintzen gara”.
Hori eta jendea “gustura” egotea dira Lilibertsokoen helburuak, eta, beste behin, asmatu dute. “Zerbitzu oso ona eskaintzen dugu, eta jendea pozik egoten da jatekoagaz; bertsoez ere gozatzen dute. Bertaratutakoek esandakoaren arabera, pozik geratu ziren”.