Gabon kantekin mundua eraldatzea
La Cuadri Del Hospi taldeak dohaitzan eskuratuko ditu abenduan Mundakako Kasinoan egindako Gabon kanten lehiaketatik jasotako 700 euroak.
Gabon sasoian bete-betean murgilduta [abenduaren 17an], Mundakako Udalak, IGEgaz (Ikasle Gurasoen Elkartea) elkarlanean, Gabon kanta lehiaketa herrikoia antolatu zuen, Kasinoan. Udalerriko umeei bereziki zuzendutako egitasmoa izan zen hura, Mundakako ohiturak nahiz ezagutzak berreskuratzea eta musikarekiko zaletasuna sustatzea jomuga nagusitzat zituena. Txapelketa arrakastatsua izan zen, eta 349,81 euro bildu zituzten, helburu solidarioetara bideratuta.
Helmuga hori, hain zuzen ere, La Cuadri Del Hospi elkarteari laguntza ematea izan da aurten eta, horrenbestez, talde horrek jasoko du bildutako diru kopurua. Udalak, gainera, diru kopurua marduldu egin du eta, guztira, La Cuadri Del Hospi taldeak 700 euro poltsikoratuko ditu dohaitzan. Gurutzetako ospitalean prozesu onkologikoekin ospitaleratuta dauden umeen gurasoek osatzen dute elkarte hori. Udal ordezkariek “bihotz-bihotzez” eskertu dizkiete bai mundakarrei, bai eskola komunitateari ekimen hori egiteko erakutsitako “borondatea eta solidaritatea”.